Bertso ibilbidea: Zurbao-Arrasate

Argazkiak: Beñat Hach Embarek

Zurbao-Arrasate –

  1. GELTOKIA: ZURBAO

Zurbao-Arrasate

Zurbao adibide ederra da Arabako landa eremuko herri txiki askotan gertatzen dena azaltzeko. Harrigarria da jauregi eta etxe dotoreetan daukan aberastasuna. Eta, horrekin alderatuta, benetan txikia da gaur egun lurralde historikoan duen pisu (garrantzia) espezifikoa. Demografiak, planifikazio ekonomikoek eta jendearen joerak gaur egun ezagunago zaizkigun ardatz geografikoak eraiki ditu Araban. Manurga, Urizaharra edo Zalduondora joan egin behar da; hau da, erabakia hartu behar da joateko. Gasteizera ia konturatu gabe doa jendea.

Zurbaon egon zen Uztapide morroi, hamahiru urterekin. Eta, haren esanetan, hizkuntza-arrazoiengatik: gaztelania ikastera joan ziren bera eta anaia bat. Uztapide baserritik ordura arte gutxi aldenduak (gehienez ere Zestoara), dena zen berria: trena, Araba aldeko ordekak, Gasteiz. Hizkuntza-talka ez zen hainbesterakoa izan: “Etzuten burlarik egiten. Gu okerragoak igual izango giñake. Saiatu egiten ziran erakusten.” Danba. Gu (lehengo eta oraingo gu) “igual” ez, seguru izango ginatekeela okerragoak.

Lengo egunak gogoan liburukotean dakar Uztapidek goian esandakoa. Juan Mari Lekuonak, liburuaren sarreran, harridura (miresmen kutsuarekin) adierazten du, bertsolariak bertsotan baino hitz lauz idazteko hautua egin zuelako. Gero, aitorpen bat: mundu mugatua dakarrela, “garai eta giza-maila jakin bateko bizitza”. Orri-pasan jardun naiz, eta interes entziklopediko edo soziolinguistikotik aparte, bestelakoek ez naute erakarri. Tira, nahiko onartua delakoan nago. Horrez gain, galtzen ari den munduari erosta jotzen aritzen direnek ez didate gauza handirik esaten. Milurteko berriko aldaketa-erritmoetan txertatuegiak gaude horretarako.

Joan-etorriko bidaia izan da letra neurtu eta kantatuetatik paperekoetarakoa, historikoki. Denetik egon da. Niri, kontrako bideak gehiago esan izan dit. Molde librean idazten dutenak lotura datozenean, asmatzeko joera dute.

 

Sorta:

http://susa-literatura.eus/liburuak/poes4453

 

SORGINAREN ZURGINA (Koldo Izagirre)

 

zer ote dakar berri
ontziak portura
sorginaren zurginak
behar duen zura

 

Libanoko zedroa
Norteko haritza
ez ahal zaizu ahaztuko
emandako hitza

 

zuretzat jasoko dut
etxe bat egurrez
munduari bisita
egiteko urez

 

zuretzat josiko dut
kadira bat txotxez
sua piztu dezazun
zaudenean hotzez

 

zuretzat jarriko dut
ohe bat abarrez
biok bertan etzanda
egiteko amets

 

trintxa mailu eskoadra
zerra eskobila
zurginaren sorgina
dena da txirbila

 

  1. GELTOKIA: ALBINAKO URTEGIAREN ONDOKO ERREPIDEA

Zurbao-Arrasate

 Autoa hartu behar izaten dut lanera joateko. Ordu erdi joan, ordu erdi etorri. Hiriguneren batean bizi eta lanera oinez edo bizikletaz joatearekin amets egiten dut askotan. Ongizateari izen-abizenak jarri behar zaizkio.

Baina, onar dezadan, pribilegiatu bat naiz. Landa-eremuan egiten dut, oso-osorik, autoarekin egin beharreko ibilbidea. Eta gidatzea gustuko dut. Eta, nirea, gidatzea gustuko duenarentzat diseinatutako bidea dela dirudi. Aramaiotik Murgiara eta buelta. Trafiko oso gutxi, ondo seinaleztatutako errepide zabala, bidean portu bat, urtegi baten ertza, izei-baso zoragarri bat, beste urtegi bat zeharkatzen duen zubi bat. Gorbeia, maldak leundu eta arnasa hartzen hasten den belardi-arte sigi-sagatsua. Pagadi bat edo beste.

