Agurraren lezioak
Agurraren lezioak –
Txapelketari agur egitera nindoan BECera. Azken ahalegina egin gura nuen nire bertsokera gorenera eroateko, denik eta agertokirik ikusgarrienean. Horretarako aurkeztu nintzen 2017ko Txapelketa Nagusira. Eta ez nuen lortu.
Grina
Sentipen nahasiak izan ditut udazken osoan zehar. 2013tik 2017koaren zain nengoen, eta urte osoan zehar joan naiz, geldika-geldika, lan egiten: nire inguruaz eta egunerokoaz zein gure munduaz eta aldiaz hausnartzen; komunikazio, gidoigintza eta musika esperientzietatik bertsogintzara zer ekar nezakeen irudikatzen; literatura eta kazetaritza irakurketetatik berriak, iritziak, pasarteak gordetzen; erakusketa, zinema eta zuzeneko ikuskizunetatik ikasten. Eta asko gozatu dut horretan.
Irailetik aurrera astean behin, edo bitan, Eneko Abasolo, Miren Amuriza eta Jon Maia bertsokideekin biltzen hasi nintzen, txapelketarako saiakerak eginez, Beñat Gaztelu-Urrutia, Manu Goiogana eta Unai Iturriagaren laguntzagaz. Ekinaldi horietan ere, gehienetan, gozatu egin dut.
Lehiarako grinarik, ordea, ez neukan. Etorriko da, esaten nion neure buruari. Eta etorri zen bai Bastidako finalaurrekoa, baina lehiarako grinarik ez. Donibane Lohizunera motibazio handiagoarekin joan nintzen, nire burua erreibindikatzeko gogoagatik beste, esango nuke, Lapurdiko kostaldearekiko lotura afektiboagatik. Eta eskura izan nuen saio borobila egitea, kartzelako ona burutuz gero. Ez nuen egin. Eta ez nintzen mindu.
BECera joan aurreko asteetan, horrenbestez, nire burua estutu gura izan nuen, erronka jo, azken lau urteetan buruan nerabilen baina zegokidan garaian eskas nuen ilusio nagusia elkarrizketetan garbi adieraziz: buruz burukoan bertsotan egin nahi nuela.
Inbidia
Baigorritik, gehiago jarraitu nuen txapelketa. Kanporaketa gehienak Internetez jarraitu nituen. Leitzako saiora, aldiz, Miren Amurizarekin joan nintzen, eta Miren Artetxe, Alaia Martin eta beste hainbatekin batera jarraitu nuen saioa bertatik bertara. Oihana Iguaranek irabazi zuen Leitzako kanporaketa hura. Alaia Martinek aurrez irabazia zuen Baigorrikoa, Miren Amurizak handik gutxira irabaziko zuen Zallakoa, eta Nerea Ibarzabalek Zumaiakoa. Bertsogintzan eta bertsolaritzan gertatzen ari den aldaketak ikusgarritasuna lortu zuen, plazatik txapelketara jauzi eginez. “Gertatzen ari den” esan dut, baina eragiten ari diren aldaketa da, plazara jauzi egin aurretik ere lan pertsonal eta kolektibo isilagoa baitu atzetik jauzi berri honek. Leitzan modu bizian izan nintzen lekuko, oholtzako protagonista horiek kide bainituen entzuleen aulkian.
Eta nik badakit zer den mikrofonora indar horrekin ateratzea. Bertsotan egiteko gaur baino gaitasun mugatuagoekin izanik ere. Txapelketan esperientzia gutxi izan arren. Badakit zer den ateratzea horra aurrera esateko pare bat gauza argi izanik, aretoa lehertzeko uste osoarekin, eta gogoa daukazunean latza hau gure mundutxo hau hankaz gora ipintzeko. Eta jakitea, endemas, ez zarela bakarra. Zeuk lortzen ez baduzu atzean jesarrita dagoela beste bat, eta hark lortuko duela, edo datorren astean datorrenak. Indar horrek ez dauka berdinik. Zera hori puntarengoa da.
(Sekulako inbidia ematen didazue, eta onena desio dizuet).
