Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Egilea:
Bertso ibilbideen lehenbiziko alea ezin zitekeen edonon izan. Izango da ekimenaren berri eman eta Gipuzkoako herri txikiren batean pentsatuko duenik; baten bati burutik pasatuko zaio Xalbadorrek Urepeletik edozein saiotara iristeko sarritan egingo zuen bide luzea; eta norbaitek pentsatuko du Gasteizko Aiotz plazatik Aiztogile kalera badagoela zer kontatua.
Bilbok badu paradoxa handi bat bertsoekin: ez dago Bilboko bertso-eskolarik, ez bere burua bilbotar bozgora izendatzen duen bertsolari saldorik, baina hiriburuaren lurretan bat-bateko kantu errimatuarekin lotutako pasadizo eta gertakari ugari aurki daitezke.
Ibilbide honetan ez dira sartu Bilbon bertsolaritzarekin zerikusia duten leku guztiak; falta dira Vistalegre zezen-plaza edo Bilboko Kafe Antzokia, eta horiek gabe nekez kontatu daiteke hiriaren bertso-historia. Ibilbidean 13 geldialdi bildu ditut, egungo Bilbo gustagarri eta modernoenetik abiatuta bertsolaritza bazter guztietan topa daitekeela frogatzeko asmoz.
1. GELDIALDIA | Bilboko autobus geltokia |
Zergatik dago Bilbo dagoen tokian? Bizkaiko Golkoaren edertasunaz jabeturik, zertan ez kokatu itsasertzaz gozatzeko moduko lekuren batean? Diotenez, halakorik ez egiteko motiboa sinplea omen da: itsasertza ikusten duena itsasertzetik ikusia ere bada. Eta urruneko itsasoetatik zer etor litekeen jakin ezinik, hobe Ibaizabal itsasadarrean gora egitea.
Ados, goazen gora… baina, noraino? Galdera horrek ere erantzun erraz samarra dauka, gizakiak ez baitu ur gazirik edaten. Beraz, segi uraren korrontearen aurka, harik eta edalontzia uretan sartzeko aukera izan arte. Eta zein da leku hori? Ireki Interneteko bilatzailea eta jarri “Athletic armarria”. Futbol taldearen irudiaren goiko aldean azaltzen den elizaren pareko zubia eta ura bilbotarren kokapen zaharrenetakoaren berri emango digute.
Ezbairik gabe, errekak erabaki zuen Bilbo non jarri. Edateko ura, nekazaritza eta abeltzaintzarako ingurune hezea, errekaren bestaldekoengandik babesteko ahalmena, itsasoratzeko autopista… urrezko abantaila zen oro.
Bilbo zahar hari gerora gertatutakoak ederki jaso zituen Xabier Amurizak 1982an, Laurehun herri, mila bertso berri argitalpenean. Liburu hori izanik bertsobideen aitzindari nagusia, nola ez eman lehen pausoa hari omen eginez? Amurizak hainbat bertso-sorta eskaini zizkion Bilbori liburuan, eta haietako baten lehen zortzi bertsoek gogoratuko digute nola Bizkaiko hiriburuaren historiaren bilakaera.
Iturria:
Laurehun herri, mila bertso berri
Egilea:
Xabier Amuriza
Urtea:
1982
Doinua:
Espainian behera hor dago Zamora
BILBO GUREA
I Bertso berri batzuek Bilbo zahar honi kantatzea pentsatu eta banator ni. Hor hemengo hainbeste poste ta tximini behar ditut Gran Vian jauzika ipini denak lurperatzerik ez bada komeni.
II Mila eta hirurehun garren urtekoa herria huri egin zigutenekoa. Hara gure Diego Lopez Harokoa ohore berri hori ekarritakoa geroztik izan dugu gerrarik nahikoa.
III Mila zazpirehunera orain jo dezagun, Bilbon ziren bakarrik zazpi mila lagun. Dozena bat ez beste guztiak euskaldun orduan zer zen eta ai zer den gaur egun horra historiatik zer dote dakargun.
IV Orain dela ehun urte bakarrik hain justu banan ziren Abando Begoña ta Deustu. Hiruretan euskara zebilen aurresku gizaldi batek ia dena erre deusku ikusi ezik ezin liteke sinestu. |
V Mila zortzirehun eta berrogeita hamarra meategiek hartu zutela indarra. Industriak jo zuen hemen naiz didarra hainbeste kanpo jende ekarri beharra agur Euskara eta agur Bilbo Zaharra.
