Aritz Zerain Miner, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea

Aritz Zerain Miner

Elkarrizketa hau Gaur8-tik atera dugu, Amagoia Mujikak egindakoa da eta 2017ko otsailaren 4ean argitaratu zen.

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Aurtengoak badu etiketa berezia: 2017, Txapelketa Nagusiaren urtea. Aitzakia aparta Bertsozale Elkartera hurbildu eta barrura begiratzeko. Bertako koordinatzaileak ireki digu atea.

«Bateko baimenak eta besteko aseguruak, gero eta zailtasun handiagoak jartzen zaizkio borondatezko lanari»

AMAGOIA MUJIKA TELLERIA
 

Bertsolaritza gaixotu arte maitatzen duten horietakoa da Aritz Zerain Miner, bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko koordinatzailea. Bertsoa oholtza gainean bizi du, baina baita bileretan eta txostenetan ere. Izan ere, bertsogintzak ibili duen bidea ibili du norabide bikoitzean jardun delako. Bertsolaria plazan aritu da, baina, aldi berean, bere jardunaren inguruan gogoeta egiten eta etorkizunean ibili beharreko lerroak marrazten aritu da Bertsozale Elkartearen bitartez.

Aritz Zerain Miner

 

Joan da urtarrila. Aurten, Bertso Egunik gabe.

Bertso Egunak ziklo aldaketa asko bizitu izan ditu; omenaldiak, saio esperimentalak, azken urteetako saio tematikoak… Bageneukan ziklo aldaketa bat zetorren sentsazioa. Horrez gain, Bertsozale Elkartearenak Euskal Herri mailako proiektuak izaten dira eta Bertso Egunak, sekulako indarra hartua zuen proiektuak, Donostian zuen ardatza. Horri buruz ere hausnartu beharra zegoen. Gauza bat eta bestea medio, aurten geldialdi bat egitea eta hausnarketa abiatzea pentsatu da. 47 urtean jarraian Donostian egin dugu, oso gustura gainera, eta orain gelditzea erabaki dugu. Nabarmendu nahi nuke Donostia plaza garrantzitsua dela bertsoarentzat eta Bertso Egunarena ondo irabazitako plaza bat izan dela; urtero-urtero bete izan den plaza ederra. Aurrerantzean ere Donostia garrantzitsua izango da guretzat, baina Bertso Eguna beste toki batzuetara eraman nahi genuke. Kostatu egin zaigu erabakia hartzea. Jendeak asko baloratzen duen proiektua da, baina aldatzeko beharra sentitzen genuen.

47 urte segidan. Urtero, plaza goraino. Eta, hala ere, geratu eta hausnartzeko beharra. Erabaki horrek asko esaten du Bertsozale Elkartearen nortasunaren inguruan.

Bertsozale Elkartean egunero gogoetatzen da; proiektuka, arloka, sasoika… Batzuek esaten dute lehen gehiago gogoetatzen zela, asteburu-pasak eta horrelakoak antolatzen zirelako. Orain, esan dudan bezala, egunero gogoetatzen da eta konplexu gutxi izaten da erabakiak hartzeko, nahiz eta horiek hartzea kostatu egiten den. Guk gure bazkideak ditugu, eta, horiez gain, bertsozale askorentzat izaten da urteroko hitzordua Bertso Egunarena. Hori guztia baloratu da, baina erabaki da Bertso Eguna eraldatzeko ordua iritsi dela. Ideia da Bertso Eguna ibiltari bihurtzea, Euskal Herrian barna antolatzea.

2017a Txapelketa Nagusiaren urtea izango da. Horrek asko markatuko du urtearen joana elkartean, ezta?

Bertsolaritzan, bertsogintzan eta elkartearen barruko lanean zikloa markatzen du Txapelketa Nagusiak, lau urteko zikloa. Txapelketa ez da helburu bat, tresna bat baizik, eta proiektu osoan eragina izaten du. Guk lau urteko ziklo horretan funtzionatzen dugu asko. Txapelketa bera gauzatzen aspaldi hasi gara. 2016ko uda aurreko bileretan ja agertzen zen txapelketaren gaia. Eta txapelketaren araudia lehenagokoa da, 2013ko txapelketak eragina baitauka araudi berrian. Txapelketaren talde antolatzailea urte eta erdi lehenago osatu eta martxan jartzen da. Oraintxe saioak lotzen ari gara. Udazkenean hasiko da eta Gabon aurreko asteburuan bukatuko da. Guztira hamahiru saio eta finala izango dira, guztira hamalau saio: sei kanporaketa, zazpi finalaurreko eta finala. Betiko egitura izango du. Baina ez da erraza izan egutegian sartzea, gauza asko izan behar baitira kontuan.

