Xabier Aierdi Urraza: “Bertso-mundua tradizio moderno bat da”
Xabier Aierdi –
Xabier Aierdi Urraza. Zeberio (Bizkaia) 1957.
Soziologia eta Politika Zientzietan (Deustuko Unibertsitatea) eta Kazetaritzan (EHU) lizentziatua. Doktorea da Soziologian eta EHUko Soziologia fakultateko irakasle titularra izan da oraintsu arte. Pixkanaka, erretiroa hartzen ari da unibertsitateko lanetatik. Migrazio, identitate eta etnizitate gaietan aditua da, eta bere ikerlan gehienak gai horien gainekoak izan dira. Hainbat ikerketatan hartu du parte, bai eta hainbat kongresutan ere. Immigrazioaren inguruko argitalpen ugari ditu, eta arlo horretako hainbat proiekturen sortzaile eta bultzatzaile izan da. Berak sortu zuen IKUSPEGI, Euskal Immigrazioaren Behatokia, eta bertako zuzendari izan zen hainbat urtez. 2011n, Jose Antonio Oleagarekin batera, BEGIRUNE sortu zuen: Immigrazioaren Ikerketarako Laborategia. Euskara eta euskal kultura aztergai duten hainbat ikerketatan ere parte hartu du, gaiari buruzko hainbat argitalpen ditu eta hitzaldi zenbait ere eskaini izan ditu. Hauek dira landutako zenbait gai: etorkinek zer hizkuntza dakizkiten eta horrek zer zerikusi duen euskararen egoerarekin; euskaraz egiten duten hedabideen egoera; abertzaletasuna eta euskara; euskal kultura nola eraikitzen da gaur egun… II. eta III. Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoetako iker-taldeko partaide izan da. |
BERTSOZALETASUNAREN AZTERKETA SOZIOLOGIKOA: ZERGATIK ETA ZERTARAKO
-Zergatik eta zertarako jotzen du kultura eragile den elkarte batek azterketa soziologiko batera?
Ezagutza soziologikoak lagundu diezaioke edozein eragileri jakiten non dagoen, zelan dagoen, zein den berak duen lurra, zein den daukan eremu finkoa, nola ikusten den kanpotik ekimena… Gauza askotan. Ez gaude ohituta horrelako lanetara.
–III. Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa da hau. Azken bietako lan taldean egon zara zu. Zertan izan dira berdinak eta zertan ezberdinak bi azterketak?
Hari bat badago. 2005ean hasi ginen, eta orain 2016-2018 bitartekoa egin dugu. Aurrekoan hari bat atera genuen, eta esaten genuen gaur egun bertso mundu guztia tradizio moderno bat zela. Hari horrek jarraitu egiten du: 2005eko ikerketan sustraiak zeuden, eta orain areagotu ez ezik, nolabait frogatu egin da.
Bi elementu horiek uztartzea fenomeno oso kuriosoa izan da. Agian ez zela posible pentsatzen genuen, baina urteak pasatu ahala ikusi dena da nola berritu daitekeen tradizio bat osagai modernoekin, gizarte moderno batean. Eta nola, hein batean, bertsolaritzan gertatu den fenomenoak lagundu diezagukeen euskal gizartea ezagutzen eta euskal gizarteak izan dituen eraldaketak ezagutzen. Hau da, bertsolaritza, bertsogintza eta bertsozaletasuna ―azken finean, bertso sistema osoa― eraberritu egin da, baina, azken finean, gizartearen isla da eta gizartea ere hor islatu daiteke. Hau da, gizarte bat zeina erro batzuk mantentzen dituen, baina, era berean, oso modernoa den. Nire ustez, hori da garrantzitsuena, eta batzuetan ez zaigu gustatzen bi elementu horiek uztartzea: badirudi tradiziotik gehiago izan behar duela modernotik baino. Baina, era berean, horretan datza, bi elementu horiek uztartzean, eta nola egiten duen posible gizarteak hori posible izatea, oso inportantea da.
-Azterketa bi lanen gainean oinarritzen da: ikerketa kualitatiboa eta ikerketa kuantitatiboa. Zer informazio ematen du bakoitzak?