VI Hara han Altos Hornos sutan harrotua meak eta burdinak lantzeko sortua. Ordukoa da baita Bilboko portua agur aire freskoa ta lehengo ortua huria jaio eta ama da gorpua.
VII Banco de Bilbao eta Vizcaya segidan dena menderatzeko munduratu ziran. Boltsa ere sortu zen diruaren jiran horra Bilbo berriko armazoia zein dan jauntxo batzuk jan eta herriak egin lan.
VIII Banku biok sortuta hogei bat urtera foruak kendu eta hor doaz lurpera Gernikako juntentzat destino berbera euskara mahaipera ta balkoira erdera bizirik jarraitzea nahiko suerte da. |
2. GELDIALDIA | San Mames barria |
Autobus geltokitik erreka aldera oinz hasiz gero, laster ikusiko dugu San Mames barria futbol zelaia. Markinan dago pilotaren unibertsitatea, eta Bilbon futbolaren katedrala. Hala zeritzon Bilboko Athletic klubaren lehenbiziko estadioari, eta oraingoarekin alderatuta hura ermita eta hau katedrala direla ikusita, normala da berriak jasotzea zaharraren deituraren herentzia. 2015ean Munduko Kirol Eraikin onenaren saria eskuratu zuen Singapurren, eta 2020an Eurokoparen egoitzetako bat izango da.
Azken urteetako bertso derbiei erreparatuta, batek baino gehiagok pentsatuko du hitzaren kirol nazionalaren eta kirol globalenaren arteko lotura aspaldikoa dela, baina ez nuke nik esango hainbesterakoa denik. Euskararen presentzia bera ez zen hain ohikoa eta hedatua San Mames zaharraren armailetan, salbuespen txalogarriak izanagatik. Esango nuke futbolari euskaldunaren erreferentea, belaunaldi bat baino gehiagorentzat, Jose Angel Iribar atezain zarauztarra izan dela.
Bertsolarien artean ere, bizkaitar asko izanagatik taldearen jarraitzaileak, ausartuko naiz esatera zale eta bertsolari ezagunena Anjel Mari Peñagarikano anoetarra izango dela. Albizturren jaioa izan arren, beti azaldu du talde zuri-gorriaren aldeko babesa, bat-batean zein idatziz dozenaka ale eskainiz.
Peñagarikanoren hiru printza ekarri ditut geldialdi honetara. Lehenbizikoa molde idatzikoa da: Kepa Junkeraren agindupean letra jarritako Herriaren zati izeneko abestiaren bi ahapaldi, bere bizipenetan oinarrituta. Ez da zehazki bertso moldea (silaba kopurua berezia du), baina erraz sumatzen zaizkio neurtitzen ohiko ezaugarriak. Bertsolari batek baino gehiagok parte hartu zuten diska haren letragile bezala.
Bigarrena Gabi de la Mazak karaoke bihurtutako bertsoa da, eta hirugarrena, Anjel Marik partida batetik atera berritan EITBri botatako bat-bateko bertsoa; Txirritaren garai zaharreko izaera kronikagilea zaharberrituz, anoetarrak hamarreko txiki batean azaldu zuen egun hartan gertatutakoa kameraren aurrean.
Iturria:
1) Athletic bihotzez diska
2) https://tinyurl.com/Anjelmari
3) https://tinyurl.com/Anjelmari2
Egilea:
Anjel Mari Peñagarikano
HERRIAREN ZATI
I
Gogoan dut nire
umetxo sasoia
behin eman zidaten
larruzko baloia,
geroztik hau nuen
amets erraldoia:
izan futbolari
ta lehoia.
II
Telebista bidez
Iribar etxean,
nahiz ta agertu
zuri ta beltzean
grin zuri-gorriak
txinparta hutsean
sartu ziren nire
bihotzean.
BERTSOA KARAOKERAKO
Gure herriko sentimendua
ta sentimenduen harri
Bizkai osoko ikur nagusi
beti zahar, beti barri
Eguneroko zaharren bizipoz
gazteen amets iturri.
Lehoi irudi, indar eredu,
gure zoramen oinarri,
zurigorri zoragarri.
MANCHESTER GARAITUTA
2012ko martxoa
Komunikabideen
aurrean jarria
nola eman behar dut
hemengo berria
ezin sinistuan da
gure Euskal Herria
hemen gertatu baita
ikaragarria
lehoiak irentsi du
deabru gorria.
