Bertsoa eta jolasa, eskutik

Bertsoa eta jolasa, eskutik –

Uztarria webgunetik hartutako idatzia.


Bertso Jasa, bat-bateko jolasa saioa izango da igandean, hilak 17, Sanagustin kulturgunean. Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu du hitzordua, Bertso Astearen barruan. Bertsolaritza gaztetxoengana “hurbiltzeko” eta bertsozaletasuna “pizteko” antolatu dute emanaldia.

Bertsoa eta jolasa, eskutik

Amaierara iristear da Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako Bertso Astea. Joan zen otsailaren 7an ekin zioten prestatutako egitarauari Azkoitian, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolarien laguntzaz egindako bertso poteoarekin. Zestoatik eta Errezildik igaro ostean, Azpeitian egingo du azken geldialdia, igandean, hilak 17. Egun horretarako haurrei zuzendutako Bertso Jasa, bat-bateko jolasa izeneko emanaldia antolatu du Erniarraitzek. Sanagustin kulturgunean izango da, eta Maialen Arzallus eta Unai Mendizabal bertsolariek gidatuko dute saioa, 18:00etan hasita. 

Bertsolaritza gaztetxoengana “hurbiltzeko” eta bertsozaletasuna “pizteko” antolatu dute emanaldia Erniarraitzeko kideek. “Lanku kultur enpresak 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat sortutako emanaldien artean dago Bertso jasa, eta interesgarria iruditu zitzaigun Bertso Asterako. Izan ere, ez dira ohikoak gaztetxoei egokitutako gaiak lantzen dituzten bertsolaritza saioak. Haurrak ohituta daude helduei zuzendutako bertso saioetara joaten, egiatan bertsoen nondik norakoez asko jabetzen ez diren arren, eta badirudi adin tarte horretako gaztetxoak ahazten zaizkigula”, adierazi dute Erniarraitzeko kideek. Haien arabera, herrian “bertsozale potentzial handia” dago: “Dagoen potentziala zukutzeko bertsolaritzari lotutako eskaintza zabaltzea eta ekintzak antolatzea bazegokigula pentsatu genuen. Ea fruituak ematen dituen”.

Bat-bateko jolasa

Beraz, igandekoa ez da bertso saio arrunta izango. Ez da gai-jartzailerik egongo, eta publikotik ateratako boluntarioen ideietatik sortuko dira bertsoak sortzeko gaiak. Finean, bertsolariek saioa gidatuko dute. Haurren zeregina, berriz, bertsolarien mingainak dantzan jartzeko egoerak eta hitzak proposatzea izango da.

Arzallusen eta Mendizanalen lanari egin diete erreferentzia Erniarraitzeko kideek: “Umeekin esperientzia handia duten bertsolariak dira Unai eta Maddalen, bertso eskolak ematen ibiliak baitira. Horregatik, saio didaktikoa, bizia eta parte-hartzailea izango delakoan gaude”. 

Bertsoa eta jolasa, eskutik