Biak bereiztea oso garrantzitsua da. Normalean, soziologian, ikerketa kualitatiboa aurkikunde eremua izaten da. Zerbaiten gainean gehiegi ez dakizunean, edo zerbaiten gainean dakizun guztia amaitu denean, ikerketa kualitatibora jo behar duzu. Ikerketa kualitatiboan egiten dena da fenomeno bat jendearekin intentsitatean eta sakoneran aztertu. Kuantitatiboak egiten duena da zabaleran neurtu. Baina oso garrantzitsua zen kualitatiboarekin hastea. Azken finean, izan da bertso munduko protagonistei galdetzea nola ikusi duten, barrutik, bilakaera guztia. Gero, hor agertzen diren datuekin eta ikusten diren joerekin, kuantitatiborako galderak diseinatzen dira. Ondoren, ikerketa kuantitatiboko erantzunek esango digute horko kezka eta iritziak zenbateraino dauden zabalduta sistema guztian. Gainera, uste dut oraingo honetan eskertzekoa dela Harkaitz Zubirik egin duen ikerketa kualitatiboa. Ikaragarria da gaia aztertzeko erakutsi duen zorroztasun maila eta zer sakonerako elkarrizketak landu dituen.
Elkarrizketa sakon horietan, protagonista asko uste duena baino gehiago esaten ari da, eta guri dagokigu deszifratzea edo deskodetzea esaten duten horrek zer esanahi duen.
-Ez zarete datuak jasotzera mugatu. Ebidentziak jaso eta ebidentzia horien gaineko hausnarketa egitea izan da zuen helburua.
Bai, batzuetan oso zabaldua dago “hemen ez da behar hainbeste teoria, hemen egin behar dena da ekin” dioen ustea. Kurt Lewin soziologoak zioen ez zegoela ezer praktikoagorik teoria on bat baino. Zuk beti teoria batetik abiatu behar duzu. Beste kontu bat da, esperientzia beti doala teoriaren aurretik. Orduan esperientzia eta bizipenetatik ateratzen dituzu hari mutur batzuk, eta galdetzen diozu zeure buruari: “Hemen zer ari da gertatzen?”. Eta, hortik hasita, teoriara jo behar da. Eta ikusi teoria horrek zenbateraino azaltzen duen zuk deszifratu duzuna edo zure bizitzan halako batean harriduraz ikusi dituzun kontuak. Azaltzen badu, ederki. Eta azaltzen ez badu, ikerketa kualitatibora jo behar da, jendeari galdetu: “Hau gertatu zenean zer gertatu zen? Beste hau zergatik egin zen? Nola bizi izan zenuen zuk beste hura…?”. Ikusteko norbaiti gertatu zaion esperientzia bat zenbatean den esperientzia zabalago bat. Hainbati gertatu zaionean antzeko kontu bat ez da norberaren arazoa, arazo soziologikoa baizik. Hori da ikerleak bilatzen eta deszifratzen duena. Ikerleak egin behar duena da ikusi jendeak esaten duenetik zer atera litekeen, prozesu zabalagoetan aztertuta. Prozesu hori oso liluragarria da.
Esaterako, bertso formatuetan ematen diren etengabeko eraberrikuntzak. Horrek adierazten du oso postmodernoak garela. Hau da, ezin dugula errepikatu zerbait, ohikeriazkoa iruditzen baitzaigu. Beraz, modernotasun edo postmodernotasunaren ezaugarri bat izan daiteke esperimentazio etengabean egotea. Horrelako fenomenoek adierazten dutena da gure buruaz irudi bat daukagula, baina praktikan beste gauza bat egiten ari garela. Hori da deszifratzea eta deskodetzea: ikustea zer esanahi egon litekeen egiten den horretan.
BERTSOLARITZAREN BILAKAERA
-Bertsozaleen kezka nagusia honakoa izaten da: osasuntsu al dago bertsolaritza? Alde batetik baietz erantzun duzue, baina euskal kulturaren barnean dagoen neurrian, badira kezkatzeko motiboak.
Bai, alde batetik argi dago osasuntsu dagoela, eta datuek hala erakusten dute: daukan arrakasta ikusita, daukan presentzia, oihartzuna, dituen ekitaldiak, dagoen bertsolari kopurua, barruan dagoen bilakaera, aberastasuna, dagoen umotze eta dekantazio prozesua… horiek guztiek adierazten dute osasuntsu dagoela.
Baina beste aldetik egia da egon litekeela arriskuan, sistema kultural orokor batetik begiratuta. Bertsolaritza bera oso sendo egon liteke, baina gainontzeko esparruak ez.
Bestalde, euskal kultura osoa egon liteke, arriskuan baino, nik esango nuke uneka ahulago. Seguruenera, ez dago hainbat adierazpenetarako oinarri nahikorik. Eta oinarririk ez badago zenbait adierazpenetarako, sistema guztirako ere ez dago. Hor agertzen dira datu batzuk: euskalgintzan zenbat jende dabilen, zenbatek irakurtzen duen euskal literatura… Badaude zenbait datu kezkatzekoak, baina esango nuke horrek ez duela modu nabarmenean atzera egingo. Egia da gure espektatibak handiagoak zirela eta espektatiba horiek ez direla betetzen ari. Baina uste dut sistemak aurrera egingo duela eta, oro har, osasuntsuago dagoela ahulago baino.