Argi-ilunak
Prest eta prestatuta nengoen. Udazken aurretik lan handia neukan aurreratua, zer eta zelan esan nahi nukeen. Nire gaurko guak. Horrelaxe izendatu nituen kantura atera gura nituen pertsonaiak: migrazioaz balitz, gurago neure etxe aurreko jesarlekuko beltzez edo Bilboko portuaz; drogaz aritzekotan, aukeran kokainarekin arazoak izandako lagunei edo neure alkohol gehiegikeriei buruz; euskal gatazka armatuaren ondorioez tokatuz gero, hobe gure burua errugabetu behar hau edo zama guztia ordaintzen ari direnez zer erraz ahaztu garen adieraziz; generoaz behar bazuen, eguneroko bikote, lan eta gurasotasunaz ahal dela; eta abar.
Horretarako baldintzak ere, txapelketako gaiak, aztertu samar nituen aurretik, eta bertsoak bezain adi, edo adiago, jarraitu nituen kanporaketetan zehar. Eta nahiko kezkatuta nenbilen nire txanda iristerako. Bai kanporaketak jarraituz neure baitan bertsoaldiak irudikatuz bai bertsokideekin egiten nituen asteroko entseguetan, erraz kokatzen nuen neure burua binakako bertsoaldietan. Azkar topatzen nuen nire pertsonaia, eta, halakoetan ohi denez, bertsotan ere erraz egiten nuen. Bakarkako gaietan, baina, ohartuta nengoen nire asmoen erradikaltasunaz. Kontuak egiten hasita, hirutik behin topatzen nuen bide zuzena.
Oholtzara igotzea tokatu zitzaidanean, beste hainbeste gertatu zitzaidan. Ofizioka bizkor, argi eta eroso, eta bakarkakoetan motel, lanbrotsu eta nekez. Finalaurrekoetan egokitu zitzaizkidan kartzelako bi gaiak ez zitzaizkidan iruditu pare-parekoak. Probabilitatean sinetsita, hirugarrena, BECekoa, egokia tokatu behar zitzaidan. Eta hala zen, baina nik ez neukan eguna.
Loa
Ez dakit insomnioa zer den badakizuen. Putada galanta da, dakizuenok bat etorriko zaretenez. Egun dezente gainditu ditut, ondo, lorik apenas eginda: laneko betebeharrak, bertso saioak, konpromiso sozialak… Baina Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finala besterik da. Bastidako eta Donibane Lohizuneko egunetan ere lo arina izan nuen, baina saioa arratsaldeko bostetan izanda, lasaiago hartzen du batek atseden ohean, esna egonik ere, eta, iratzargailua geroago ipintzeko aukera izaten da beti, badaezpada, halako batean loak hartuz gero ere.
Baina aurrera beti. Jaiki, ordu erdi inguruko gorputz ariketak egin, dutxatu, gosaldu, jantzi, autoa hartu eta BECera. Bigarren kafea. Zozketan, bat zenbakia. Aurrera beti. Handian bale, txikian ondo, puntuak erantzuten udazken osoko hiru txarrenak, hamarreko txikian ondo, kartzelan huts. Aurrera beti. Bazkaldu eta gero, sekulako nekea. Eutsi, Igor. Beste kafe bat, eta zutitu paseatzera. Ez utzi gorputzari nagitzen. Arratsaldeko saioan ere, seiko motzean, lehenengo bikotea berriz, eta neu hasita beste behin. Aurrera beti. Puntuka ondo, bakarkakoan clown. Aldageletara joan-jina. Eta whiskya tazan, oholtzan buruz burukoa beste aho-zapore batekin entzuteko. Eutsi. Gutxi falta da.
Agurra pentsatuta nekarren, esan gabe doa. Kantatu nuen, emozioei eutsiz, eta bertsozaleen maitasuna eskertuz, bihotzez. Eta dena amaitu zenean, sekulako beheraldia sartu zitzaidan. Tristura bat itzela. Eta aldageletara joan nintzen, bakarrik egoteko gogoa neukalako, nasai negar egin ahal izateko.
