Argentina IV: Payada eta rapa, aurrez-aurre
Payada eta rapa –
Argentinan, Hego Amerikako beste hainbat herrialdetan bezala, ahozko inprobisazioak tradizioan du oinarria eta payadoreak dira horren ordezkari. Ez da, ordea, azken urteotan emanaldi moduan ikus daitekeen inprobisazio mugimendu bakarra. Hiri inguruetan asko zabaldu da hip hop mugimendua eta raperoen ahotsak indarra hartu du. Bi mugimenduok ez dira elkarri bizkarra emanda bizi, hala ere. Orokorrean bakoitzak bere bidea duen arren, badira urte batzuk emanaldiak elkarrekin (edo elkarren aurka) eskaintzen dituztela, payador vs rapero formatuarekin. Bi inprobisazioen elkarlana hobeto ulertzeko bi mugimenduak uztartu zituzten aitzindariek eman digute lanaren berri.
Emanuel Gabotto (1983, La Plata)
“Ez bazara sozialki konprometitua, ez zara”
Familiatik jaso du Gabottok payada, aitona Enrique Repetto umetatik entzuten baitzuen etxean inprobisatzen. Ama ere (Susana Repetto) payadore ezaguna da eta bere “lehen sehaska kanta payada bat izan zen, ziur”. Amarekin ikasi zuen payatzen, lehenik etxean pare bat urtez, 12 urterekin lehenengoz oholtzaratu arte: “Ni milonga[1] kaxkar bat joz hasi nintzen, letra bat buruz ikasi nahian oroimenari tiraka. Irakurri eta entzundakoarekin eta gure amak gidatutakoarekin hasi nintzen neurriak eta estrofak deskubritzen (zortzikoa, dezima), zerk zerekin errimatu behar zuen ikasten etab”. Artean ez zuen bere burua payadore ikusten, berak dioen bezala gehiago zen ameslari; “baina patuak ametsa bete dit gerora”.
Tradizioa eta bilakaera
Argentinako payadak “mitoaren eta errealitatearen arteko figuretan” du jatorria: Martín Fierro eta Santos Vega. Lehengo mendean, ordea, arbaso afrikarrak zituen Gabino Ezeizak profesionalizatu zuen. 1900. urte inguruan, payadoreak bakarrik inprobisatzen zuen eta, buruz buruko kontrapuntuak hasi zirenean, milongara jo zen, payadoreak gitarraz lagundu ahal izateko. Asko inprobisatzen zen cuartatan, dezima gailendu zitzaion arte. Geroztik, “arte honek entzute handi eta ertaineko zikloak izan ditu, testuinguruaren baitan”. 1955. urtean esaterako, ‘La Cruzada Gaucha’ izeneko mugimendu rioplatense[2] batek iraultza ekarri zuen: ibaiaren bi aldeetako payadoreak hautatu eta 19 probintzietan ibiltzen ziren, estadioak betez!
Gero “isiltasun garaia etorri zen, herri mailan behintzat”; diktadurak 30 mila pertsonatik gora desagerrarazi zituen urteetan (1976-1983). Atzetik Malvinetako gerra izan zen… 1983tik aurrera, demokrazia garaian, “kultura burua altxatzen hasi zen, eta, kulturarekin batera, payadoreak”. Bikote gogoangarri batek jarri zuen arte hau lehen lerroan atzera: José Curbelo eta Roberto Ayrala.
Gainera, hori gertatu aurretik ere, emakumeen presentzia abesti inprobisatuaren estiloari sentikortasuna ekartzen ari zen: Susana Velazquez, Susana Repetto, Marta Suint, Liliana Salvat izan ziren lehenengotarikoak. Argentinako hainbat probintziatan payadore belaunaldi berriak agertu ziren, nahiz eta Buenos Airesekoak nabarmentzen diren normalean. “Egungo egoerara ekarri gaitu horrek, oso etapa interesgarri batera: eremu berriak irabazi dira, Mercosurrek ondare izendatu du eta eskolak antolatu dira”.
