Datorren astean hasiko dira Bertso Udalekuak
Datorren astean hasiko dira Bertso Udalekuak –
Datorren astetik goiti bertso udalekuak hasiko dira: uztailaren 7an Orion hasiko dira; Irañetan, Muxikan eta Idauze-Mendin ere izango da parte hartzeko aukera, eta abuztuaren 24an amaituko da ekimena Zuhatzan.
Martxoan eman zuten izena 200 bat lagunek, 9 urtetik hasi eta 18 urtera bitarte, Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez. Txanda gehienak uztailean zehar izango dira. Oriokoa izango da lehena, San Fermin egunean hasi eta 13ra arte Itxaspe baserria izango dute bizitoki. Uztailaren 10ean Juantzirena aterpetxea beteko dute Irañetan 30 bat gaztek. Helduenek Muxikan eta Idauze-mendin izango dira, uztailaren amaiera aldean. Azkenik, Zuhatzako udalekuek itxiko dute denboraldia, abuztuaren 20tik 24rako planarekin.
Bertsolaritza ikastetxeetan
Elkarteak hezkuntza arautuan izan duen ibilbidea azpimarratu du, bestalde. 32. urtez Bertsozale Elkartea hezkuntza arautuan egon da lanean, Euskal Herri osoko ikastetxe publiko, kristau eskola zein ikastoletan. Aurten 507 ikastetxetan landu da bertsolaritza eta 26.300 ikaslerengana heldu da. Zeregin horretan aritu dira 47 irakasle.
Bestalde, 123 herritan izan dira martxan bertso-eskolak, eta gaztetxoek zein helduek osatutako 237 talde aritu dira astero bertsolaritza lantzen; 1.508 ikaslerekin abiatu zuten iazko udazkena.