Kargak&Deskargak, Baiona

Argazkiak: Conny Beyreuther

Kargak&Deskargak –

Kalerik egin gabe kalez kale, zakarrontzietako baleen hiltzaile

 

Aspaldi da patrikako zulotxoetan barrena haizea zebilkien bi mutil koskor eta hertzain bat elkartu zirela Basauriko Trintxeran, legea borrokatu eta galdu zuten beste lau musikarirekin batera Zazpi Eskale osatzeko. Pobreziaren aurkako ikuskizun hura lau urteko proiektu bilakatu zen, eta Euskal Herriko hamaika oholtza igaro zituzten bertsoa eta musika uztartzen zituen emanaldi hura eskainiz.

Berrikuntza nagusia, bertso musikatuak bainoago, musika bertsoekin zela izan zen, hitzei eta instrumentuei garrantzi bera emanez. Urte batzuk geroago iritsi zen Gu ta Gutarrak proiektua, lagun zaharrez eta bertso berriz osatua. Azken bi hamarkadetako euskal disko azpimarragarrienetako bat. Oraingo honetan, aretoen erosotasunetik kale kantoira salto egin dute Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek, Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariekin batera Kargak&Deskargak emanaldi berriarekin. Uda honetan Baiona, Gasteiz, Lizarra eta Bilboko kaleetan ibiliko dira hautsak harrotzen. Batek daki non amaituko duten.

Adi Jaun-Andreak! Giza abereak! Zaharrunoak! Eusnobak! Queer-ak eta fakirrak! Egun on, arratsalde on, gabon edo hor konpon! Hemen daude, heldu dira, badatoz Kargak&Deskargak! Euskal Herrian bakarrik eta Euskal Herrian bakarrak! Kargak&Deskargak kale kantoian! Baionatik Gasteizera eta Lizarratik Bilbora! Batetik bestera eramanez euskaldunon pozak, kezkak, erruak, nahiak, maiteminak eta konponezinak! Muxuak eta zaplaztekoak banatuz aterik ate! Kargak&Deskargak kale kantoian, goikoak behean jarri, eta behekoak goian!

Ez eskatu autolaguntza liburu gehiago Amazonen! Gure kargu logelan jarri nahi duzun masaje besaulki berria! Gure deskargu, egongelan traba egiten dizuten seme-alabak, nagusiari bidali nahi diozun landare karniboroa, Kolonbiatik iritsi behar zaizun paketea, joan zen larunbat goizaldean galdu zenuen burua, inoiz irakurriko ez duzun poeta albaniarren antologia, oraindik entregatu gabeko ur-pistolak eta maitaleak zor dizun zerengo zeraren zera. Kargak&Deskargak kale kantoian, goikoak behean jarri eta behekoak goian!

Honela aurkezten dute euren burua banaketa enpresa prekario bateko langile prekarioek. Hala eta guztiz ere, kideen katxea kontuan hartuta, susmoa daukat ez ote den beste zerbaiten tapadera izango. Lan ez egitean tematu ziren lau gazte, helduaroan zamalanetan hastea ez baita oso sinesgarria. Dena dela, ezohiko entrepeneur hauen aurkezpentxo bat egite aldera, hemen doakizue Bertsolari Aldizkariko Baionako korrespontsalak pasa zidan dosierra:

Rafa Rueda (Hegoaldeko Zaratustra). Bihotz apurtzaile hau, PiLTrekin Jainkoa hiltzeaz aspertuta, Pete Seeger berpizten ibili da Lou Topetekin. Bertsolaritik falta zaiona bertsiolaritik dauka, seiko elektrikoan gaindiezina. Taldeko txispasa.

Josu Zabala (Urepeleko Hertzaina). Kargante xamar zebilen enkargatua izan nahi zuela eta, baina, azkenean, ordezkari sindikal modura amaitu du megafoniarekin batetik bestera, Euskadin Rock&Rollak ez duela inoiz dirurik emanen eta konbenio berria negoziatu nahian. Enkargatua izan nahi zuen.