-Bertsolari kopurua hirukoiztu egin da azken hogeita bost urtean (1990-2015). Saio kopuruari dagokionez, laukoiztu egin da (ez dira 90eko hamarkadakoak bezain saio jendetsuak). Zer irakurketa egin genezake eta zer ondorio ekar ditzake horrek?
Ikerketan hitz egin dugu polifoniaz, fragmentazioaz… Galdera da zenbateraino egon gintezkeen hiru abiadurako logika batean. Bertsolari kopurua hirukoiztu egin bada, beharbada egon gintezke publiko partzializatuen aurrean, eta publiko bakoitza bere saioetara joango da. Alde batetik hori ona izan daiteke, baina, bestalde, zenbat jende dago bestelako esparruetan ere kultura produktu esperimentalak ikustera joaten dena?
Posible da bertsolari guztiek kantatzea? Seguruenera ez. Horrek sor ditzake barruan arazoak? Seguruenera bai. Baina hor bi dinamika daude: batetik espektakularizazioa eta, bestetik, fragmentazioa. Nik uste dut bi horiek abiadura ezberdinetan joango direla. Pentsa dezakegu espektakularizazioaren bidez prozesua handituz eta sendotuz doala, eta, era berean, izan daiteke ahulezia adierazten duen prozesu bat. Nik uste dut denentzako lekurik ez dagoela, eta iruditzen zait piramidearen goialdera joko dugula. Baina, aldi berean, ikusten da goiko alde horretan gero eta polarizazio handiagoa dagoela, eta bertsolari batzuk entzule gehienentzat ezagunak izan arren, beste batzuk bere publikoarentzat izango direla ezagunak. Fragmentazioak espezializazioa ekarriko du, eta publiko jakin bat mugituko du espezialitate bakoitzak, eta beste zirkuitu bat egongo da ezagunagoa izango dena, estandarragoa, espektakularizazioaren bidetik joko duena. Egongo dira batzuk arlo batetik bestera saltoka ibiliko direnak, nolabait esateko, bi autobusetan ibiliko direnak. Zirkuitu estandar hori, batetik ahulagoa izango da, baina, bestalde, indartze prozesuan lagunduko du. Uste dut prozesu oso dilematikoak egon litezkeela eta erabaki zailak eskatuko dituztenak. Baina, era berean, kontsumo gizarte batean gaude, eta horrelako gizarte batean gero eta produktu gehiago daude erabili eta botatzekoak: kleenex kultura da hori. Horrelako sistemek ere eragingo dute gure aukeretan eta gure produktuetan. Ezin duguna pentsatu da hautu orokor baten izenean sistema osoa mantenduko dugunik. Egingo ditugun hautuek beharbada jende bat erre eta beste bat mantendu egingo dute, eta horrek kezkatu egiten nau. Kezkatu egiten nau gaur egun adin batetik aurrera jendea erretiratzen ikusteak: batzuk ez dira txapelketatik bakarrik erretiratzen, errealitateak eta publikoak erretiratzen ditu sistematik. Eta gero eta ordezkatze prozesu azkarragoak daudela ikusten dut.
Hori abangoardiaren logika da. Abangoardia batek beti izan behar du nolabaiteko distantzia bat bere erreferentziazko ‘masarekiko’. Beti egon behar du aurretik, baina, aldi berean, uztartu egin behar zaio jarraitzen dion jendeari. Agian sartu gara abangoardiaren abangoardiaren abangoardian, eta egin duguna da prozesuak azkartu, prozesuak gero eta laburragoak izan daitezen bultzatu, eta jarraituko duen aski jende ez izatea ekar dezake horrek. Horregatik, masa kritikoa oso garrantzitsua da.
Gure zoritxarra, oro har, euskal kulturan da gauza guztietatik ale bat baino ez daukagula: egunkari bat daukagu, aldizkari bat… Gehienetan produktu bakarra daukagu, ezin dugulako sare zabal bat izan, produktu berezituak… Agian, hori bertsolaritzan baino ezin da eman. Baina aldi berean prozesuak azkartuz eta jendea, halako indar zentrifugo batekin, sistematik botaz. Eta hori arriskutsua izan daiteke, bai barruan dagoen jendea erre daitekeelako, bai zenbait prozesu heldutasun puntu hori lortu gabe amaitu daitezkeelako.
