Feminismoarekin erriman

Feminismoarekin erriman –

Honako idatzia Itziar Ugartek Berria egunkarian plazaratutakoa da. 

 

BERTSOLARITZA 

Feminismoarekin erriman

‘Txapelatik gobarara. Emakumeak, feminismoa eta genero ikasketak azkenengo hiru hamarkadetan’ hitzaldia eman du Jone Miren Hernandezek, EHUko Udako Ikastaroetan

2017-07-11 / Itziar Ugarte Irizar

Feminismoarekin erriman
Jone Miren Hernandez antropologo eta EHUko irakasleak hamar urte inguru daramatza bertsolaritza aztertzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS

 

Duela hamar bat urte ekin zion bertsolaritza aztertzeari Jone Miren Hernandez Garziak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1970). «Bertsolaritza interesatzen bazait, da zubi bat ikusten dudalako bertsolaritza eta gizartearen artean. Leiho bat da euskal gizarteari eta kulturari begiratzeko». Euskal Herriko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Excellence in Basque Studies VII. Genero Ikasketakikastaroa ireki du Txapelatik gobarara. Emakumeak, feminismoa eta genero ikasketak azkenengo hiru hamarkadetan hitzaldiarekin.

«Lujanbiok txapela irabazi zuenean, ahots batzuk agertu ziren esanez horrekin ja berdintasuna lortu genuela, bukatu zela eztabaida. Zer gertatu da? Zenbaterainokoa izan da jauzia eta zerk eragin du?». Hasierako galdera horretatik tiraka, orain ikergai dituenekin segi du: «Zer dio Lujanbiok irabazitako txapelak euskal gizarteari buruz? Zer, euskal emakumeei buruz? Zer, feminismoen lorpenei buruz?»

Erantzunetara hurbiltzeko, hiru ardatz aurkeztu ditu antropologoak: «Hizkuntzak, hitzak eta bertsolaritzak gizartearekin duten lotura, bertsolaritza garaikideak euskal kulturaren ikurra bihurtzeko izan duen ibilbidea, eta bertsolaritzaren agertokian genero ikuspegiak eta feminismoak hartutako tokia».

HITZAREN LAN BANAKETA

«Kultura sortzeko eta eraikitzeko tresna» den heinean interesatzen zaio hizkuntza antropologoari, hizkuntza «praktika zehatzei» lotuta aztertzea: «Hizkuntza presentzia eta gorputza da. Boterea dago, eta, ondorioz, hizkuntzari lotutako lan banaketa. Genero-ikuspegitik, hitza eta boterea gizonezkoen esparrua izan da, eta hitza eta hezkuntza, emakumeena». Euskal kulturan, nazionalismoa sortzen den unean gertatzen da hizkuntzari lotutako lan banaketa Hernandezentzat; baita hizkuntza politika ere, askok 1982ko Euskararen Legea hartzen badute ere abiapuntutzat. «Emakumeak garai horretan, batez ere, amak ziren, zentzu bikoitzean: ama biologikoak eta aberriaren amak. Haien ardura zen hizkuntza transmititzea», adierazi du. Marko tradizional horretan, gizonez, aldiz, zera: «Hitzak balio du gizona ordezkatzeko eta gizona zerbait bada, bere hitza da».

Hizkuntza politikaren bilakaera 1895etik 1982ra bitarte azaldu du Hernandezek: «alderdi nazionalistaren sorrera urtetik», Euskararen Legera arte. Hasieran, emakumea hizkuntzaren kudeaketan «protagonista» zela azaldu du ?Emakume Abertzale Batza eta «andereñoen mugimendua» aipatu ditu fenomenotzat?, alabaina, euskalgintzaren hedapenarekin eta hizkuntza plangintzarekin, «maskulinizazio prozesua» jazo zela dio. «60ko hamarkadako birarekin lotzen dut nik hori; euskalduna euskaldun definitzen zuen ardatza erlijioa edo arraza izateari utzi, eta hizkuntza bilakatu zenean».

BERTSOAREN ERRITUALA

Nola bihurtu da bertsolaritza euskal kulturaren ikur nagusietako bat? Aurrekariak aurrekari, XX. mendean kokatzen du Hernandezek «bertsoaren erritualizazioa». Ikur bihurtzeko bide horretan, bi mugarri aipatu ditu. Batetik, 1930ean Manuel Lekuonak Bergaran (Gipuzkoa) emandako hitzaldia, zeinetan bertsolaritzaren lehenengo teoria osatu zuen Lekuonak; bat-batekotasuna bertsolaritzaren izaeraren erdian, eta hori ahozko literaturan kokatuta. «Egitura eta identitatea» eman zion horrela diziplinari, ikur bihurtzeko urrats ezinbestekoa, Hernandezentzat. Beste mugarritzat, 1935eko Euskal Herriko lehenengo Bertso Txapelketa Nagusia aipatu du, Basarrik irabazitakoa. Hor hasten da Hernandezentzat bertsolaritzaren «garai berria».

Txapelketa Nagusiaren fenomenoa bereziki interesatzen zaiola aitortu du Hernandezek, «gizartea dagoelako hor». Joseba Zulaika antropologoak ere aztertu du txapelketa. Harentzat, euskal kulturan biko eskema bat dago, «jolasarena eta jokoarena», eta bigarrenean kokatzen da bertsolaritza; jokoa «lehia» dela dio, arauak, mugak eta irabazle bakarra dituen egitura.

FEMINISMOA OHOLTZAN

Hernandezen ustez, «bertsolaritzan bereziki ondo errotu dira feminismoak planteatutako aldarrikapenak. Ekarpena bi norabidetakoa da: feminismoak tokia hartu du bertsolaritzan, eta, era berean, bertsolariak ekarpen bat egiten ari dira feminismoari».

Kronologia batean, mugimendu feministaren, bertsolaritzaren eta «feminismo akademikoaren» mugarri batzuk irudikatu ditu. 1980. hamarkada amaieratik aurrera, emakume bertsolariak ugaritu eta ikusgarriago egin direla dio, baita epaile edo antolatzaile lako lanetan ere. Dioenez, behin emakumeak plazan izanik «emakume bertsolariaren identitatea» bihurtu zen kezka: «Bertsolaritzaren kanona gizonek eraikitakoa izaki, eredu falta sentitu zuten».

Orain publikoa zentraltasuna hartzen ari dela dio, «behatzaile» lanetan gizon zein emakumeei ez zaielako legitimitate bera aitortzen; aurrenak «arrazionaltzat» hartu bitartean, bigarrenak «emozionaltzat» hartzen baitira. Genero sistema, botere sistema gisa, horren funtzionamendua aztertzeko eta erreproduzitzeko modua dago orain erdigunean Hernandezentzat, bai ikerketa akademikoetan bai bertsolaritzan: «Gizartean dagoen eztabaida bera dago oholtzan jokoan».

Feminismoarekin erriman