Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza

Jokin Bergara-(r)en argazkia Jokin Bergara 2019-05-16
Argazkiak: Andoni Lubaki

Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza –

 “Idazten jartzen naizenean saiatzen naiz literarioki testu ona egiten”

 

Bertsoak musikara eramaten edo musika bertsoetara ekartzen aitzindarietako bat izan zen Xabier Amuriza (Etxano, Bizkaia, 1941). Herrietako istorioekin bertso jarriak egin eta musikarekin kantatu, Korrikarako eta ekitaldietarako letrak idatzi, Oskorri edo Imanolentzat letrak egin edo Anje Duhalderekin diskoak ere argitaratu izan ditu. Ibilbide landua dauka bertsogintza eta kantagintzaren arteko harremanean. Herri iruditerian geratu diren kanta askoren hitzen egilea da. Bere esperientziaren berri izateko, Andikoa auzo baketsuan elkartu gara udazken hasierako arratsalde eguzkitsu batean, anekdotaz jantzitako kontakizun eta teorizazioak entzuteko inguru paregabea.

 


 

70eko hamarkadaren bukaera aldera egin dezakegu topo zure lehenbiziko kantuen letrekin. Zerk motibatuta hasi zinen kanten letren sorkuntzan?

Lehenik eta behin bertsolari gisa hasi nintzen plazan. Kartzelan eginak nituen sortak, baina plazan bertsolari aritu gabea nintzen, 76an egin nuen debuta, Gernikan, Oskorrirekin batera. Gogoratzen naiz saio hartan bertan, langileen grebarekin zerikusia zuen gai bat jarri zidatela, hiru bertso kantatu nizkion gaiari. Oskorri bertan zegoen, gustatu zitzaizkion nonbait eta disko batean kantatu eta grabatu zituen. Hori izan zen nire lehenengo esperientzia, nik sortutako hitzekin musikari batek kanta bat egiten zuena.

Handik aurrera, eskariei erantzuten aritu nintzen batik bat. Enkarguak pasatzen zizkidaten, eta nik hitzak jarri. AEK-k, Oskorrik berak edo beste kantari batzuk ere eskatzen zizkidaten letrak. 78tik 81erako garaian, Gontzal Mendibilekin batera, tokian tokiko bertsoak jartzeko lanean aritu nintzen, eta, gero, musikariek laguntzen ninduten. Bertso jarriak ziren, baina ez zeukan zerikusirik gaur egun egiten diren bertso saio musikatuekin.

80ko hamarkada hasierako giro sozial eta politikoa gogorra zen. Garai hartan idatzitako letrek aldarrikapen kutsua dute normalean. Nola eragin zizun giro soziopolitiko hark letrak idazterako orduan? Uste duzu bertsotan esan ezin zenezakeena esateko aukera ematen zizutela kantek?

Esan behar dugu bertsotan ere bi modalitate daudela, elkarren artean oso ezberdinak direnak. Bat-batekoak eta bertso jarriak. Nik behintzat, bertso jarriak ez ditut egiten inola ere bat-batekoaren mekanismoarekin. Poema bezala ulertzen ditut, neurturik eta errimaturik egongo dira, baina ez dago betelanik, prozesua ezberdina da. Kantarako letra eskatzen didatenean ere nik bertso jarrien prozesu antzekoa erabiltzen dut. Bietan ere poema bat egiten ari naiz, ematen zaizun gaiari erantzuten saiatuz.

Giro sozial eta politikoarena, ba, garbi dago eragina izan zuela. Euskal Herrian euskaraz da nire letrarik ezagunenetakoa, eta enkargua pasa zidatenean, jada aldarrikapena, mezua eta giroa ere pasatzen dizute. Oskorriri ere egin nion letra (Nafarroa kantarena) hortik gutxira, azkenean ‘Euskal Herriaren batasuna’ ematen badizute gaia, aldarrikapena gaian bertan badago, emana dator. Zailena da “egin nahi duzuna” esaten dizutenean.

Beraz, nahiago duzu gaia emanda etortzea? Bertsolariak aritzen dira gai librean ere, eta batzuk erosoago aritzen dira formatu horretan. Sortzaile-bertsolari ikuspuntutik, zer erronka eskatzen dizkizu sorkuntza libreak? Paralelismorik egin daiteke plazako jardun librearekin?

Plazako jardunarekin paralelismo gutxi, beste ibilbide bat darama bertsoak hor. Bat-batean edo txapelketetan baloratua izan daitekeen metrika, zorroztasuna eta errima alde batera uzten ditut idaztean, era zabalagoan eta era literarioan osatu nahi dut testua. Azkenean, bertsoak eskatzen badizkizute, bertsoak onak edo oso onak izan behar dira.