Finala BECen izango al da berriz ere?

Aukera handiak daude. Hartara, BECeko laugarren finala izango litzateke. Tokia kontuan hartuta, Euskal Herrian ez ditugu horrelako azpiegitura asko; neguan jokatzen denez toki itxia behar duzu, aparkatzeko tokia eskaini behar du, irisgarritasuna kontuan hartu behar da… Horrelako toki asko ez daude eta horrek asko baldintzatzen du finalaren kokapena. Egia esan, gustatuko litzaiguke finala beste toki batzuetara eramatea, baina azpiegiturari begira ez dago aukera handirik. Hala ere, aurrera begira ez dira beste aukera batzuk baztertzen.

Bestelako faktoreak ere badaude. Gogoan dut finala Donostiatik Barakaldora mugitu zenean eztabaida handia izan zela. Garai hartan elkartean zeudenek kontatzen dute “Donostiatik Bilbora” saltzen zela, “Barakaldora” esatea gogorragoa egiten omen zelako. Gerora ikusi da asmatu egin dela, bertsoa erdal guneetara eramateko aukera izan delako. Barakaldon bertsogintza lantzen da eta Ezkerraldean mugimendu handia sortu da bertso eskolen bueltan. Alde horretatik balorazio oso ona egiten da, finalak oso eragin baikorra izan baitu Barakaldon eta inguruan. Eta Barakaldotik apartekoek ere dagoeneko BEC beste era batera ikusten dute, emozio positiboekin lotzen delako. Dagoeneko ez da esanahirik gabeko egitura erraldoia, bertsozalearentzat BEC hori baino askoz gehiago da.

Hainbeste jende mugitzen duen txapelketa antolatzea ez da lan makala. Antolaketa horretan mugitzen den jende asko borondatez aritzen da gainera. Bertsolarien agurretan hainbestetan agertzen den peto laranjadun armada.

Borondatezkoen lana oso garrantzitsua da elkartearentzat. Ezinbestekoa. Esaterako, azken Txapelketa Nagusian Oionen jokatu zen saio bat. Bertako jendea erabat sartu zen antolaketa lanetan eta ingurukoak animatu zituen, giroa berotu zuen. Hori ez balitz egon, saio hori ez litzateke ondo aterako. Borondatezko lan hori da elkartearen arima eta txapelketen motorra.

Borondatezko lana goitik behera doan jendartean Bertsozale Elkarteak asmatzen du behar duen aldiro ehunka lagun mugiarazten. Zein da sekretua?

Nik uste jende hori guztia proiektu handi honen parte sentitzen dela eta hori dela arrakastaren sekretua. Gainera, jendea mimatzen saiatzen gara. Txapelketaren arduraduna herriz herri ibiltzen da bertso eskoletan bakoitzaren egitekoak zeintzuk izango diren zehazten eta petodunei egituraren parte garrantzitsua direla sentiarazten. Bitxia da, gainera, gero eta zailagoa baita borondatezko lanarekin aritzea. Administrazioaren aldetik gero eta zailtasun handiagoak jartzen zaizkio borondatezko lanari. Gizartearen parte hartzea aldarrikatzen da, baina, gero, parte hartzen duenean, dena da muga. Bateko baimenak eta besteko aseguruak, ez da batere erraza borondatezko lana kudeatzea. Administrazioak ez du batere errazten bide hori. Irizpide horien arabera, lanok egiteko enpresa pribatuak kontratatu beharko genituzke eta jada zenbait zerbitzutarako halaxe egin behar izan dugu, segurtasun kontuetarako kasu.

Eta borondatezkoen harrobia, bertso eskolak.

Gure mugimendu guztiaren ardatza bertso eskolak dira. Bertso eskola dagoen herrian bertsolariak daude, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, txapelketetan borondatez lan egiteko prest daudenak… bertso eskola dagoen herrian mugimendua dago. Miren Artetxe Mintzolaren bidez ikerketa bat egiten ari da Ipar Euskal Herrian bertsolaritzak hizkuntzaren erabileran duen eragina aztertzeko. Hortik tiraka bertso eskola zer funtzio betetzen ari den ikustera pasa da. Gazteen arabera, beste gune batzuetan hitz egiteko aukera ez duten gaiez hitz egiteko gune bihurtu da bertso eskola. Gaztetxo horiek garrantzitsu sentitzen dira bertso eskolan. Hortik abiatzen da Bertsozale Elkartearen mugimendu guztia eta horiek mimatu behar ditugu.