Bertsolarien transmisioan ere garrantzitsuak izan dira belaunaldien arteko harremanak, eta gerta liteke belaunaldiek prozesua gero eta arinago amaitzea, eta behar zuten heltze prozesua ez egitea, erreflexio denborak txikitu egiten direlako. Eta, beharbada, hainbat etapa amaitu daitezke ondoriorik atera gabe: hori ere arriskutsua izan daiteke.
BERTSOLARITZAREN GIZARTE MUGIMENDUA
-Asko azpimarratu duzue bertsolaritzaren gizarte mugimendua dela bertsolaritzaren ezaugarri bereizgarriena. Mugimendu hori sare moduan osatuta dago eta nahiko autonomoa dela esan duzue.
Autonomo izateak, bere autonomia eta indar propioa garatu ahal izateak, indar handia eman dio. Beharbada, kulturako beste arlo batzuek laguntza handiagoa behar dute. Bertsolaritzak, mugimendu gisa, bi gauza lortu ditu: iraupena ―oso garrantzitsua― eta eraberritzea. Bi elementu horiek bere indar propioz garatu ahal izan ditu. Garatu ahal izan ditu eduki duelako gizarte bat ulertu duena mugimendu horrek zer nahi zuen. Gizarteak ulertu eta bultzatu egin du prozesu hori. Zentzu horretan kateaketa apartekoa izan da gizartearen eta mugimenduaren artekoa.
Autonomo izateak baimentzen diona da gaur ere autonomia hori izatea. Eta hori da muinean edozein gizarte mugimenduk hasieratik nahi duena, amesten duena: bere indar propioz garatzea.
Kontua da pelotoia zenbat taldetan zatikatu daitekeen. Egon daiteke talde bultzatzaile bat, egon daitezke beste azpitalde batzuk bide propioak hartzen dituztenak. Beti galduko da jendea tropeletik. Hori da gakoa: zenbat iraungo duen mugimenduak ahalik eta jende gehien tropelean eramanez. Hori izan daiteke etorkizuneko arazo handiena.
-Betidaniko kezka izan da Bertsozale Elkartearentzat mugimenduaren transmisioa bera. Nola erakarri proiektura belaunaldi berriak?
Epe laburrean baino, nire kezka epe luzera begirakoa da. Ez bertsolaritzagatik. Baina bertsolaritza txertatzen badut gaur egungo gizarteko prozesu dominanteetan, hor ikusten ditut iluntasun handiagoak.
Bertsolaritzan badago transmisio natural bat, agian, inplizitoa dena. Eta beharbada hemen eskatzen ari dena da esplizitua izan dadila. Nik uste dut ez duela beharbada hain esplizitua izan behar. Inplizitua izateak edozein sozializaziotan gauza bat suposatzen du: inplizitoa dena da mantentzen dena, inplizitoa dena da ohikoa dena… Jakina, ikusi egin behar da gero zer transmititzen dizuten. Transmititzen badizute genero sistema bat non emakumeak beti galdu egiten duen, ba, “honaino iritsi gara” esango duzu.
Mugimenduan bertan baino arazo handiagoak ikusten ditut nik sortzaileengan. Sortzaileengan gerta daiteke fede galtze edo sekularizazio prozesu bat. Bertsogintzarekiko sekularizazio prozesua bizitzea. Horrek kezka handiagoa sortzen dit.
-Bertsolaritzaren gizarte mugimenduan framingean (markoen eta ikuspegien eraikuntzan) egin den lanak sekulako garrantzia izan duela diozue. Gaur egun framing sendoa al du bertsolaritzak?
Framinga da jendeak begira dezala zuk jartzen duzun leihotik. Nik uste dut orain sartuko garela ugalkortasun batean, eta azpiframing desberdinak sortuko direla. Kontua da azpiframing ezberdin horiek framing orokor batean sartzea. Lehen aipatu ditugun segmentazioa eta fragmentazioa agertuko dira, eta kontua da Elkartetik framing berbera helaraziko den.
Gizarte euskalduna une honetan edozein berrikuntza interpretatu, bere egin, dastatu eta jarraitzeko prest dago. Nik uste dut bertsolaritzaren arrakastaren zati handi bat horretan datzala. Gauza bera gertatzen da literaturan, gertatzen dena da eskatzen duela hainbat ordu liburu baten gainean egotea.
Azpileiho horiek guztiek legitimitate berekoak izan behar dute, eta denek egon behar dute erakundetik legitimatuta. Hor dago kontua: leiho asko eskaintzea, leiho horiek baliagarriak izan daitezela eta, behintzat, sektore batentzako erabakigarriak izan daitezela, edo izan daitezela bere framing dominantea. Kontua izango da framing guztiak errelato berberean uztartzea. Hori lortzen bada ez dago arazorik.