Tartean oreinen bat ere bai. Arriskua, beraz. Ederrak dira benetan, daukaten nahi gabeko liraintasun horrekin. Ikusten dituzunean amets eginarazten dizute. Kantuak egin dizkiegu, animalia soilak direla ia ahaztu ere bai. Autoarekin txiki bat jo nuen behin, atzeko hanketan eta ipurtalde inguruan. Ziztuan atera zen errepide ertzeko sasitzatik, eta kolpearen ondoren airean joan zen sasi artera bueltan. Argazkiak erakusten duen lekutik hiruzpalau kilometrora izan zen.

Gezurra dirudi, baina autoarekin egindako joan-etorrietan moteldu egiten zait egunerokoa. Arinago doa. Pisu gutxiago du.

(Maialen Lujanbioren ondoko sortatik barikuarena da gehien ukitzen nauena. Puzten doan globo bat bat-batean nola lehertzen den kontatzen du. Zapatukoa efektista samarra da, baina sortak aurretik harrapatuta bazauzka, ondo ematen du.)

 

Sorta:

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2129/kale-bizhitsari-jarriak

 

KALE BIZHITSARI JARRIAK (Maialen Lujanbio)

 

Hauxe egun motela…
denbora ez-gauza.
Tabernako barraren
kanpoaldean dautza
erratzak daramala
harlauzaz harlauza
astelehen akitu
zahar baten zerrautsa.

 

Ez du aste hasieran
jotzen eguzkiak,
astelehen ta astearte
astelehenduz biak.
Herri ilun, kale isil,
espaloi bustiak,
sotoek irentsiak
bizidun guztiak.

 

Sortu asteazkena,
ta noizko adio…!
Bar-man bakartuari
luze dohakio.
Pintxoari mahonesa
tanta bat dario…
goizez jausten hasi ta…
eutsi egin dio.

 

Ostegun mortuetan
hego-bako hontza,
eskuak patriketan,
zeharrean poltsa,
gau hutsari eztula
egiteko lotsa.
Etxe zuloetatik
“teleberri” hotsa.

 

Egun anfibio bat
bi jaien gerizan,
promesa eternoa,
biharko peskizan.
Jausi da ostiral bat
asteroko gisan,
zerbait zirudiena
ta ez zena izan.

 

Azkenik larunbata!!
ta antsia jasa!
Whisky, insalus, rona,
kubata, gin-kasa,
WC ta WC
pasa, pasa, pasa!
Izerdia, musika,
tabako arnasa,
litroak, isuriak,
humanoide masa,
jendetza, uholdea,
kaosa, anabasa.
farra, farranda, besta,
manboa, desfasa,
haluzinantea txo!
topea, demasa!
Kristoren martxa dabil!
Tumatxa gaupasa!

 

Hauxe egun motela…
denbora ez-gauza.

 

  1. GELTOKIA: ARAMAIO. HERRIKO PARKEA

Zurbao-Arrasate

Gure herriko parkearen erdi-erdian bainuetxe bat egon zen. Gerora, guardia zibilaren kuartel gisa erabili zuten eraikin hura. Guk ez genuen horrelakorik ezagutu, eta kosta egiten zaigu halakorik irudikatzea. Gure umeei kontatu, eta ipuinak direla uste dute. Memoriari eustea dagoen lanik sufrituena da.

Parke ederra da Aramaiokoa, zabala, asfalto gutxikoa. Frontoiak, kultur etxeak eta eskolak inguratzen dute; eskolako atseden-orduetarako erabiltzen da bere osotasunean. Zortekoak gara, eta zortekoak dira gure umeak. Kartzela-patio itxurako eremu gotor gehiegi daude bazterretan.

Umeak mundura ekartzea umiltasun ariketa eder bat da. Erabaki bat hartzen duzu, bikotean ala ez, eta erabaki horrek hau dio: zure egunerokoa goitik behera aldatzeko besteko zaintza-beharra duen zerbait nahi duzula zure ondoan. Erabakiak ez dira zerotik hartzen, badakigu non eta noiz bizi garen. Baina osasungarria da, noizean behin, geure buruari gogoraraztea geure borondatez hartuak direla. Gu garela erantzule. Halako gauzak egin behar izatera eraman gaituzte. Geuk idatzi gabeko gidoiaren arabera bizitzea geuk aukeratu dugula pentsatzea ez da gutxi.

Aitor Sarriegiren bertsogintzaren lerro editorialetako bat da euskal burgesia alternatibo-ustekoari zartadaka aritzea. Hazkura eragiten du, eta ez dago kalitatearen seinale hoberik.