Egia da tematika batzuk exijenteagoak direla, bere eduki politikoagatik edo. Baina badaude beste batzuk askatasun gehiago lagatzen dizutenak. Esaterako, Tapiak eta Leturiak festa girorako letra eskatu zidaten, ondoren Hik lan eta nik jai izango zena. Hor ez daukazu hainbesteko zamarik, baina beti ere gauza elegante bat eman behar duzu.

Bertsoa, poesia, kantagintza… genero ezberdinak direla esaten da. Sormen prozesu aldetik, zertan esango zenuke ezberdintzen direla gehienbat?

Bertso jarrien eran baldin bada, ez dut uste alde handirik dagoenik. Bat-bateko bertsoetan ahokadak edo panfletoak botatzeko arriskua egoten da eta hori ekidin nahi dut. Idazten jartzen naizenean, saiatzen naiz literarioki testu ona egiten, giro bat adierazten duten testuak, beti ere inor mindu gabe.

Batzuetan pasatzen dituzten gaiak ere oso gogorrak izaten dira. Niretzat gogorrena Gurutze Iantzirena izan zen, torturatua eta hila. Anje Duhalderi musika eta niri letra eskatu ziguten, eta benetan gogorra egin zitzaidan. Hor bai, behar da poesia… metaforak eta bestelako baliabideak bilatu behar dira, baina gaiari ere ezin diozu hutsik egin. Edukia eman behar diozu, poesiaren barrutik konparazioak-eta harrapatu behar dituzu, indarra emanez, baina suntsitzen hasi gabe.

Gurute Iantzirena moduko egoera latzei idaztean, poesia da gauzak adierazteko biderik egokiena?

Poesiak salbatu egiten zaitu. Halako samin baten aurrean, zer kantatu behar duzu, ba? Poesia salbatzailea da. Nahiz eta egia izan eta prosan beste era batera esan, adierazi behar duzu mina, adierazi behar duzu biolentzia ere… baina ezin duzu direktoki esan. Direktoki biolentzia adieraztea ez zait ona iruditzen. Zinean ere gertatzen da; tiro bat nahikoa den lekuan, hogei sartzen badira, hemeretzi horiek soberan daude. Ikuskizunerako biolentziaz baliatzea da hori. Kantetan ere berdin, mina adierazi behar baduzu, poesiak laguntza handia egiten du. Noski, poesia ona izan behar da konparazioan. Konbintzenteak izan behar dute bai kausarako, baita hilaren gertukoek sentitzeko modukoak ere, ez panfletarioak.

Kantagintzan eduki duzun ibilbideak balio izan dizu gero bat-bateko bertso jardunerako? Mezuak, baliabide literarioak, ideiak edota landutako errimak ekartzeko?

Bai, argi dago. Nik beti esan izan dut bat-bateko bertsolaritza den arren arrakasta zabalena duena eta jendeari gehien gustatzen zaiona, bertso jarrien kalitatea gorago dago beti, aurrerago doa. Bertso jarrietan metrikak, errimak edo baliabideak erabiltzen badituzu, zure buruan dabiltza, ez dituzu ehuneko ehunean aplikatuko, baina etorriko dira moduren batean edo bestean, buruan dabiltzalako.

Esaterako Mendian Gora Haritza jarritako bertsoak dira, kontzientzia osoz jarriak gainera, azkeneko hitza ere ondo pentsaturik, ez bakarrik pentsaturik, ustez ondo aurkiturik ere. Orduan, atera izan ditudan doinuetan eta, aurretik erabiliak nituen eta ideiak buruan ibiliak.

Idazlea eta zutabegilea ere izan naiz. Txapelketan ideia batzuk erabiltzen nituen aurrez zutabeetan erabiliak. Batzuek esaten zuten: “Nondik dabil hau? Ikasitik eta…”. Baina zergatik ez nituen erabiliko zutabeetan jendeari gustatu izan zitzaizkion ideiak, ustez egokiak?

Kantagintzan ere berdin, bertso jarrietan aurreratu baduzu literarioki, erritmoak diferenteak izan arren, ekarriko duzu aurretik erabili duzuna letrak idazterakoan.

Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza

Bertsoa bat-batean, unean eta tokian sortua da. Kantetarako letrak, aldiz, sortzeko denbora eta pentsatzeko lasaitasunarekin ekartzen dira. Zure esperientziatik, zeinek du jendearengana iristeko ahalmen handiagoa? Edo zein modutan eragiten du jendearengan bakoitzak, mezuak antzekoak direnean?

Kalitatez ezin dira antzerakoak izan. Bat-batekoak unean bertan sor dezake txalo zaparrada izugarria, baina hor joan da normalean. Egia da batzuk geratzen direla, niri gertatu izan zait plazaren batean, —lehen aipatu dudan Gernikako saioan, adibidez—, bertso batzuk jendearen buruan geratu izana. Aurreko batean batek goitik behera kantatu zizkidan orduan botatakoak. Izugarrizko poza hartu nuen.