-Hauxe diozue azterketan: “Gizarte mugimenduak inoiz ez dira berdin mantentzen. Arruntena da sortzea, bizitzea eta desagertzea. Baina gizarte mugimendu batzuk gai izaten dira beren burua berriro asmatzeko, eta horri esker belaunaldi bat gehiago bizitzeko aukera irabazten dute. Bertsolaritzaren gizarte mugimenduak ere une hori bizi du oraintxe”.
Bere garaian modernotasuna klabea izan zen bezala, modernotasunen baitako dibertsitatea dator orain. Eta dibertsitate erabakigarria dago tartean, generoarekin lotuta dagoena. Azken finean, generoak, nolabait, hautsi egiten du existitzen den guztia, baina ez bertsolaritzan bakarrik, edozein arlotan. Badakigu zein den errezeta, errezeta hori esplizitatzea erraza delako. Badakigu orain arte gizarte mugimendu gisa funtzionatu duela, gizarte mugimendu horrek eraberritu egin duela, merkatu ezberdinei erantzun bat ematen jakin izan duela, jakin duela, hein berean, kontsumoak zatikatu egiten duela, eta hainbat produktu eskaini dira bertsozale tipologien araberakoak.
Hemen garrantzitsua da euskararen inguruko ezker abertzaleak (eta berarengan jartzen dut fokoa) bultzatzailea izaten jarraituko duen honetan guztian, eta, era berean, ez den zorabiatuko proiektu politikoan bakarrik, eta atentzioa jarriko duen berriro proiektu kulturalean. Hogei urte luze daramatzat esaten ezker abertzale ideologikoari eta soziologikoari dagokiela burgesia kultural nazionalaren lana egitea. Eta beraiei dagokie. Eusko Alderdi Jeltzaleak ez dauka pultsu kulturalik, sekula ez du izan. Hemen bultzada beti etorri da ezker abertzaletik, euskara batuaren bultzatzaileengandik… Historiako paradoxa da ezkertiarra izan eta burgesia kultural nazionala izatearena, baina horrela da. Berak inposatu behar ditu gustu dominanteak.
Bestalde, eta etorkizunari dagokionez, guri falta zaiguna da sinestea. Amaitu da euskararen defentsan aritzeko aroa, euskararen prozesu guztia garatzeko euskara bera erabiltzearena ―esanez, “es ke euskara…”―. Nik uste dut hiztunaren garaia dela. Kontua da hiztunetatik abiatuta nola lortu mugimendu kolektibo bat. Zaila da, baina prozesu berbera dago gure gizartean puri-purian. Posible da indibiduo bakunetatik abiatuta prozesu kolektiboak garatzea, moral kolektiboak sortzea? Hemen gauza bera gertatzen da. Hiztunetatik, hiztunen gustuetatik, hiztunek esaten dutenetik abiatuta, posible dugu hori dena uztartzea mugimendu kolektibo batean? Alde batetik influencer-ak edo erreferentziazko pertsonak izan gaitezke, hiztun mordoa dago izugarrizko kapital kulturala daukana, kapital intelektuala, kapital politikoa, kapital soziala… Horrek guztiak hemen izan behar luke isla. Hori lortuko dugu? Gero eta zailagoa da, aitor dezagun. Ea mugimenduak eskaintzen duen gizarteak behar duen tokitik, eta ea gizarteak onartzen duen eskaintzen zaiona.
Beraz, errazagoa da esatea berrasmatu egin behar dela, zertan berrasmatu behar den esatea baino.
TRANSMISIOAREN TESTUINGURU SOZIALA
-Non eta nola sozializatzen da bertsozaletasuna gaur egun? Bertso eskolak dira gune nagusi, baina gero eta jende gehiago dago helduaroan bertsozaletu dena…
Zaletasunerako bide berriak daude gaur egun. Bertsolaritzan ohiko guneetatik harago, adin helduan jende berria bertsozaletzea egin duena da eskaini zaiona askoz konplexuagoa izan dela. Eta garaiari lotuta dagoen produktu bat eskaini zaiola, batez ere kalitatezko edukiarekin. Aurreiritziek bertsolaritza mundu antigoaleko eta klasikoarekin lotzen dute, baina egia oso bestelakoa da. Eta bertsolariak ez zarete konturatzen zuek errealitate modernoa arnasteko modua denik gero helarazten duzuena, eta bizitzako eguneroko kezken inguruan kantatzea zenbateraino den modernoa. Ez zarete kontziente zenbatean den berria eta zenbatean den eraberritua bertsolaritza. Jendeak egunerokoaz dituen gogoeta berberen inguruan kantatzeak engantxatu egiten du.