Sorta:

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2219/bertso-egunerako-jarriak

 

LAGUN HELDU BATEN GOGOETAK. Aitor Sarriegi

 

I

Zilegi bekit garai bateko
oroitzapenez hastea
ni ere izan nintzen umea,
nerabe eta gaztea.
Baina bizitzak eskatzen digu
heltzea eta haztea.
Gizarte hontan gorantz joatea,
hori da irabaztea!
Gidoi batean murgildu ginen
ni ta nire emaztea
gauza bat soilik ahaztu zitzaigun:
gidoia geuk idaztea.

 

II

Behin emaztea aipatu eta
hura zen ezkontza hura!
Berrogei lagun ermitara ta
berrehunen bat otordura.
Trajeatuak barra ertzera
ta Orfeoia kantura.
Dena onetik, dena hobetik
noble berrien modura.
Aitak ordaintzen zuen artean
bazkariaren faktura,
gu Kanadara joan ginen lagun
langabetuen kontura.

 

III

Baina gerora errutina zen
gure bizitzaren jabe
eta haurtxo bat izan genuen
gure harremanaren alde.
Amonarekin dagoenean
gu ere gustura gaude
pintxoak jan ta kriantza edanez
berriz nobioen pare
baina gauetan esnatuz loa
zapuzten digu halare.
Ume bat nola etor daiteke
eskulibururik gabe?

 

IV

Urtean behingo parrandarako
ez naiz egoten zalantzan
umea lotan utzi ondoren
eta emaztea plantxan.
Despedidako afari latza
eta gero… txan ta ta txan!
Kendu eraztuna behatzetik ta
zeozeren esperantzan
Pub-en batean bukatzen dugu
ohartu gabe balantzan
hogei urteko neskei begira
berrogeikoekin dantzan.

 

V

Bagoaz zentro komertzialera
dena ez baita parranda
azken urtetan astearteko
gure plana hau izan da.
Dendarik denda gabiltz haurrari
lau litxarkeri emanda.
Dantzatu VISA eroen gisa
hemen guztia da ganga…
Azokan ere ibiltzen gara
tokatzen denean txanda
hiru letxuga regateatzen
BMWan joanda.

 

VI

Badut lagun bat, demagun Aitor
solteroa, zer arraio!
Izan ez dena bizitzan mailaz
igotzeko bezain iaio.
Tarteka zerbait ligatu arren,
egin arren zenbait saio.
Gizajoari ohartzerako
arroza pasako zaio…
Nire bizitza bideratutik
sarri hurbildu natzaio…
Nahiz ta urte bat den andrearekin
larrurik ez dudala jo.

 

***

Azken bertso hau neure ahotik
ta sortatik apartean
mespretxatua sentitu bainaiz
sarri begiradapean.
Zer gertatzen da ez badut sartu
nahi horrelako katean?
Hori gidoi bat besterik ez da
beste askoren artean…
Bakoitzak bizi behar duenez
gustuko duen batean
zuen bizitzak konpondu arte
utzi besteok bakean!

 

  1. GELTOKIA: ARAMAIO. ELIXOSTE AURREKO MURALA

Zurbao-Arrasate

Parketik jaisten hasi, eta errekak gurutzatzen du Aramaioko Ibarrako Nardeaga kalea. Pasoko lekua da, baina berezia. Erreka-ondoek beti dute zerbait.

Orain urte batzuk egin zuten argazkian ageri den murala. “Ez al da ba lo isil batetik amets ozen batera jaikitzea, jaiotzea?”. Esaldiak, esaten duenaz gain, hots berezia du. Egiturak ematen dion halako distira berezi bat. Behartutakoa du hezurdura, bi aldiz irakurri beharra dago mamia ondo mastekatzeko. Mezu turboen garaiotan, pausa bat egin eta astia hartzeko gonbidapen bat.

Nerabezarotik datorkit hizkuntzarekin lotutako zaletasun gaixobera samar bat, halako berbafilia bat. Nire lanbidea horretara bideratuta dago (sinetsi nahi dut, nire erabakiz izan dela hala), nire zaletasunak ere hitzez bustita daude.