Lana
Ez dut nik behar egiteko alferrik inoiz izan. Gogoko zereginetan jarduteko zortea izan dut ia beti, eta, bertsogintzari dagozkionetan pasioz egin dut lan urte askoan. 2017an ere halaxe ekin nion, bilketan urte osoan zehar eta bilaketan udazkeneko hilabeteetan. Eta lastotik gari asko bereizi dut beste behin. Urrezko pipitaren bat edo beste ere aurkitu uste dut, hareatzan. Lan horren emaitza txiki bat erakutsi ahal izan dut txapelketan bertan. Baina ez dio inporta.
Lanerako sekula alferrik ez izateak, urteotan guztiotan, lana ez dela sekula alferrik izaten erakutsi dit. Erabiliko ditut gari-aleak eta urrezko pipitak. Bat-bateko bertso saioetan ez bada, musikariekin egindako ikuskizunen batean izango da. Edo antzezlan baten gidoian, edo argitalpenen baterako idazlanen batean. Lehenago edo geroago, entzule gehiago edo gutxiagorentzat, erabiliko ditut.
Est-etika
Eztabaida klasikorik bada, edukia eta formarena da. Behin eta berriz errepikatzen dena. Eta bai, esateko daukaguna da inporta duena, ezbairik gabe. Kontua da, guk bertsotan esatea aukeratu dugu. Eta esateko daukaguna gutxiegi bazaigu bertso bat osatzeko edo gehiegi bertso batera moldatzeko, arazoa, auzia, ez da bertsoarena.
Bertsoa, funtsean, oinarrizko adierazpidea da. Kantu inprobisatua. Eta gutxirekin asko ematen digu kantuak: doinu bat, tonu bat; metrika bat, erritmo bat; errima bat, hots bat. Horren baitan inprobisatzerakoan aukera estetikoak asko izan daitezke, zenbat eta gehiago hobeto, baina kantuak ematen digun indar eta eder hori auzia konpontzeko bidea da bertsolariarentzat. Ez al da, bada, horixe zaletu gintuena eta gozarazten diguna?
Eta honaino helduta ezin ahozkotasuna vs. hizkuntza literarioaz ezer esan gabe utzi. Eta ez dakit, bada. Badirudi sakoneko zer bat badabilela, bertsoak egiten edonork ikasi dezakeela frogatu ondoren, bertsotan egitea berez zer den berretsi nahi duena. Eta zelan esan, zurian beltz ez bada: norbere herrian eta Euskal Herri osoan hizkera berberarekin bertsotan egitea pribilegio bat da; Txapelketa Nagusian “guzia” eta “luzia” errimatu ahal izatea pribilegio bat da. Emaitzak, katedrak eta boladako kritikariek onetsi dute joera hori, baina, kasu, kilometro gutxiko erradioan egosten ari da-eta hori dena. Ez gero harritu eskolartekoa irabaziko duen hurrengo arabarraren agurrarekin. #esandut.
Adiorik ez
Baten batek atera dezake triste eta haserre nagoela. Inondik inora ere ez. 2017a amaitzera doan egunotan, hogeita bost urtetik gorako begiratuarekin ikusten dut hau guztia. Pozik, lasai eta harro nago. 1990eko Bizkaiko Txapelketa hartatik eta 1993ko Txapelketa Nagusitik hona bizi izan ditudan porrot eta lorpen guztiak dira nireak.
Barruak agindu didana egin dut aldiro. Zintzoa izan naiz beti garai bakoitzean egin ditudan aukera etiko eta estetikoekin. Askotan, asmatu egin dut, eta beste askotan, ez. Batzuetan, haizeak alde jo du, eta beste batzuetan, ez. Ia beti egin dut ondo bertsotan, eta beti egon da nik baino hobeto egin duenik. Zenbaiten kuttuna izan naiz, eta gehienek estimatu naute.
Nire bizitzaren aldi luze, gogor eta eder bat amaitu dut. Eta bertso munduari astinaldi berri bat eragitera indarrez datozenak ikusita, pauso bat albora egiteko garai egokia da. Nahikoa lehiatu naiz ni. Orain bertsotan jarraitzeko gogoa daukat.