Igaro gara garai batean egon zen politikazentrismo batetik soziozentrismo batera. Gai sozialek izugarrizko garrantzia dute. Eta gai sozialak zer dira? Egunero pertsona batzuek, tipologia batekoek eta seguruenik elite batekoek bizi duten egunerokotasuna. Eta, orduan, jende horri oso erraza zaio engantxatzea, horretaz hitz egiten baitzaio.
Gainera, era berean, nolabait landu da oholtza gainean dagoena eta oholtzaren aurrean dagoena. Hor badago interakzio historiko bat. Eta interakzio horretan, gainera, euskaldungoa da, nolabait, herri honetan elite intelektuala. Eta, askotan, hori ez da ikusten eta, askotan, mespretxatu egiten da, suposatzen baita gutxiengo baten kulturak automatikoki izan behar duela nostalgia inplizitu bat edo melankolia inplizitu bat, eta, beraz, ezin du hitz egin gauza inportanteez. Gezurra. Kontrakoa frogatzen da egunero. Beraz, gaurko nobelagileek idazten dutena, bertsolariek kantatzen dutena… gai hiper-aktualak dira, eta engantxatzeko bideak egon dira egon delako, inplizituki, eskaintza berezitu eta modernoa. Nik, esaterako, entzuten dut nola hasten diren agurrak, eta nola garatzen diren, eta ondo dago, baina askoz gehiago interesatzen zait tartean gertatzen dena. Agurretan ateratzen dira gai politikoak, presoenganako elkartasuna… baina gero dago tartean dagoena. Eta hor modernotasuna, aktualitatea, gaien sakonera… arnasten duzue.
-Txapelketek egiten duten ekarpenari balio handia ematen dio azterketak. Eta bestelako formaturen bat probatuko balitz, ekarpen horiek guztiak kontuan hartuta egitea gomendatzen du. Txapelketek, ordea, badituzte kritikariak: txapelketak bertsolari guztien kantaerak berdindu eta fragmentazio edo espezializazioaren kontrako bidea bultzatzen duela esaten dutenak…
Euskal Herrian, euskararen inguruko munduari ideologikoki tokatu zaion uneagatik ―eta bakoitzari tokatu zaigu tokatu zaiguna. Marxek esaten zuen: “Gizakiak historia egiten du, baina ez berak aukeratutako baldintzetan. Baldintzak emanak etortzen zaizkio”.―, tira, tokatu zaigun uneagatik, jarrera antiinstituzionalista oso potentea da, oso kaltegarria dena erakunde sendoak antolatzeko.
Askotan, instituzioa instituzionalizatu egin behar da, edozein giza-arlo instituzionalizatzen den moduan ―maitasunetik hasita ekimen politikoetaraino―. Instituzionalizazioak suposatzen du gehienetan hil egiten dela hasieran zegoen bulkada zati bat, horri ez zaiolako erreparatzen, eta beste bat errutinizatu egiten dela. Baina horiek prozesu normalak dira. Eta horren kontra borrokatzen da gaur egungo gizarte modernoa etengabe, gauzak berrasmatuz eta berrasmatuz, pentsatuz egunero egon behar duela berrikuntza. Hori, alde batetik, horrela da, baina behar dugu, era berean, instituzioek izan dezatela iraupen bat. Ze, iraupen bat ez badute ez dago astirik gogoetarako, prozesuak amaitzeko. Gertatzen dena da honetan guztian gaudela gauza batekin eta bestearekin. Gaur ez daukagu “hau ala bestea”, gaur daukagu “hau eta bestea eta bestea”.
Txapelketei dagokienez, nik ez dut bertsogintzaren sakoneko ezagutzarik, baina esango nuke bertsozaleekiko harremanerako oso garrantzitsuak direla.
PUBLIKOAK ETA KANONAK
-Zein da egungo bertsolaritzaren definizio soziala?
Bertsolaritzak zerbait adierazten badu da euskal gizarte euskaldunaren eboluzio arrakastatsua. Hori dela inportanteena uste dut. Adierazi egiten du, islatu. Neurri batean, bideratu egiten du. Eta, beharbada, zeharka aitortzen ari gara, bertsolaritzaren bidez, garapen hori; gero, maila diskurtsiboan agian egiten ez duguna, eta bakarrik ikusten ditugu alde negatiboak edo oraindik egitear daudenak.