Igor Elortza (le miope interessant, le filigran du zortziko). Metaforen gerrateko beteranoa. Fina, dotorea. Alkandora hipsterrak janzten zituen, horiek hipster izan aurretik. Bertsotan eta beste hainbat diziplinatan, dedikatua bezain delikatua. Berrogei urteen krisian murgildu zen duela hogei, eta hor darrai. Topografoa, satorretan aditua.

Unai Iturriaga (le Johnny Depp, le Papillon, in le guevé la patada): Bazen behin gizon bat, patila batzuei itsatsia. Janzkera zein umore aldetik monokromatiko xamarra, hots, beltza. Bere bertsolari karrera oparoko poto lapsus entzutetsuena aita izaterakoan egin zuen. Unaik berak idatzitako bere Wikipediaren arabera, ekainak 28koa da. Deitu zoriontzeko, Ama Birjinaren partez dela esan.

Gauzak horrela, aurkeztutako lau gizaseme horien bila abiatu naiz Baionara. Eguerdiko 12:00etan da zita, San Andres plazan, Baiona Ttipian. Hain zuzen ere, hilabete batzuk lehenago ETAren armagabetzearen lekuko izan zen plaza berean. Ibiliko diren hiriburuetako leku esanguratsuetan abesteko asmoa omen daukate, eta esan beharra dago lehenengoa behintzat ondo aukeratu dutela.

Lehendabiziko aldia da Baionako bestetara noala, baina pasa didate abisua tixert zuri eta zapi gorriz jantzita joateko, sanferminetan bezala. Izan ere, zuria eta urdina omen ziren jatorrizko koloreak, baina, 1932az geroztik, Iruñeako jaien mugaz bestaldeko ispilu bilakatu dira Baionakoak. Horrek dakartzan gauza onekin, baina baita txarrekin ere, azken horietatik jendetza, zezenketak, frantziarrak eta sexu erasoak aipatu beharrekoak. Hala ere, zorionez, ostiral eguerdi lasai bat tokatu zaigu. Erdi galduta Baionako kaleetan, jendeari galdezka ibili naiz eta galdetu diodan bigarren pertsonak euskaraz erantzun dit. Bitik bat euskalduna, ez da proportzio txarra.

Jasotako azalpenei jarraika, plazara heldu naiz. Ez da zaila izan txiringito ibiltaria topatzea: kamiseta horiak, oso horiak, horiegiak agian; bafleak eramateko bi eskorga, eta hirugarren bat, badaezpada, Sarri azaltzen bada edo; megafono klasiko bat, zuritoak eskuan eta bitter sweet symphonyren melodiaren gainetik kuña bat topera; ahuntza falta zaie. Ekipoa xumea da, pretentsio handirik gabekoa, baina bere funtzioa betetzen duena. Argiztapena guztiz naturala da eta taldekideen artean txandakatzen dira ke-makinaren hutsunea betetzeko, nahiz eta, alor horretan ardura nagusia Unaik hartu duen.

Iragarkien atala amaitu orduko hasi da saioa. Ongietorria eman digute Sweet home Alabama doinuan abestutako agurrarekin: Kargak&Deskargak, kale kantoian, goikoak behean jarri eta behekoak goian! Txanponik ere bota diete. Zazpi Eskaleren garaiko nostalgikoren batek, ziurrenik. Agian ez dakite Baionako jai batzordeak kontratatuta etorri direla eta hauentzako kaxa bat dakartela, Bilbotik bidalia. Beraiek ere ez dakite zer dagoen barruan, baina saioa bukatu aurretik denen aurrean irekiko omen dute. Amu ona amaierara arte jarraitzeko. McGuffin izenez ezagutzen da, barruan zer dagoen ez dakigun baina garrantzitsua dirudien eta bukaerara arte zabaltzen ez den kaxa bat erakusten digutenean. Suspentsean adituak direla nabari da, Hitchcocken eskolakoak, jakin-min hutsa argumentuaren gainetik.