Joseba Tapiak Real Politik diskora eraman zuenean ezagutu nuen Bilintxen Hobe sartzea soldadu sorta. Garai bateko bertsolarien hizkera bizia, esanindarra eta dena delakoa sobera aipatuak, goratuak eta nabarmenduak ditugu. Badu, ordea, sorta horrek, xehetasun literario oso berezi bat. Joskera aberatsa da sorta osoan zehar, eta aberatsagoa egiten du bi errima ezberdin erabiltzeak, neurri erregularra izan arren. Baina hirugarren bertsoan doa gailurrera, bertsotan (jarrietan) inoiz ezagutu dudan barne-errimadun zamalkadura ederrenari esker. Aurretik datorren errima-sortaren eta berriaren arteko zubi naturala, esaldi bakarrean, erritmoa behartu gabe. Raperoek bisera kentzeko modukoa. Barruan daramadan gaixoa, hara hor.

Iparragirre abila dela da bat-batean bi errima ezberdin eskatzen dituen doinu erabilietako bat. Bertan, zamalkadura hori egitea ez da hain zaila. Beste baterako utziko dugu trukoaren kontaketa, ez dakienarentzat.

 

Sorta:

http://basquepoetry.eus/?i=poemak&b=42

 

HOBE SARTZEA SOLDADU (Bilintx)

 

Penetan daramazkit eguna ta gaba,
poz bat sentitu gabe, hau suerte billaba!
Gosaritzat taloa eta bakallaba,
bazkaitan katilu bat salda ta sei baba,
hamalau jango eta bi sardin afaldu,
batek ez luke hobe sartzia soldadu?

 

Urrikigarria da nere izaera
goizero nahi ta nahi ez joan behar lanera,
egarritutzen banaiz ura edatera…
Nik horla zer bentaja nezake atera?
Ezer sobratu ez ta osasuna galdu,
ez det ondo egingo sartzea soldadu?

 

Kontuz ibili arren eta juizioan,
inor aberasten ez da ofizioan.
Ni lanakin ibili beti sesioan?
Erremientak norbaiti erdi prezioan
edo kasik debalde ahal banizka saldu,
bihartikan sartuko nitzake soldadu.

 

Jaunak, adiarazi ez liteke hitzez
zein aspertua nagon honela bizitzez,
beti negarrez eta penetan ibiltzez,
jornal txikiaren truk lanean aritzez;
batek beti honela bizi behar badu,
ez du gaizki egingo sartzea soldadu.

 

  1. GELTOKIA: GESALIBAR. SANTA AGEDA.

Bertso ibilbidea

 Aramaiotik Arrasatera bidean dago Arrasateko Gesalibar auzoa, Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan. Jende askok Santa Ageda deitzen dio, ordea, garai batean bertan egon zen bainuetxe ezagunaren erruz, seguru asko.

Santa Ageda izen generiko hori erabili izan da, bainuetxea zenaren eraikinean eta ingurukoetan gaur egun dagoen Aita Menni ospitale psikiatriko entzutetsua izendatzeko ere. Goiz eta arratsalde egoten dira bertan tratamenduan daudenak, Aramaiotik autoan Arrasatera goazenoi atzamarra erakutsi eta eraman ditzagun eskatzen. Makina bat eraman ditut. Oro har jende hiztuna eta jatorra. Ez dago modu hoberik “gu” eta “beraiek” bereizteko orduan konbentzioz jokatzen dugula ikusteko. Guk erabakitzen dugu marra non jarri.

Ezaguna da pasartea: Michele Angiolillok bertan, bainuetxea zen garaian, hil zuen Antonio Canovas del Castillo, tiroz. Ondoren, kondenatu eta Bergarako kartzelan (gaur egun, Euskal Herriko gaztetxerik ikusgarrienetakoa dagoen lekuan) hil zuten anarkista, garrotearekin. Eta ezagunak dira Txirritak Canovasi eta haren alargunari jarritako bi bertsoak.

Benetan dira harrigarriak Txirritaren bertsoak. Anaforaren erabilera, herri-kantetan hain ohikoa den egitura bertsotara ekarri nahiarekin zuritu daiteke. Baina aberatsak dira erreferentzietan, esateko moduan, azken kolpearen irudi indartsuan. Sagardotegian hogeita lau ordu egiten zituen hura topikoetara ez etzateko bada aski arrazoi, bertso pare hau.

Sorta:

http://www.armiarma.eus/cgi-bin/urkiza/EBMODBER.pl?Bertso=28513

 

HIL DA CANOVAS (Txirrita)

 

Hil da Canovas, fuera Canovas
pikaro gaizki hezia,
galdu zituen gari-zelaiak,
gailendu zaio sasia;
galdu zituen ipar garbiak,
gailendu trumoi nasia,
galdu zituen fueruak eta
Jaungoikuaren grazia,
galdu zituen bizi-lekuak,
galdu du bere bizia.