-Egongo da esan duzuna gehitxo esatea dela esango dizunik…
Gerta liteke zu ez izatea bertsozalea. Baina horrek ez du esan nahi ezin duzunik onartu momentu batean ildo nagusi batzuk daudela eta ildo lagungarriak, paraleloak, periferikoak… daudela. Eta nik uste dut bertsolaritzak adierazten duela hori beste edozein adierazpidek baino hobeto. Zein beste arlotan daukazu Lujanbio bat? Igual mundu unibertsitarioan egongo da, ikerleen arloan, baina mundu horiek ez dute bertsolaritzak daukan oihartzuna.
-Publikoaren ezaugarriek asko baldintzatzen dute bertsogintza. Baina bertsolariaren eta bertsogintza jakin baten legitimotasuna eta prestigioa irabazi eta galdu egiten direla diozue. Ez dela soilik kalitate kontua, eredu kontua ere badela. Kanona. Nola eraikitzen da kanon bat?
Uste dugun baino modu hautemanezinagoan, uste dugun baino modu luzeagoan. Eta pentsatu arren egun batean sortzen direla eta norbaitek inposatua dela kanon bat… uste dut kanona dela prozesu oso landu bat, denborarekin datorrena, proba asko izan duena, gauza batzuetan asmatu duena, beste batzuekin ez. Eta horren guztiaren ondoriozko emaitza da sortzen dela eredu bat.
Amurizak egin zuen iraultza, Egañak iraultzaren iraultza, Lujanbiorena, sugurena ―nahiz ez dagoen beti aitortuta―, iraultzaren iraultzaren iraultza izango da, eta, gainera, sakonera handiagokoa. Baina kanonak nik uste dut posible direla momentu batean gizarteak onartzen dituelako. Egon liteke jenio bat mundu oso bat eraberritzen duena. Egon liteke gizarte bat behartzen duena eraberritze horretara. Nik uste, bi gauzak ematen direla. Hau da, Picassok zergatik eraberritzen du jenio baten moduan? Ba, ordurako beste askok antzeko saiakerak egin zituztelako. Era berean, aurreko arte forma guztiak berak ezagutzen eta kontrolatzen zituelako. Esaten dute estilo guztietan zekiela margotzen. Beharbada, hori erakutsi duzunean, erraza da apurtzea eta beste zerbait eskaintzea. Kanona oso eredu landua da, oso prozesu luzekoa, eta, halako batean, onartua geratzen da. Hau da, abangoardia batek ez badauka bere masarekiko loturarik, abangoardia horrek ez du arrakastarik izango. Egon behar du egoera bat neurri batean garatua. Baina, gero, egon behar du azkartze bat. Azkartze hori kanona da, baina prozesu interaktibo bat, prozesu interaktibo artistiko-soziala. Beharbada, orain sortzen egongo da kanon bat, oraindik ikusten ez duguna.
-Kanonak desdefinitu eta kalitate irizpideak izatea bateragarria dela diozue.
Lehen esan dudan bezala, egon daiteke leiho orokor bat eta, gero, azpileihoak. Nik uste dut seguruenik kanon ugaritara joango garela. Edo, gutxienez, bi edo hiru kanonetara joango garela. Fragmentazioa edo polifoniaren kontua hor aurrean daukagu, praktikatzen ari gara. Baina kanon indartsu baten presentzia, beste kanon bat edo beste egotea ahalbidetuko duena, uste baino garrantzitsuagoa izango da. Kanon ugari egotea eta denak indar eskasekoak, hori ere ez da ona. Hor oreka bat egon behar da, baina oreka hori lor daiteke? Ez dakit. Oreka hori erraza izango da? Ez, zeren eta kanon ezberdinak sortzen badira, barne borroka baten ondorio ere badira. Izan ere, errealitatea sekula ez dago geldi. Plano diskurtsiboa ere ez: zuk irabazten ez duzuna beste norbaitek irabazten du, zuk amore ematen duzun tokian beste batek irabazpen bat atera du. Eta, orduan, hor etengabeko borroka dago. Borroka sinboliko inplizitua barruan.
Bestalde, kanona daukanarekiko errespetua oso garrantzitsua da. Zu egon zaitezke sektore batetik kanon hori desegitearen alde. Baina, era berean, zuk errespetu, beldur puntu bat badiozu, horrek adierazten du oso indartsua dela, badaukazula zeren kontra borrokatu eta, gainera, erreferentzia potente bat daukazula. Hori liluragarria da.
SABAIA
-Genero ezberdinkeriaren arazoaren izaera soziala azpimarratu duzue.