Irakasle gisa transmisioan
Gabottok argi du oholtzatik kanpo egin nahi duen ekarpena: “Uste dut funtsezkoa dela hau ondorengoei transmititzea”. 2010ean hasi ziren irakasle moduan eta, egun, 5 gune ditu 400 ikasle baino gehiago jaso dituztenak; metodologia ere garatu du urteen poderioz. “Payadore jaio edo egin behar ote den eztabaida beti izan dugun arren, Guillermo Velázquez mexikarrak esango lukeen moduan, inprobisatzailea eginez jaiotzen da”. Gabottoren aburuz, jaiotzaz denak ere lan asko egin beharko du perfekzionatzeko, eta hori eskoletan egiten da. Argi dio ez daukala payadore fabrikarik, “ezin da etorri eta bihurtu; zuk zerbait ekarri behar duzu zeurekin. Gero bai, zubi honetatik pasatzean hartuko dituzu eta landuko dituzu gaitasun batzuk hau lanbide bihurtzeko, nahi baduzu”.
Payadorearen iritziz, tradizioa ezagutu behar da tradiziotik sortu ahal izateko: “Ezin da payadore izan Indio Bares, Carlos Molina, Roberto Ayrala, Martín Castro ezagutu gabe… Ez bazara eurak irakurriz maitemindu eta ez bazara sozialki konprometitu, ez zara”.
Aurrera begira
Etorkizunean ere, orain arte izan duen eguneroko borrokari eutsiz irudikatzen ditu payadoreak. “Arte honek larunbatean herrialdeko areto handienean jartzen zaitu eta, igandean, txoko batean gutxi batzuei kantari; egunero sortzen zara berriz; sekula ez zara iristen”. Inprobisatzailearen ustez ona da borroka irabazitzat ez ematea, lan guztiei arduraz heltzea dakarrelako. Egungo teknologia eta medioak erabiltzen ditu payadak ezagutzera emateko. Baina badaki ezin dela horrekin nahastu; ezin dituela “esentzia eta mistika” galdu. Itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari, “fedea dut belaunaldi berriengan; une honetan badira 200 bat nerabe payadore izatearekin ametsetan! Hau ez da sekula gertatu aurrez”. Baliteke gero ez denek jarraitzea, baina gazteen gosea seinale ona dela dio.
Aurrera begira payadari opa diona garbi dauka: “Gustatuko litzaidake payadoreak espazio berriak bereganatzea tradizionalak utzi gabe eta modernitatera egokitzen joatea criollismoari[3] eutsiz, ideal liriko eta sozialak mantenduz”.
Mustafa Yoda (Gustavo Adolfo Aciar, Moreno)
“Rapa oso tresna indartsua da gizarteak baztertuta dituen gazteen ahotan, bereziki”
Buenos Aires hiriko kanpoaldeko Morenon hazi zen eta gaztetatik gustatu zitzaion Hip Hop mugimendua. Nerabezaroan lagunekin parkean elkartu eta freestyle mundua jarraitzen hasi ziren, laster rapeatzen. Bi urtera (1998) ari zen lehenengoz jendaurrean eta ‘La Organización’ izenarekin abiatu zuten Argentinako lehen rapero taldea. 2000. urtean Sudamétrica sortu zuten, rap independentearen zigilu bihurtu den diskografika. Bi aldiz irabazi du Argentinako freestyle txapelketa (2002, 2003) eta hainbat lehiaketa eta emanaldi mota bultzatu ditu. Bera da, besteak beste, rapero vs payador ikuskizunaren arduradun. Epaile gisa ere aritu da Redbull-ek antolatutako ‘Batalla de gallos’ lehiaketan, eta baita payadoreen txapelketetan ere. Argentinan letragile moduan da ezagun, atera dituen hiru diskoak onenen artean kokatu baititu Rolling Stone aldizkariak.
