"Joxinixio. Pizkunde zapuztua", Xabier Lasaren saiakera liburua
Xabier Lasaren saiakera liburua –
Elkarrizketa hau Aiurri hedabidean arrantzatu dugu.
………………………………………………………………………………
Asteazkenean aurkeztuko dute Xabier Lasaren saiakera liburua
“Joxinixio. Pizkunde zapuztua” liburua asteazkenean aurkeztuko dute Basteron, iluntzeko 19:00etan. Xabier Lasa izanda saiakeraren egilea, mendeko bertsolaritzari erreparatzen diona.
Nor zen Joxinixio Etxeberria? Zer dela eta osatu duzu berari zuzendutako liburua?
Roke Ansa andoaindarrari eskaini diot liburua, 1936ko Gerra aztertzen ari nintzenean nahiz Andoainen Oroituz taldea sortu genuenean, oso laguntzaile ona izan baikenuen. Oso pertsona irekia zen eta oso arduratuta zegoen memoria historikoarekin. Berak piztu zidan Joxinixio Etxeberriaren figura aztertzeko ideia; berak ekarri zigun gerraurrean Andoaingo bertsolari txapelketan parte hartu zuten hamaika bertsolarien argazkia. Jokin Sorozabal eta Aitor Mendiluzeren garaira arte, Andoainen bertsolaritzak indarrik izan ez zuen ustearekin ez baitzetorren bat. Hamar urte zituen Roke Ansak Andoaingo bertsolari txapelketa hura jokatu zenean eta barruan gordeta zeukan. Argazki horretan, beste hamar bertsolariren artean, Joxinixio Etxeberria bera agertzen da.
Era berean, 1936ko Gerran Joxinixiorekin batera ibili zen Migel Garmendia gudariarekin biltzeko aukera izan genuen Rokek eta biok. Duela gutxi hil zen, 100 urterekin. Hark esan zigun Joxinixiok gauez inkurtsioak egiten zituela Bizkaiko frentean etsaien aldera, karlistaz edo falangistaz jantzita. Nabarmendu egiten zuen Joxinixio, sekula halako pertsonarik ezagutu ez zuela zioen. Baserritarra izanik, izugarri ezagutzen zituela militarren kontuak eta estrategiak antolatzen oso ona zela. Jose Antonio Agirreren konfiantzazko pertsona zen. Andoainen monumentu bat edo kale izenen bat merezi zuela esaten zuen.
Pertsonaje zeharo nobeleskoa iruditu zitzaidan. Hil ere oso modu trajikoan hil zen. Diotenez, bizilagun baserritar batek baionetarekin hil zuen. Hori da susmoa. Baina, frankismoak, bere belaunaldi guztia bezala, itzalpean utzi zuen pertsona hura ere.
Nola osatu duzu liburuaren arrastoa?
Urtetan, Joxinixioren datuak biltzen aritu naiz. Errepublika garaian idatzitako bertsoak aurkitu nituen El Dia egunkarian eta Argia aldizkarian, Etxeberria sinadurarekin. Biografia osatzen joan nintzen pixkanaka. Benita arreba ere ezagutu nuen eta hark emandako pistetatik abiatuta jarraitu nuen bidea. Gerra eta Errepublika garaiak erabat markatu zuen Andoaingo kultura nahiz historia eta, pertsona hori paradigma modura ikusten dut, Errepublika garaian dena eman zuelako kausaren alde. Bere kasuan, bertsolaritza, bere jarduna, beti euskal kausaren zerbitzura jarri zituen eta gerra iritsitakoan, dena eman zuen han ere: bere adimena, bere bertso jarduna… Oso bertsolari konprometitua izan zen. Txirritaren tradizio edo itzala jaso zuen alde batetik eta bertsoa sagardotegietatik atera eta antzokietara eraman zuen Basarriren modernoagoa bestetik. Bi eskola horietatik edan zuen eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa batean parte hartu zuen. Argazki batean, Txirritaren ondoan ageri da Joxinixio Etxeberria andoaindarra. Joxinixiorekin batera, bere garaia ere aztertu dut liburuan. Hamaika bertsolarik gerraurrean Andoainen bertso txapelketa jokatu zutela entzunda, begira ibili arren, ez baitut Euskal Herri osoan beste antzeko kasurik aurkitu. Txapelketa hark adierazten du garai hartan Andoainen zer nolako bertso zaletasuna zegoen. Dokumentatuta dagoenez, hamazazpi pertsonek eman zuten izena gerraurreko txapelketan, nahiz eta hamaikak parte hartu zuen gero. Askok lehenengo aldiz kantatuko zuen jendaurrean. Joxinixiok dagoeneko ELA sindikatuaren, ENB baserritarren sindikatuaren edota EAJko mitinetan ere abesten zuen.
Euskal pizkundeak Errepublika garaian bizitu zuen garairik oparoena. Frankismoak bertsolaritzari eta euskalgintzari, oro har, zer nolako min egin zion erakusten du liburuaren tesiak. Ikusi besterik ez dago, mugimendu hartan parte hartu zuen euskalzale asko fusilatu egin zituztela, kartzelaratu beste asko, erbesteratu eta beldurtu. Euskararen alde lanean ari zenarentzat argia zen mezua. Baina, hala ere, frankismo garaian bertsolari batzuek bere eginahalak egin zituzten.