Inprobisazioa eta bertso jarriak nahasten dituzte. Lehenengo sorta Igorrek kantatu du Xabier Leteren “Jardin bat zuretzat doinuan”, hilabete batzuk lehenago plaza horretan bertan izandako ETAren armagabetzearen inguruan. Baionan ETAk baionetak entregatu zituela-eta ibili dira:

Ez dira lau ilargi bere baionetak
Hementxe bertan eman zituela ETAk
Beste arrangura bat du gaur suprefetak
Ez ahal dira izango Parisko leherketak
Betiko frantsestuko zaituzten profetak…

Armarik gabe jada, baina naziogintzan jarraitu dute gure kooperatibistek Altzurukutarrak taldearen Oi, ez sobera fida! eta Beatlesen With a little help from my friends doinuetan koblaka. Aurrez aipatutako kaxa sekretuari eta EHZ festibalaren alde abestu dute gehienbat. Izan ere, uztail hasieran, eguraldiaren erruz, bertan behera geratu zen urtez urte sona handiagoa hartzen ari den musika festibal hori, eta galera ekonomiko inportanteak jasan arren, ez da txikiagoa izan euskal herrietatik jasotako elkartasun uholdea. San Andres plazako lanekin amaitzeko, Rafak udazkenean aterako duen disko berritik aurrerapen bat eskaini digu, Nahikari izenekoa. Eta amaitu orduko, Josu Zabalak megafonia heldu eta manifestazio batean bezala abiatu gara emanaldiaren bigarren geltokira.

Hotel Monbarren pare-parean geratu gara, non bestela? Euskal gatazkaren historian orrialde beltzenetako bat idatzi zuen, Espainiako garai hartako PSOEren gobernuak finantzatu eta zuzendutako GAL erakunde armatu parapolizialak. Historia luzea eta aldagai askoko ekuazioa, nahiz eta X denentzat ezaguna izan. Agur Intxorta maite diskoko Ekaitza kantaren doinuan aritu da Unai gure iraganeko zaurietan aztarka:

Gertakari mingotsetik ere bada zer eman ta non har
Gauden tokiaren esanahiaz nor ez liteke gaur ohar?
Bi estaturen esku beltzenak, zenbait mertzenario koldar…
Lau odol putzu ta hil kanpaien errepika da Hotel Monbar!
Beraiengatik eta gugatik ez duguna ahaztu behar.

Mamuetatik ihesi, eta gizalegezko bat-bateko saio baten ostean, esperantzarako tartetxo bat eskaini digu Josu Zabalak, Aguxtin Alkhaten Ez da berantegi kantuaren moldaketa batekin. Amaitu eta Hotel Monbarretik gure konfort-gunearen bila abiatu gara: Txosnagunera. Bertan, etxean bezala eta masifikatutako kaleetatik at, euskal kanta ezagunen Frankenstein gisara, Gu ta Gutarrak taldearen Historiaren taberna kantua jo dute. Ondoren, Leonard Cohen handiaren Dance me to the end of lovekin hasi dira bat-batean, ‘Aitona tipulin’ pare baten modura: nola zahartu diren, nola lehengo garaiak hobeak ziren eta abar nostalgiko bat. Ez dira konturatzen, Angitak zioen bezala, zaharrak baino, klasikoak direla, eta klasikoak, amigo, ez direla zahartzen. Gainera, hobe izango da, bada, zahartzea, zahartzeari uztea baino? Leonard Coheni galdetu bestela.

Amaitzeko, hasierako agurrean esandakoa biribilduz, Creedence Clearwater Revival taldearen Down in the Corner doinuan jarri dute erritmoa; gerriak geldi baina gogoak aidean, etorri diren bezala joateko: Kargak eta deskargak, kale kantoian, goikoak behean jarri eta behekoak goian!

Bueno, pastelkeria eta barne krisi existentzialistak alde batera utzita, konturatu dira ikusleen irrika asetzeko garaia iritsi dela. Eta ekin diote, azkenean, Bilbotik Baionara ekarritako kaxa misteriotsuaren irekierari. Espektatibak altuak ziren eta unboxingak ez du hutsik egin. Denetarik dago bertan, kolore arrosako ezabagoma, peluka eta abarrak, mahats zuku ekologikoa, inkesta soziolinguistikoa, baita pistola bat ere.

Ai, mugako kontrolean geratu izan balituzte…

Kargak&Deskargak  Kargak&Deskargak  Kargak&Deskargak  Kargak&Deskargak  Kargak&Deskargak