Bideak zabaltzeko premia
Ez zen erraza rapeatzen ikastea, baina are gutxiago rapeatzera joan ahal izatea. Yodak dioenez, lehiaketa eta emanaldietarako topatu zuten lehen muga fisikoa izan zen; distantzia, alegia. “Bi orduko bidaiak egiten genituen elkartu eta inprobisatzeko; lehiaketetara joateko, berriz, 10 orduko bidaiak, edonoiz”. Hasiera hartan CDak erosi, elkarrekin trukatu eta parkean inprobisatzea zen ikasteko era. Maila apur bat hartu ostean jo zuen Mustafa Yodak Txileko lehiaketa batera, eta garaile atera zen: “Ez zen lorpen makala, entzuleak, epaileak eta inprobisatzaile guztiak txiletarrak zirela kontuan izanik”.
Argentinan jokatu zen nazio mailako lehen txapelketarako ere Cordobaraino bidaiatu behar izan zuen parte hartzeko (7-8 orduko bidaia). Lehen bi edizioetan irabazle izan zen Yoda. Hip hop munduan bidea egin nahi zutenen zailtasunak ulertuta, ordea, ‘Secretos de Sócrates’ plataforma sortu zuten, “errimaren gerlariei eztabaidarako gune bat” eskaintzeko.
Raparen funtzioa Argentinan
Mustafa Yodaren ustetan edozein arte motak bezala, rapak komunikatzeko balio du, “oso tresna indartsua da gizarteak baztertuta dituen gazteen ahotan, bereziki”. Jakitun da kanpotik begira, sarri, lehia zakarrari lotuta aurkezten dela aurrez aurreko emanaldia, baina, barrutik, argi dauka zein den oinarri ukaezina: errespetua.
Azken boladan indar dezente hartzen ari den eredua azpimarratzen du Yodak, rancheada: 200 gazte inguru herri bateko plazan elkartu eta elkarrekin rapeatzen aritzea. Batzuetan lehia moduan ematen omen da eta beste batzuetan, besterik gabe, gozamenerako, “hori da hip hop-aren esentzia”.
Etengabe berritzen doan mugimendua da eta rapero honek jatorrizko hizkuntzetan rapeatzen duten gazten lana azpimarratzen du: “Hor ikusten da garapena, nola genero hau bailara bakoitzean identitate propiora egokitzeko gai den”. Mexikon, Txilen eta Perun rapeatzen omen dute euren berezko hizkuntzetan, eta Argentinan, baita mapuche gutxi batzuek ere.
Payadoreekin harremanetan
“Payadoreak gure errimen maisuak dira” aitortzen du hitza aipatu orduko. Behin edo behin entzun bazituen ere, lehen harremana payada bateko epaile izateko gonbita jasotzean izan zuen. Bera da payadoreen epaile izan den lehen raperoa. Hortik harremanak landu eta rap emanaldien inguruko lanketan ari zirela otu zitzaion elkarren arteko lehiarena.
Ontzat baloratzen du ekimena, “eremu zabalago batera” iristea ahalbidetu dielako. Mugaz gaindiko saioak ere egin dira, Txile eta Argentinako payadore bana Txile eta Argentinako rapero banaren aurka, esaterako: “Azken honi ‘sin fronteras’ deitzen diogu eta arrakasta izan du”. Emanaldi asko egin dituzte “elkarrekin, baina elkarren aurka aritu gabe”.
Raparen etorkizunaz
Aurrera begira, “bilakaera interesgarria” ikusten dio Latinoamerika osoan, “edukiz aberatsa”. Bere iritziz, AEBetako auzo txiroetan lan esplotazio handia zegoenean Blues estiloa sortu zen moduan, “hip hopa, erbesteratutako afroamerikarren ondorengoek sortu dute auzo txiroetan, lan faltaren desesperazio giroan”. Yodaren ikuspegtik, gizarteko ezinegonak artearen bidez adierazten dira, eta tresna horietako bat da rapa: “Horregatik uste dut hemen ere bilakaera interesgarria izango duela, antzeko zikloa ari delako errepikatzen eta esateko asko dagoelako”.
