Bertsoa, botatzetik kantatzera

Bertsoa, botatzetik kantatzera –

Erreportaje hau Itziar Ugartek egina da, Berria egunkariarentzat.

…………………………………………………………………………………………………….

Bertsolaritza ezin da ulertu kantaerarik gabe, eta, halere, badirudi ez zaiola behar beste arreta eskaintzen. Premisa horretatik abiatuta, bertsolarien kantaeraz aritu dira Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio Bertsolarien kantaera eta sormena EHUko udako ikastaroan, Miramar jauregian (Donostian). Bertsolaritzaren prosodiaren inguruko doktoretza tesia garatzen dabil Aizpurua, eta Navarrok master amaierako ikerketa egin du kantaeraren inguruan; Lujanbiok bertsolariaren esperientzia gehitu die azterketa akademiko horiei. Bakoitzak hitzaldi bana eskaini du hasteko, eta mahai inguru batean bildu dituzte gogoetak ondoren.

Hitzaldi katearen ostean, Aizpuruari eta Navarrori begira, hala aipatu du Lujanbiok: «Liluragarria da intuizioz-edo usaintzen genituen gauzak zuek hain argi azaltzea. Denbora guztian pentsatzen duzu: ‘hori banekien, baina ez nekien nola azaldu’». Aizpuruak aipatu dituen prosodiako elementuak —azentua, pausa, tempoa…— oso identifikagarriak egin zaizkiola aipatu du bertsolariak. Eta landu daitezkeen arren, «zintzoena intuizioz egitea» dela adierazi du: «Lanketa hori ikusten denean, aldamioak ikusten direnean —pausa luzexeagoa egiten ari zarela apropos jendea tentsioan izateko, adibidez— zure pertsuasio interesa ikusi egiten da, eta hori baino gauza itsusiagorik ez dago. Asko zaindu beharreko gauzak dira».

Bertsoa, botatzetik kantatzera
Arg Gorka Rubio

Ohartarazpen bat ere egin du: nostalgiarik ez. «Lehen nola kantatzen zuten, gaur zenbat estandarizatu den kantaera… hori hala da. Kultura musikalak gustua kamustu digu, edo, hobeto esan, gustua aldatu digu, baina, nostalgia baino, errebisioa egin dezagun; doinua zenbat lantzen den, axola duen edo ez, zenbat mimo jartzen diogun horri, noiz balio duten… Izugarrizko terrenoa dago hor lantzeko».

Kantaeraren barruan, doinuez aritu da Lujanbio bere hitzaldian, eta horrek eragin du mahai inguruko iritzi trukea. Oiloa eta arrautzaren galdera egitera doala aurreratu du Agin Laburu bertsolariak publikotik: «Doinuak jarrera baldintzatzen du, eta jarrerak doinua. Baina, zer da lehenago; jarrerak dakar doinua, ala doinuak dakar jarrera?». Bi-bien nahasketa dela erantzun du Lujanbiok, elkar eragiten dutelako ezinbestean. «Betiere, zure buruari uzten badiozu gaia entzun ondoren pentsatzen doinua; eta ez dena beti gertatzen, batez ere, txapelketan». Izan ere, Txapelketa Nagusiak baditu bere salbuespenak, eta doinuak aurrez gertatuta eramatea izan ohi da haietako bat. Gerta daiteke, ordea, prestatuta eramandako doinua jarritako gaiarekin ondo ez ezkontzea, eta, orduan, Lujanbioren arabera, bertsolariaren esku dago zer egin: «Ausartenek doinua aldatuko dute, eta kontserbadoreenek eurenarekin jarraituko dute». Zehaztapen bat egin du, entzuleek barrez hartu dutena: «Egungo txapelketek, gainera, nola ez duten gairik planteatzen —kartzelako gaiak, batez ere—, beti ondo etor dakizuke pentsatutako doinua».

Bertsoa «bota» ahal izateko, zenbait doinu «kantatuegiak» izan daitezkeela aipatu du Lujanbiok —Mendian gora haritza, adibidez—. Baina bertsotan «ondo kantatzea» zer den ere eztabaidagarria dela aipatu du: «Bilatzen dena komunikazioa da, ez hainbestea afinazioa eta perfekzioa kantuan».

Kantua, falta den ikasgaia

Bat etorri dira kantaera bertsolariak landu beharreko alorra dela, eta bertso eskoletan bazterreko kontua izan ohi dela esatean. Nola landu, baina, zail da adosten.

Halakoetan ohi denez, nola ez egin esaten hasi da Navarro: «Doinu bat ikasteko bertso paper batzuk elkarrekin kantatzeak, esaterako, kantaerak uniformatzen ditu». Proposamen bat ere egin du: bertsolariak imitatzea. «Lizaso bazina bezala kantatu, esaterako». Ahotsarekin jolastea, doinuak probatzea, kuriositatea lantzea, edo norbere doinuak bilatzera bultzatzea gaia ikusarazteko bide izan daitezkeela dio.

Ainhoa Aizpuruak «kontzientzia» aipatu du nola horri erantzuteko lehen urrats gisa. «Kantagintzak bere pisua duela ohartaraztea, mezua ahoz ematen den heinean, kantaera bertsoan integratua dagoelako». Karlos Aizpurua ikastaroko zuzendariak «azpiegitura aldatzetik» has daitekeela iradoki du: «Bertso eskolan bi ordu ematen badituzu astean, ez dago denera iristerik».

Lujanbiok kontzientziazioaren hari muturrari heldu dio: «Badaude bertso eskola batzuk, zeinetan denek oso ondo kantatzen duten; gure artean beti esan izan da zarauztarrek beti ondo kantatzen dutela, esaterako. Zergatik? Bada, landu egin dutelako». Gakoa doinua mezuaren «garraiobide huts bat» ez dela jabetzean datzala dio; arreta kontua dela, betiere, ibiliaren irakaspena gogoan hartuta. «Nik ez dut kontzienteki kantakera landu inoiz; arreta jarrita, eskarmentuak eta ibiliak erakusten dizu».

Jende aurrean eta ahotsez egiten den jarduna da bertsolaritza. Hala errematatu du Lujanbiok. «Agerikoa da, baina ezin da gutxietsi, ezin da edozein jarreratan kantatu; hautu estetiko eta ideologikoak dira». Bertso bera bi pertsonen ahotan ezberdin epaitzea «injustua» baino, logikoa da bertsolariarentzat; bertsoa ez delako soilik testua, ezpada inguratzen duen guztia; tartean, kantaera. «Kontua litzateke bertsokera, ahoskera, jarrera… desberdin guztiak apreziatzeko gai izatea».

Bertsoa, botatzetik kantatzera