Fenomeno hauek denak sozialak dira. Sozialki sortu da, sozialki garatuko da eta sozialki aldatuko da. Hor ikusten da nolako aldea dagoen jauzi kualitatibo eta kuantitatiboen artean. Alde batetik iraultza bat emana dago. Iraultza hori batzuek mugatutzat ikusiko dute, eta beste batzuek pentsatuko dute tartean muturra sartzea izan dela. Iraultzaren zati bat emana dago: generoa sartu da, generoak eraberritu du edukia, eta eraberritu du bertsolaritza osoa. Izan ere, bertsolaritza soziozentrismora eraman dutenak esango nuke emakumeak izan direla. Emakumeak oholtzan, emakumeak gaiak proposatzerakoan, emakumeak entzule… emakumeen presentzia gogoeta orokorrean.
-Deigarria da azterketan ematen den datu hau: publikoko emakumezkoen gustua azken urteetan aldatu egin da, gizonezkoena ez.
Bai, hor badaude hainbat zulo beltz, eta asko kostatuko da barrutik ere aldatzea, baina uste dut publikoak momentu batean oso erraz ulertuko lukeela finalean hiru-lau emakume egotea, eta onartuko duela. Kontua da zenbat urte beharko diren lehen parte hartze hartatik parte hartze kualitatiboak lortzera igarotzeko. Esaterako, %20-25eko presentzia badu, %35era pasatzea, beharbada, izugarri kostako da. Hori gertatzen da, oro har, gizarte osoan eta esparru askotan. Eta, gainera, badaude prozesu batzuk, isilak, non alde batetik inkorporazio progresiborako bide batzuk zabalduta dauden, baina beste kontrabide diskurtsibo eta praktikoak ere badauden. Gai horretan borroka sinboliko bortitza dago.
Beraz, dauden inkoherentzia eta ezberdintasunak gainditzeko ―askotan hautemanezinak direnak― lanean jarraitu behar da. Zeren izan, mingarria izango da. Mingarria izango da modu intentsoan ―ezberdinkerien aurkako borrokan aktiboki parte hartzen ari direnentzat― edo modu lasaiagoan ―etsiago, jarrera ez hain aktiboarekin daudenentzat―. Baina aldaketak gertatuko dira, gertaraziko dituzue. Kontua da zenbat potentzial galtzen den nerabezarotik helduarora igarotzean.
SORTZAILEEN LAN-BALDINTZAK
-Kulturarik ez dago sortzailerik gabe. Baina sortzaileen lan egoera oso prekarioa da egun. Arlo eta herrialde askotan dago kezka hori, eta gurean ere egoera ez da oso ona. Eta sortzailerik gabe ez dago kulturarik. Zer egin liteke egoera hobetu eta sortzaileek lan baldintza duin eta egonkorrak izan ditzaten?
Horretan, uste dut Frantziatik ikasi behar dugula, oro har. Eta Frantzian gai horretan duten harrotasun/harrokeriatik. Sortzaileen egoera bultzada instituzional sendo batekin konpondu behar da. Amuriza batek esan dezake berak ez duela nahi soldata sozial bat edo domina bat, berdin dit. Baina nik uste dut herri batek ezin duela eduki Amuriza bat aitortzarik gabe. Eta herri batek esaten dudanean da instituzio batzuek. Jende batek egin duen lana aitortzarik gabe amaituko da: Txillardegi omenaldi nazionalik gabe joan zen. Uka diezadala berak, esan diezadala ez dela ekimenera joango, baina nik antolatu egin behar dut.
Maila horretan, uste dut euskal kulturako arlo batzuk objektibatu egin behar direla, eta horiek babes instituzionala behar dutela. Zeren, ez daukagu masa kritikorik. Espainian aktoreen %5 bizi bada antzerkitik, hortik kontu batzuk atera behar ditugu.
Haurrentzako, esaterako, produkzio gutxi dago, eta nerabeentzako ia batere ez… Sortzaileari lan baldintza zainduak eman behar zaizkio. Hor egon behar du RGI kultural batek. Onartezina dena da Euskal Gobernua gai honetan gero eta aurrekontu murritzagoekin aritzea. Hor serioski hitz egin beharko lukete euskal kulturarekiko interesa duten partidu politikoek, nahiz eta batzuen kasuan, partidu horretatik hurbil kultura sortzaile gutxi egon. Programa instituzional sendo, iraunkor eta epe luzera begirako bat behar da, oso-oso prekarioa baita sortzaileen egoera.
Kulturak lehentasun nazionala izan behar luke. Baita krisirik ez dagoen garaian ere. Zeren, gu beti egongo gara fase kritikoan. Zeren, herri ez normal batek dauka historia ez normal bat, kultura ez normal bat, gizaki ez normalak… Eta politikak bereziki adierazi behar du errespetua adierazpen kulturalekiko, baita kulturatik kritikak jasotzen dituzten alderdi politikoek ere. Kultura oso adierazpen garrantzitsua da.