Bertsolaritzan ez da inprobisatzen
Bertsolaritzan ez da inprobisatzen –
Nerea Azurmendik Diario Vascon.
Bertsozale Elkarteari hurrengo urteetako jarduna finkatzen lagunduko dion ikerketa soziologikoa aurkeztu dute jendaurrean, solasaldi mamitsuan
Durangoko Azoka, 53. edizioaren inguruko inpresio eta sentsazio gozoak nagusi direla amaituko da gaur bertan. Bertsozaleek, bertsolariek eta batzuen zein besteen ordezkariak biltzen dituen Bertsozale Elkarteak horrelaxe hasi zuen urtea, 2017ko Txapelketa Nagusiak utzitako sentsazio izugarri gozo eta bizigarriekin, BECeko irudiak ezin ahaztuta.
Inondik ere, «fenomeno arraroa», EHUko irakasle eta ikertzaile Harkaitz Zubiriren hitzetan, «BEC batean 14.000 pertsonak eguna pasatzea zortzi lagun ‘a capella’ kantatzen entzuten». Are arraroagoa kontuan hartzen bada 14.000 horiek Txapelketa Nagusia jarraitu zutenen hamarrena baino ez zirela.
Zubiri, Xabier Aierdi eta Alfredo Retortillorekin batera, bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoa egiten aritu da hiru urtez, Bertsozale Elkarteak eskatuta, «fenomeno arraro» horretan eta bertsolaritzaren zalantzarik gabeko arrakastan sakontzeko, hausnartzeko, eta Elkarteari hurrengo urteetako jarduna finkatzen laguntzeko.
«Bertsolaritza maila kolektiboan egin da bere buruaren jabe, giza mugimendu gisa»
«Asmatu behar dugu emakumeei leku sanoa egiten plazan, eta mugimenduan ere bai»
Aurretik, bitan egin du Elkarteak antzeko ariketa, orain dela hogei urte, eta orain dela hamar bat: egoera aztertu, diagnosi zehatza egin eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako urratsak finkatu. Bertsolariaren lana inprobisatzea bada ere, alegia, bertsolaritzaren etorkizuna bideratzeko orduan ez da ezer inprobisatzen.
Hirugarren ikerketa soziologikoari dagokionez, ekainean zehar partekatu zituzten ikertzaikeek emaitzak Elkarteko kideekin. Atzo, Areto Nagusiko Gogoetaren Plazan, jendaurrean aurkeztu zituen ondorio nagusiak Harkaitz Zubirik. Jone Miren Hernandez bertsozale eta EHUko gizarte antropologiako irakaslea bidelagun zutela, Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kolektiboko kide diren Igor Elortzak, Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok osatu zuten ikuspegia, bertsolari eta kudeatzaile gisa.
Zubirik esan zuen bertsolaritza bigarren ‘boom’ batean dagoela, eta bertsolariek ez zioten hori ukatu. Bigarren loraldi moduko honek, gainera, txiki uzten ditu 90eko hamarkadako lehenengo hark jarritako markak. Laukoiztu egin da saioen kopurua, hirukoiztu bertsolariena, eta inoiz baino jarraitzaile gehiago ditu bertsolaritzak…
Proiektu soziokulturala
«Fenomeno arraroa» zinez, horrenbeste hizkuntza ez hegemoniko eta horiei lotutako hainbat kultur adierazpen desagertzen ari diren garaiotan. Hortaz, panorama orokorra hori izanik, zergatik ari da indartzen bertsolaritza, ahuldu beharrean?
Bada, nagusiki, «kanal hegemonikoetan ez egon arren bere espazioak sortzeko gai izan den proiektu soziokulturala» delako, eta «bere buruaren jabe maila kolektiboan egin den gizarte mugimendu» horrek bertsolaritzaren aurrerabidea ahalbidetu duten baldintzak hobetu dituelako.
Gizarte mugimendu zabal baten bultzada duen proiektu soziokulturak hori da hain zuzen, Igor Elortzak nabarmendu zuen moduan, bertsolaritzak bizi duen une oparoaren oinarri nagusia.
Badira, dena den, elementu zehatzagoak. Adibidez, «sozializazio-gune berri eta eraginkorragoak» sortu izana, hala nola bertso-eskolak, edo Elkartea bera. «Artikulazioa» eta «dibertsifikazioa» ere aipatu zituzten arrakastarako errezetaren osagai gisa. Artikulazio horrek «mundu desberdinen arteko osmosia» posible egin du eta, ondorioz, onura handiak ekarri ditu bertsolaritzaren eta beste garai batzuetan oso urruti zeuden eremuen arteko harremanak.
Azken hamarkadetako «artikulazio garrantzitsuena emakumeen eta feminismoaren» presentziaren eta eraginaren areagotzea izan da, emakume bertsolariak igaro baitira ikusezinak izatetik lehen mailako eragile izatera. Koska eta kezka nagusietako bat ere hortxe dago. Nerabezarora arte, bertso-eskoletan eta, ia paretsu dabiltza neskak eta mutilak. Adin horretatik aurrera, beste eremu batzuetan ere bistakoa den arrakala, amildegia: mutilek jarraitzen dute aurrera, eta neska askok bertan behera uzten dute zaletasuna.
Plaza da horren isla zuzena. Txapelketa Nagusiko finaleko argazkia ere ez da adibide txarra. Lujanbio da azaltzen den emakume bakarra. Txapel eta guzti, baina bakarra. Gaiaren inguruko puntua Beñat Gaztelumendiri jarri zion saioko gidariak, eta bertsolari añorgarrak bi hariri heldu zien. Batetik, «kopuruak berdintzea justiziazkoa» dela esan zuen; bestetik, arazoa gainditu ezean, «bertsolaritzaren bideragarritasuna» bera jokoan egon daiteke.
Gaztelumendiren ustez, «ez badugu asmatzen emakumeei plazan leku sanoa egiten, eta mugimenduan ere bai, galera handia izan daiteke». Pentsatzekoa da, hortaz, hori izango dela berriro ere aldaketa, gaztetze eta eguneratze prozesuan murgilduta dagoen bertsolaritzaren hurrengo hamarkadarako erronketako bat.