Batzuetan esaten digute bertso eskoletatik urruti gaudela. Oreka ez da erraza, elkarrekin egon behar dugulako, baina, aldi berean, bertso eskolek autonomoak izan behar dutelako. Elkarteak ez du eragingo bertso eskoletan, lagundu egingo die eta tresnak eskainiko dizkie, baina bertso eskolek beren esentzia mantendu behar dute, bertso eskolak bata bestearen desberdinak direlako.

Aritz Zerain MinerIzan ere, bertso eskola bertsotan egiten ikasteko eskola baino askoz gehiago da.

Zalantzarik gabe. Hor sortzen da ekosistema kultural oso bat. Bertso eskolan inguruan dabilena bertsoak erakarrita joango da, baina baita mugimenduak berak erakarrita ere. Bertso eskolan egiten dute askok herrigintzako beste esparru batzuetan jarduteko entrenamendua. Herrigintza, kulturgintza… “gintza” askotarako entrenatzeko tokia da bertso eskola. Eta gure ekosistemarako ere ezinbestekoak dira, ez ditugulako bertsolariak bakarrik behar. Antolatzaileak, gai-jartzaileak, kazetariak, epaileak, aulkiak jartzen dituztenak, bertsozaleak… denak behar ditugu bertsogintzan.

Gainera, egitura osoa berritzeko ezinbesteko tresna dira bertso eskolak. Belaunaldi aldaketa ematen da oholtza gainean, bertsotan ari direnen artean, eta baita oholtza azpian bestelako lanetan ari direnen artean ere.

Eliteko bertsolaria bera ekosistema horren parte sentitzen da eta hala aldarrikatzen du. Adibidez Andoni Egañak esan zuen aise pasatuko zela oholtzan milaka bertsozaleren aurrean bertsotan egitetik oholtza azpian aulkiak jartzera.

Bertsolariak –bereziki belaunaldi batetik aurrerakoak– bertso eskoletatik pasatutakoak dira, hor daukate jarria oinarrizko kanpalekua eta badakite nondik datozen. Komunitate zentzua, lantaldearen indarra, oso presente dago. Oholtza gainean bertan bertsolariek askotan esaten dute bakarrik ezin direla aritu, ondoko kantukidearen laguntza beharrezkoa dela. Uste dut komunitate zentzu hori hortik datorrela. Bertsozale Elkartearen sorrera bera esanguratsua da oso. Bertsolariek sortu zuten ikusi zutelako beren jarduna beraiek erregulatu eta antolatu behar zutela. Hasieratik proposamena garbia izan zen: ez dugu sortzen Bertsozale Elkartea norberak plaza gehiago egiteko, transmisio proiektu bat behar dugulako baizik. Diskurtso hori hor egon da sorreratik eta berritzen joan da belaunaldiz belaunaldi.

Bertsolaritzak merezi duen tokia al dauka euskal kulturgintzaren panoraman?

Euskal kulturgintzak merezi duen tokirik ez dauka kultur panoraman, hortik abiatu beharko genuke. Askok bertsolaritza euskal kulturaren beso indartsua dela diote, beste besoak ez daudela horren indartsu eta indartu egin behar direla. Ez nintzateke hainbeste esatera ausartuko. Nik uste dut beso guztiak indartsu eduki behar ditugula, hori dela bidea.

Asko goraipatzen da Bertsozale Elkartea eta bertsolaritzaren egoera. Hartara, Administraziotik bereziki, gu ondo gaudela eta ondo dagoenari ezin zaiola gehiago lagundu esaten da batzuetan. Bertsolaritza ondo dago? Ondo egotea zer da? Zeinekin parekatuta dago ondo?

Nik uste dut galdera asko daude egiteko: Zein dira sortzaileen baldintzak? Zein dira bertsolarien baldintzak? Nola zaintzen ditugu plazak?

Bertsolaritza indartsu dagoen edo ez neurtzeko orduan joera dago euskal kulturgintzako beste esparru batzuekin konparatzekoa, eta haien ondoan bertsolaritza ondo dagoela esatekoa. Kontua da euskal kulturgintzako arloak nola dauden eta zeinekin konparatzea nahi dugun ikusi beharko litzatekeela. Euskal kulturgintzaren beso guztiak indartsu egoteak izan behar du erronka. Euskal kulturaren aldeko benetako apustu bat da behar duguna, kulturaren industriaren onurak –asko direnak, nahiz eta ez diren dirutan neurtzen– serio hartuko dituen perspektiba luzeko apustu bat.

