2017-08-07
Bizkarrez aurpegia ematea
Bizkarrez aurpegia ematea –
Bertsotan sekula korruan aritu denak badaki zenbat aldatzen den kanturako aldartea; ez da, ordea, bertsotan bakarrik gertatzen. Ez da berdin lagunarteko afari batean mahai luze batean jarri eta ondoko bi lagunen hizketaldira mugatu, edo sagardotegian upel inguruan bildu, edo lurrean borobilean eserita kontu-kontari aritzea. Norbere jarrera aldatu egiten da, denei zuzentzen zara borobilera zabaltzean eta aurrean duzun beste jende daukazu ondoan.
Onintza Enbeitari entzun nion Bertsoak egindako elkarrizketan, aurrez aurre esertze hutsak enfrentamendurako joera handitzen duela, jarrera korporaletik. Alboan esertzean, aldiz, lankidetzarako joera handitzen omen da, komunikazioa errazten. Edozein egoera ulertzeko baliagarri izan daiteke ikuspuntu hau eta bereziki da interesgarria, bertsolaritzan.
Bertsolaritza komunikazioa da, nola kideekin hala entzuleekin; batzuetan norgehiagoka dialektikoa da baina gehienetan ez da lehia korporalik. Bertsolariok aurrez aurre jartzen gaituzte gai askok, baina elkarren ondoan abesten dugu. Horrek agertzen du rolaren eta pertsonaren arteko aldea: “antzezten ditugun pertsonaiak edo ahotsak aurrez aurre egonda ere, gu elkarren ondoan ari gara”. Elkarren hitza osatzeko jarrera aktibatzen du elkarren alboan aritzeak, elkarlanerako joera handitzen. Malgutasun gehiagoko saioetan ere joera horri eusten diogu, elkarren ondoan baina entzuleei so, oso gutxitan elkarri begira. Atzekoei kantatzean bizkarra ematen zaie eurei zuzenduagatik; eta erantzutera datorrenak ere bizkarra erakutsiz ematen die aurpegia bestearen hitzei.
Ilargiak aurpegi ezkutu bat duen moduan, bizkarra da bertsolarien alde intimoa; esku urdurien keinuak liberatzeko gotorlekua. Azken urtean bertsolari asko ezagutu ditut bizkarrez eta saioetan euren bizkar ez aritzen ahalegindu naiz. Nire bizkarrak zainduz sentitu ditut atzean kantuan ari nintzenean, begiekin bultzaka.
Begiekin asko hitz egiten delako; eta ondoan jarriz gero derrigor gaude zehar-begiratuan. Begietara begira sekula saio bat egin duenak jakingo du zein den zaila arreta hitzetan mantentzea. Enfrentamendu korporala baino, biluztasun faktorea ikusten diot nik gehiago. Pare bat saiotan gertatu naiz gaiaren eskariz bertso-kideagandik oso gertu eta parez. Izango da gai denik, baina ni ez naiz gezurrik abesteko kapaz horrela, bizkarrik gabe geratzen naiz.