2018-12-11
Haurrak eta kultura
Haurrak eta kultura –
NOR-NORI-NORK eta NOIZ-NOLA-NOREKIN
Badira haur jaioberrien zaleak. Hankagorriak, niniak eta oro har, urtebetetik beherako izate eta gorputz bildu, haragitsu, usaintsu horiek maite dituztenak. Beren haurrak kozkortutakoan ere, “zenbat gozatuko nukeen horrelako beste txiki bat zaintzen”, esaten dute, “baina gero handitu egiten dira, eta…” gaineratuz.
Ez da nire kasua. Lehenengo haurraren lehen umearoa ez zitzaidan bereziki gozagarri izan. Are gehiago, hainbatetan izan zitzaidan aspergarri. Ez nion neurririk hartzen haren konpainiari, batez ere biok bakarrik geundenean. Bigarren haurraren lehen urteak gehiago gozatu nituen: zerikusia izango zuen, ziur aski, zaharrenaren erritmora bizitzeak eta, dena esan behar bada, baita bizi-ziklo horretatik berriro ez ginela igaroko pentsatzeak ere.
Sei urte luze ditu orain zaharrenak eta laura bidean da gazteena. Gurasotasunaren aldi honetan familian nahi baino gutxiagotan gozatu ahal izan ditudan bi gauza garrantzitsu ari naiz berreskuratzen: mendia eta kultur-jarduerak. Mendi-irteerak ez dira gure plangintzetan sartu aurreko udara arte, eta izugarrizko plazerrez bizi dut naturan “egotetik” “ibiltzera” itzuli naizeneko garaia. Kultur-jardueretara itzultzea ere antzeko prozesua izaten ari da: agendan “haurrentzako ekitaldiak” bilatzetik “kultur-ekitaldiak” bere osotasunean aztertzera igarotzen ari gara, musikaren arloan batez ere. Sukalde-egongela-autoko diskografietan ere antzematen da galanki, eta haurren bueltan sortzen diren hainbat kultur-produkturekin izugarrizko gozatua hartu izan dudan eta hartzen dudan arren, haurrak vs. helduak binarismoa apurtzea ere gozagarri zait.
Eta non kokatzen da bertsoa gara(i)pen honetan guztian? Naturaltasunez ―uler bedi halabeharrez― eraman izan ditugu haurrak plaza irekietan antolatutako bertso saioren batzuetara, kiroldegietan jokatutako txapelketako saio bakan batzuetara… Beti ere zaharrena koaderno eta margo batzuk motxilan zituela, eta txikienarekin norbaitek sartu-irtenean ibili beharko genuela jakitun. Baina sinesten nuen “naturaltasun” horretan, alegia, helduon bertso saioetan pixkana beraiek ere integratzearen bidean.
Durangoko Azokako Saguganbaran “Bertso jasa. Bat-bateko jolasa” ekitaldian fortunatu nintzen seme-alabekin. Jone Larrinaga eta Unai Mendizabal bertsolariak haurrekin etengabeko interakzioan aritu ziren, haurrak eurak gai-emaile lanetan jarriz, oinak haiei galdeginez, gero asmagai izango ziren hitzak ere haurrei eskatuz… Eta harrituta geratu nintzen gure zaharrenaren zirkinik ere egiten ez zuten begi handi eta irekiei begira. Hura zen haurraren lilura, hura! Ahozabalik bera, bertsolariei bezainbeste ―edo gehiago― bere adin bueltakoak eta zaharxeagoak ziren umeei adi, zein partehartzaile zebiltzan ikusita.
Hortxe azaldu zitzaion bertsoaren erakarpen-indarra. Orduantxe ulertu nuen Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoak esaten dituenak baliagarri direla haurrentzat ere: “zerbaitekin zaletzeko, zerbait horretan sozializatzea ezinbestekoa da”. Sozializatzea ez dela beti, derrigorrean eta soilik berdinen artean gertatzen ere jakitun izanda…