5. GELDIALDIA | Euskadi plaza |
Parkearen ertz batean, Arte Ederren museoaren parean, Euskadi plaza berria dago, Iberdrola dorrearen itzalpean. Ezagun da bere inguruko etxebizitzak Bilboko garestienetakoak izateagatik; zeinek esango zuen lehenago barkuetako edukiontziak pilatzeko erabiltzen zen zabalgunearen metro koadroa hainbeste garestituko zenik?
Plazaren izena irakurri eta Kepa Enbeita etorri zait burura. Urretxindorra goitizena hartu zuen, bilbotar askorentzat gerora soilik liburu-denda baten izena izango zena. Jose Antonio Enbeita Txotxojeuri (egia esan, goitizenen kontuan gipuzkoarrek oro har sormen finagoa izan dutela iruditzen zait) aita ere bertsolaria zuen, baina ez zuen semearen adinako osperik izango.
Wikipediak berak dio Kepa Enbeita “Bizkaiak eman duen bertsolari onenetakoa izan” zela, baita 1905ean Getxon Txirritari lehiaketa bat irabazi ziola ere. Bertso estiloari dagokionez, badu Pedro Mari Otaño eta Basarrirekin nolabaiteko lotura.
Eta Euskadi plazaren erdian, Iberdrola dorreari begira, Urretxindorraren bertso ezagunena etorri zait burura. Bertso luzeak egiteko ohitura zuen, baina hori ohikoa zen garaiko bertsolariengan. Bertsoa eta politika ere orpoz orpo ibili izan direla beti garbi islatzen du Urretxindorraren bertso corpusak. Hala ere, ondoko bertso biek, zehazki, badute agian gerora hainbeste ikusi ez den zerbait: Espainia gutxietsi gabeko abertzaletasuna, nolabait esatearren. Zaila egiten zait egungo testuinguruan halako bertsorik irudikatzea, ezta halakorik kantatuko lukeen bertsolaririk ere.
Bigarren bertsoan, ordea, lehenengoan azaldutakoa hurbiltasunaz ahaztu eta lapurren pare jartzen ditu espainiarrak. Hara! Horren inguruko bertsorik nahi adina entzun daiteke egungo bertso plazetan, lehen itsasoaren bestaldera joandakoak orain inora joan gabe dabiltzalako lapurretan.
1942an hil zen Urretxindorra, eta ia 40 urte beranduago Karmel aldizkariak jaso zituen bertso hauek.
Iturria:
Karmel aldizkaria, 1983
Egilea:
Kepa Enbeita Urretxindorra
«Viva España»
Viva España! didarka dagoz,
Neuk bere viva! Dirautsat,
Gorrotorikan ez dagolago
Nigandik ESPAÑArentzat.
Katolikuok jakin dagigun
Zer dinon goiko Juezak:
“Besten gauzari bakean itxi,
Zaindu berea bakotxak”.
Haugatik viva! dinot barriz be,
Izan bei espainarrentzat;
Baita be dinot “Gora Euzkadi!”
Geuria da-ta, geuretzat.
«Eskola-maixu arroa ta mutiko azkarrak»
Maixu batek bein, eskola umiei,
Egin eutsen itzaldian,
Au esan eutsen: España zala
Ospetsuena ludian,
Amerika be menpetu eban
Indarrez beingo batian,
Espainatarren bandera jarriz
Amerikako lurrian;
Ta amerikarren gauzak ziranak
Bandera jarri artian,
Espainarrenak izan zirian
Ordutik aurrerantzian.
Eskola umiok, poz atseginez,
Itzaldi hau entzutian!
Ogei mutiko, azkar gerturik,
An doiaz arrartsaldian
Zapi handi bat eskegi dabe
Makila baten gainian,
Makila ori sartuten dabe
Maixuan baratz erdian,
Eta igalidun zugatz ganetan
Azkar asi be lanian.
Au ikusirik maixu arruak
Dirautse asarre bizian:
“Lapurtzar orreik, zer dabizue,
Inoren gauzak artzian?”
Mutilak, baina, danak batera,
Gogor erantzun eutsian:
“Ixi, maixu oi! Aztu al jatzu
Zer esan dozun goizian?”
Ikurrin ori geuk jarri dogu,
Oin geu nausi baratzian!
Ta gu augatik lapur bagara,
Orain gu garan antzian,
Zuk esandako Españarrak be
Lapurrak izan zirian.