Txapelketa Nagusiaz gain, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Arabakoa eta Nafarroakoa ere izango dira aurten.

Gipuzkoakoa taldekakoa izango da aurten. Era horretako txapelketek funtzio garrantzitsua dute, lehen aipatu dugun ekosistema horretan astindu bat ematen dutelako. Txapelketa guztiek astintzen dute ekosistema hori, baina bakarkako txapelketek gehiago eragiten diote bertsolariari berari. Herriartekoek bestelako gauzak dakartzate, bestela txapelketan parte hartzen ez duen jendea erakartzen duelako; oholtzan, epaile lanak egiten, gaiak jartzen, antolatzen… taldekako txapelketek sekulako mugimendua sortzen dute. Araban eta Nafarroan bi urterik behin egiten dira era horretako txapelketak. Gipuzkoan, berriz, 1999. urtean egin zen azkenekoz taldekako txapelketa eta astinaldi handia ekarri zuen. Aurten berriz herriartekoa egitea erabaki da, bertso eskoletatik-eta eskaria bazegoelako. Mugimendu handia eta ilusioa sortu ditu aurtengoak.

Txapelketa helburua baino tresna dela esan duzu lehen.

Txapelketak bertsogintzaren inguru guztiak astintzen ditu eta elkarteak dituen helburuetan laguntzen du. Transmisio lan garrantzitsua egiten du, kultur erreferenteak sortzen ditu eta erakusleiho bikaina da. Orokorrean, gainera, plazan jende gehien mugitzen duena txapelketa da, lehiaren faktore horrek asko erakartzen duelako jendea. Hor eztabaida sortzen da beti. Zein da bertsolaritzaren benetako argazkia? BECera hurbiltzen diren 13.000 lagunen artean denak al dira bertsozaleak? Han baldin badaude, zaleak behintzat izango dira. Bertsolaritzaren proiektua gizarteratzeko orduan ere oso tresna garrantzitsua da txapelketa, horretan asko laguntzen duelako.

Bertsozalea lehiaren zalea da. Bertsolariak, orokorrean, lehia ez duela maite esaten du. Horrek zenbat du egiatik eta zenbat politikoki zuzenetik?

Bertsolarien artean ere denetarik izaten da eta badira lehia maite duten bertsolariak, zalantzarik gabe. Bertsolaritza bera bada norgehiagoka, bertsotan egiteko ondokoa behar duzu eta normalean ondokoaren arrazoiari buelta eman eta gaina hartu behar diozu. Hor bada lehia dialektiko bat. Nik uste dut bertsolari guztiek dutela lehiakortasuna barruan, baina bestelako eztabaida da bertsolariak egiten duena puntutan baloratu ote daitekeen. Hor sortzen dira komeriak; lan hori puntutan nola neurtu. Hori da hain gustagarri egiten ez dena. Baina, orokorrean, txapelketa motibatzailea da bertsolariarentzat. Egia da txapelketa oso gogorra dela, asko eman dezakeelako baina baita asko kendu ere. Batzuetan aukerak zabaltzen ditu eta besteetan ateak ixten ditu. Ez luke horrela behar, baina horrela gertatzen da.

Lehen esan duzu Bertsozale Elkartea etengabe gogoetatzen ari dela. Bertsolariak ere badu ariketa hori egiteko joera. Bertsolari gutxi daude beren bidea hasi eta bukatu toki berdinean eta ahots berarekin egiten dutenak.

Egia da hori eta askotan txapelketa baliatzen dute beren buruari beste estualdi bat emateko. Kultur ikuspegitik oso aberatsa da hori, sortzailearen etapa desberdinak ikustea eta bizitzea alegia.

Bertsolariarentzat ere txapelketak mugarriak dira eta nik uste gero eta gehiago eta gero eta kontzienteago prestatzen direla horretarako. Sortzaileak txapelketako prestakuntza baliatzen du askotan bere bidean urrats kontzienteak emateko, bere jardunari buelta bat emateko.

Aritz Zerain Miner  Aritz Zerain Miner  Aritz Zerain Miner  Aritz Zerain Miner  Aritz Zerain Miner  Aritz Zerain Miner