Gero, beste bertso batzuk ere musikariek hartu izan dituzte eta jendeak ikasi egin ditu, ez bertsolariak momentuan kantatu dituelako, ondoren musika jarri diotelako baizik. Egaña eta Peñagarikanoren ofizioa Negu Gorriakek musikatu zuenean bezala. Baina oso kasu bereizia da hori, musikariak testu landuak nahi izaten ditu.

Sortzailearen jokabidearen aldetik esan nahi dut. Izaten da diferentzia, publiko jakin baten aurrean kantatzean edo paper zuriaren aurrean sortzean?

Bat-batean ari zarenean parean duzun jendearengana iritsi nahi duzu, eta ezin da metafora abstrakturik eta holakorik erabili, ez du balio. Kantetan ere, gertatzen da hasiera batean jendeak ez ulertzea edo. Mendian Gora Haritza lehendabiziko aldiz kantatu nuenean jendaurrean, Aulestin izan zen, baina ez zitzaien aparteko ezer iruditu. Gero Imanolek musikatu zituenean, jendea behin eta berriz kantatzen hasi zen, eta arrakasta eduki zuen.

Irakurtzea bezala da. Testu idatzi batek, ulertu ez baduzu, behin eta berriro irakurtzeko aukera ematen du. Bat-bateko bertsoa, ordea, hor joaten da.

Badago joera gurean, inguruko kulturetan horrenbeste ez dagoena, letren munduan dabiltzanei, batez ere bertsolariei, kanten letrak eskatzekoa. Musikariek beraiek idatzi ordez, elkarlan hori bilatzen da sarri. Nondik dator joera hori, bertsolarien generoa ez denean per se?

Gure mundu txiki baina aldi berean handian bertsolariek badute prestigio eta ospe bat, eta kantariek pentsa dezakete bertsolariaren izena erabiltzeak mesede egin diezaiekeela agian… Baina hemen idazleek ere letra asko egin izan dituzte: Atxaga, Sarrionaindia… Beharbada harremanak hurbilak direlako izango da, ez dakit fenomeno hori zergatik den.

Frantsesez eta gazteleraz ez dago tradizio hori. Baina gazteleraz adibidez, poeten, nolabait bertsolari kultuen, poemak kantatu dituzte harrotu arte. Bertsolarien kasuan, errazena hori da, agian, gertuen dagoena bera baita. Garantia bat ere ematen du. Egia esan, kanta askoren letrak txarrak dira. Kanta batek indarra behar du, elegantzia bat. Korriente bat haizeak eramateko da.

Zure esperientziatik, konbinazio berriak bilatzen dituzten taldeak eta bertsoa bestelako eremuetara eramaten ari direnak, uste duzu arrakastatsuak izan daitezkeela?

Ez nago oso jarria, bertsolaritza Anbotoz bestaldeko gauza bat bezala bizi dut. Etxean ere badaukat, baina ez dakit eskaria nola dagoen. Oraindik kantatzen ari nintzela, bertso saio musikatuak eta bazeuden, baina ni horretarako ez nengoela esan nien, amaitzen ari nintzela eta ez nintzela horretan sartuko. Entzun izan ditut bertso egunean-eta, baina ez dakit ondo nondik nora doan.

Nik letra bat hartzen dudanean kalitatea eskatzen dut, berdin zait Hip-Hopa edo zer den, baina kalitatea badago balio du. Beste kontu bat da balio duen formula gisa, musikalki eta abar… Esaterako, segidillarena badakit jendeari asko gustatzen zaiola, espektakularra da, baina testu moduan ez du batere balio. Orduan, kanta baterako idazten duzunean, musika kenduta ere balio behar du testuak.

Bat-batekoa utzi duzun arren, kantak idazten jarraitzeko asmorik baduzu?

Bat-batekoa erradikal laga nuen. Ez zait orain momentuan bertsolaritza asko interesatzen, eta bat-batekoa utzia dut. Beste gauza bat da, baten bat letra bat edo bertso jarriak eskatzera hurbiltzen bazait, ba, agian egingo dut. Nik kanta asko egin izan ditut, eta badakit kantaren arrakastari asko musikariak edo kantariak ematen diola. Gorakada moduko bat sentitzen dut kanta horietako batzuk entzutean.

Uste dut letrak ere nahiko onak eta beste batzuk oso onak egin izan ditudala, baina kalitatea ez da bakarrik zabaltzen. Musika ona izan behar du, kantagarria izan behar du, jendeak kantu-afarietan eta horrelakoetan kantatzeko aproposa.

 

Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza  Bertsolari letra-egileak: Xabier Amuriza