13. GELDIALDIA | Miribillako Bilbao Arena |
Zazpi kaleetako edozein zeharkatu eta Erriberako merkatua ikusi beharko dugu goizago edo geroago. Seguru nago Arestik sorta dotorea egingo liokeela goitik behera eraberrituta ikusi izan balu.
Merkatuaren ezkerreko aldean San Antongo eliza dago, Athleticen armarrian agertzen den hori, zubi eta guzti. Diotenez, zubi hartatik erori omen zen Resurrección María de Azkue euskaltzainburua, egun batzuk geroago hilko zuen gaixoaldia eraginez. Ez diot inori opa zubitik behera jausita hiltzerik, baina kontsola gaitezen pentsatuta egungo ura Azkueren garaikoa baino dezente garbiagoa dela.
Zubia zeharkatu eta Bilbo zaharreko aldapetan gora eginaz iritsiko gara ibilbide honen azken geltokira: Miribillako Bilbao Arena. Egun hantxe izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, han sortuko dira besteak. Iruditzen zait ez dauzkala Euskalduna jauregiaren edo Arriaga antzokiaren glamurra eta edertasuna, baina bien gehienezko aforoak batuta ere ez dira Bilbao Arenakoa adina. Eta, noski, txapelketak eta Louvre museoa elkarren antza hartzen hasita daude: han egon izana kontatzea bada zer.
2016kora ez nuen joaterik izan, Donostiako zereginak tarteko. 2014koan, ordea, hantxe izan nintzen, urduri. Fredik inoizko ahaleginik handiena egin zuen txapelketa prestatzeko, eta finalera bitarteko bidean ezohiko distira eta kontrola erakutsi zituen. Bakarkakora bitarteko bidea ongi egin zuen, ez bikain, baina txukun. Bakarkakoetan, ordea, ordura arte ikusi gabeko maisutasuna ikusi nion.
Buruz burukora pasatu zenean aski sari iruditu zitzaidan, eta bere ohiko patuari jarraiki, pentsatu nuen laster egingo zuela poto edo laprastadaren bat, tradizioari jarraiki. Bada, eskerrak ez nituen pentsamendu haiek hitz bihurtu, bestela patata eta guzti irentsi beharko nituzkeen oso-osorik. Maite Berriozabalek “eskua eman diozu” jarri zion gaia bakarkakoan; gaiak baino gehiago hesiak izaten dira horrelakoak, baldintza hori beteta, bertsolaria baita gaia bere buruari jartzen diona. Baldintza bakarra da hiru bertsoetako batean eskua ematea norbaiti; hortik gora, sortzaileak pintatuko ditu esku-muturretik gorako ukondo eta abarrak, eta berak emango dio bostekoari azken punturen batean txalo zaparrada bat eragiteko moduko zentzua. Eta Fredik pintatu zituen bereak, final denetan erakutsitako umorerako joerarekin, baina ordura arte gutxitan erakutsitako maisutasun eta maitasunarekin.
Eskua eman diozu
2014, FREDI PAIA
Poteoan edan baitut
atlantiko ozeanoa
urdindu da zirrotiko
nire gibel tiranoa
gibel berri behar dut
organo gazte sanoa
pertsona lasai batena
kirolari abstemioa
belarjale yogalari
mistiko monogamoa
beti entzuten duena
musika gregorianoa
beldur bat badut nirekin
eta azaltzera noa:
lehenago heldu leikela
elizako organoa.
Norbait behar dut, tik-tak
erlojuen sarkasmoa
itxaron zerrenda ikusi
ta Arkaitzen espasmoa
geroa bezain urruti
daukate kirofanoa
ta apurka itzaliz doa
nire gibel dinamoa
jada alokatu behar dut
hileta poligonoa
harrizko mausoleo ta
denetzako solomoa.
emailerik ez badator
ta ordaindu barik banoa
nire patez pagaizue
hilkutxako ebanoa.
Ta hiltzen ari naiz ari
hau denboraren morrontza
lehen auto istripuak ziren
alkohola eta izotza
orain oso gutxi daude
azpimarratzeak lotsa
txikia da emaileen
ta organo libreen poltsa
baten bat atetik dator
bere sega bere hortza
garezur bat du buruan
eta hizketan ostotsa
aupa Heriotz zelan zabilz
hau nire logela motza
aurkari ona izan zara
eman eskua Heriotza.
105. alean erreportaje osoa
Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Bilboko itsasadarrean gora
Iturria:
http://tinyurl.com/fredipaia