 

Hiru reloju, hiruna kate,
hiru mailakin bakoitza,
buruan hiru korona eta
petxuan hiru orratza;
amorioa hiru dobletan
tximixta bezin zorrotza,
hiru tirokin utzi zizuten
zuri senarra hilotza,
hiru ezpatak zulatzen dute,
señora, zure bihotza.

 

 

  1. GELTOKIA: ARRASATE.

Bertso ibilbidea

Historikoki Arrasatera begira eraiki izan dugu gure bizimodua aramaioarrok. Institutua, parranda, erosketak, ospitalea, lantokia, igerilekua. Baina garai bateko menpekotasuna gaur egun hainbestekoa ez dela iruditzen zait. Gure herriak gero eta baliabide propio gehiago ditu, eta anpulosoegia izan daiteke subiranotasunaz hitz egitea, baina badaude horretarako motiboak.

Aramaioko Bertso Eskola sortu eta berehala egin genuen lotura estua Arrasatekoarekin, hasieran AEDren bueltan, gero modu autonomoan. Garai ederrak izan ziren. Arrasateko jenderik interesgarriena garai hartan ezagutu nuen. Agian distantziak eragindako lurruntzea daukat betaurrekoetan, baina herri bizi bat dut gogoan, dinamikoa, alaia. Putz aldizkaria bezalako zerbait sortzeko moduko gogo kolektiboa zuena. Hori bai: kooperatiben sehaska-izaerak erantsitako azal handiuste samarraren itzalak, eta ezker-usteko herritar askok zuten aristokrazia-usaineko jarrerek ilundua.

Gero iritsi zen krisia, eta, tartean, Fagor etxetresnen deskalabrua. Inguruko denok zipriztindu gintuen, ondorioak amaiera aldera apaldu ziren arren. Denok ditugu senideak, lagunak, ezagunak, kooperatiban. Eta, aitor dut, Aitor Sarasuak Debagoieneko Toberaren garaian jarritako sorta hau gehiago iristen zitzaidan krisiaren aurretik, ondoren baino.

Hori bai: sarasuatarren heterodoxia autofortzatuak askotan atzera eragiten badit ere, satirarako duten talentuak inbidia ematen dit.

 

Sorta:

http://blogak.goiena.eus/dtobera/2011/12/23/aitor-sarasua-eta-debagoieneko-tobera/

 

ARRATUS KANPANZARIS (Aitor Sarasua)

 

Gogoan daukat, ez du aspaldi
arratoi danon lilura
izerdi hotzez hurbiltzen gitzen
Arrasate ingurura
hainbeste maite genuen herri
zatar zaharraren itxura
fabrika artean erdi gordea
begira beti mundura
krisirik ustez iritsi ez zen
toki bakarra zen hura

 

Txingurri gaixo ebentuala
kalien dabil primeran
kakalardo baltz lehenau punkixa
parkien umezain eran
gestoretako aker hippixa
Eako ahuntzekin hegan
mobila eskuen buztanikara
Maxiko kutxan ileran
Herri honetan behar laukien
danak ez dauz Santagedan

 

Nahiz libre samar ibiltten garen
bestela egun eta gau
errege jauna datorrenien
gu kontainer barrura, rau!
munduarentzat eredu ona
eztakitt ba ete dan hau
kontainer danak beti beteta
ikusi, hartu ta gastau
poltsikuetan ez dau krisirik,
krisisa buruetan dau

 

Nahiz apal-apal irabazi dan
gaur arte hainbeste gudu
AED, Fagor, Emun ta abar
beste zerbaitten aiduru
hor kanpo hortan ibili dabil
makina bat artaburu
neuk txostenetan leiru dotena
ez dakitt hau zan seguru
beti kanpora begittu barik
bidia dala helburu

 

arratoientzat papelak eta
pertsonendako saldia
ondio beherau iristen bada
dalako krisialdia
ez begiratu beti gorutza
beien be badau bidia,
bakarka edo taldien joan
hor egongo da aldia,
ta hemen brillo gutxiaz baina
argi askoko taldia.

 

Apurka urrunduz ez ete zare
juan berbatik ta hitzetik
apur haundirik ez da etorten
mahai haundixak zerbitzetik
Euskal Herriko motor zarena
ez juan dieselan atzetik
bidia ibiliz egiten da ta
ez konplejoz bizitzetik
beltz ala zuri bardin da baina
aldegin beti grisetik.

Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate Zurbao-Arrasate Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate  Zurbao-Arrasate