Payador vs rapero
Lanak erdibanatu dituzte eta emaitzak bikoiztu. Raperoak eta payadoreak aurrez aurre jartzen dituen lehia estiloko emanaldi mota honek espazio berriak ireki dizkie bi inprobisazioei eta ezagun bilakatu ditu lehen irismenetik kanpo zituen jendearentzat.
Bi generoen lehen uztarketa elkarren epaile aritzea izan zen: Mustafa Yodari payada bat epaitzeko eskatu zioten eta Emanuel Gabottori freestyle lehiaketa baterako deitu zioten geroago. Elkarren lana ezagutu ostean, elkarrekiko miresmenak bultzatu zituen gerturatzera. Gabottok harrituta ikusten du hip hop munduarena: “Herrialde honetan ez da azken hamar urteotan hainbeste hazi den diziplina artistikorik”. Yodak, berriz, payadoreen konposizio maila eta tradizioaren balioa azpimarratzen ditu: “Guk berritasuna eskaintzen diegu eta eurek tradizioa. Elkar osa dezakegu zentzu horretan”.
Elkarlanak irakatsi die bi diziplinak ez direla hain desberdinak, funtsean: payadoreek, raperoek hainbeste baloratzen duten “errematea” dutela uste du Yodak, “hip hop munduko jendeak ez du espero eta harritu egiten dira”. Gabottok ere, euren errematea rapeko ‘punch line’aren berdintzat jotzen du, dezimaren baliokidetzat du raperoen zortzikoa eta, azken batean, “izen desberdina jarri arren teknika asko berdinak” direla ikusten du. Inprobisazioa agertzeko moduan ikusten dute desberdintasuna, estetikan eta adierazteko eran: “Guk topaketak egiten ditugu eta raperoek lehiaketak, eta euren publikoa gazteagoa eta masiboagoa da”, dio payadoreak.
Raperoa izan zen ideia proposatzeko lehen deia egin zuena: “Ikusten nuen oso interesgarria zela biak uztartzea, elkarrengandik ikasteko”. Emanuel Gabottorekin batera David Tókar payadorea animatu zen proiektura, eta raperoen artean Kódigo eta beste hainbatek ere bat egin zuten. Geroztik, herrialde osoan zehar ibili dira, eta baita Txileko hainbatekin ere.
Bi generoak uztartzeak aukera berriak zabaldu dizkie bi mugimenduei, payadoreak hip hoparen giroko inguruetara iritsi dira, eta raperoek tokia aurkitu dute emanaldi tradizionalagoetan; gainera, “batean edo bestean kokatzen ez diren espazio berrietara iristea” lortu dute, Yodak dioenez. Gabottok ere hala azaltzen du: “Gazte askok emanaldi honi esker deskubritu dute gure lana, zuten irudi aspergarritik harago”. Yodak ere oso harrera ona sentitu du: “Ikusleak raperoak direnean ere, lehia hastean payadoreen alde jartzen dira askotan”, eta alderantziz ere ikusten du, payadoreak entzuteko ohitura dagoen lekuetan, “belaunaldi gazteagoek gustukoago dute rapa, eta, nahasketari esker, familia osoarentzat gustagarri da ikuskizuna”. Payadoreek beste norabidean ere deskribatzen dute hori: “Gure artea jarraitzen duten helduagoengana iristea lortu dute; hauek raperoen proposamena onartu dute pixkanaka, oso desberdina iruditzen zaien arren”. Biek sentitzen dute ekimenarekin asmatu dutela, Yodak dioen moduan: “Zubi kultural hau bakarra da” eta inprobisatua izaki, “emanaldi bakoitza bakarra eta errepikaezina” dela gehitu dio Gabottok.
[1] Argentina, Uruguai eta Brasilgo Hegoaldean dezima inprobisatuak laguntzeko erritmo tradizionala.
[2] Argentina eta Uruguai bereizten dituen Rio de Platak ematen dio izena eta bi aldeak hartzen ditu
[3] XIX. mendeko mugimendu literarioa, gizarteari lotua eta herritarren eguneroko kezkei ahotsa ematen ziena.