Zer eskaini dizu zuri liburu hau idazteak?
Andoaindarren historian sakontzen jarraitzeko eta ezagutzeko bidea. Familia askoren etxeetara iritsi naiz eta jende anonimo ugari ezagutu dut. Sorpresa polita izan da, baina pena ere badut, bidean seguru geratu delako aipatu gabeko norbait. Bestalde, berandutxo gatozela uste dut; memoria historikoa biltzeko lanari Franco hil ondoren eutsi behar baitzitzaion. Trantsizio politikoa gertatu zenean heldu behar zitzaion gaiari, baina politikariek ez zuten borondaterik erakutsi.
Zer nabarmenduko zenuke liburuko pasarteen artean?
Plazaz plaza kantuan aritzen ziren 80 urtetik gorako Migel Arrieta eta Fermin Belamendia ezagutu ditut, besteak beste. Etorri handia dute eta oraindik ere egiten dute bertsotan. Nik uste, egungo baldintzetan hezi izan balira, egundoko bertsolariak izango liratekeela. Bestalde, emakume bertsolariei ere aipamena egin nahi nien liburuan, baina oso zaila egin zait. Garai hartan bertsolariek taberna eta sagardotegietan abesten zuten batik bat eta bide hura itxita zuten emakumeek. Abesteko gaitasuna zuten emakumeak asko izango zirela uste dut, ordea. Maxartegi baserriko Anastasi Etxeberria, esaterako, aitarekin egongelan aritzen omen zen bertsotan; ateak itxita, beste testigurik gabe. Pasarte horrek asko adierazten digu.
………………………………………………………………………………………………………………………….
Hiru zatitan banatzen da “Joxinixio. Pizkunde zapuztua” saiakera liburua
1. Kolpe militarrak Andoainen lurperatu zuen euskalgintza
1936ko Gerra iritsi bitarte Andoainen euskalgintzak izan zuen bilakaera, eta batik bat II. Errepublikako aroan (1931-1936) bizi izan zuen urrezko garaia deskribatzen du lehen zati horrek. Foruak deuseztatu ostean Espainiaren uniformizazio politiko eta kulturalaren mehatxua egiazkoa sentitu izanaren erreakzioz, euskararen eta euskal kultura eta ohituren aldeko mugimendua piztu zen Euskal Herrian, Euskal Pizkundea izenekoa, eta Errepublika garaian jo zuen gaina Aitzolen belaunaldiaren ekimenez. Nahiz eta euskal intelektualek bultzatu, herri mugimendu bilakatu zen; herritar xeheek osatu zuten ekimen hori, eskolatu gabeak asko eta asko.
4000 biztanle zituen Andoain herri eredugarria izan zen alde horretatik; makina bat genero (literatura, kazetaritza, antzerkigintza, folklorea, bertsogintza…) jorratu ziren euskara izanik komunikazio lanabes, historian sekula ez bezala. Hiru adibide ilustragarri aipa litezke, mugimendu hori herrian sustraitu zenaren adierazle gisa. Konparazio batera, antzerkigintza berrogeita hamar haur, gazte eta helduk lantzen zuten Sekundino Etxeberriaren zuzendaritzapean, eta ia bi astetik behin eskaintzen zuten antzerki lanen bat, ikusleek lepo betetzen zutelarik Merkatu plazako antzokia. Kazetaritzan, berrogeitik gora herritarrek idazten zuten tarteka beren kronikatxoa euskaraz El Día eta Euzkadi egunkarietan eta Argia astekarian, herriko gora-beherak edota gai orokorragoak hizpide hartuta. Bertsogintzan, gerra heldu baino hilabete lehenago, herriko hamaika bertsolariren arteko txapelketa ospatu zen; artean Euskal Herrian ez zen ezagutzen dimentsio horretako herri txapelketarik.
Ikuspegi sozio-linguistikotik euskalduna zen Andoaingo gizarteak orduan ere jasotzen zituen emigranteak Espainiako lurretatik, eta horietatik gehienak euskal hiztun bihurtzen ziren goiz ala berandu, inongo euskaltegiren beharrik gabe gainera. Bada, 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrak irauli egin zuen zeharo errealitate hori, hizkuntza bakarra (gaztelania) eta pentsaera bakarra (frankismoa) ezarriz armen bidez. Errepublikaren zilegitasunaren alde jokatzeagatik makina bat andoaindar erail, desagertarazi, kartzelara zigortu, erbestera bidali… zituzten, tartean euskalgintzan mugitu ziren pertsona ugari. Andoaingo herriaren eta andoaindarren historiaren norabidea erabat aldatu zuen garai katramilatsua izan zen, eta haren ondoriotzat jo daitezke gaur egungo errealitate politikoa, eta batik bat, sozio-linguistikoa. Hori da, behinik behin, liburuaren tesi nagusiak irakurleari iradokitzen diona.
2. Joxinixio Etxeberria, bertsolari gudaria
Joxinixio Etxeberria Merdilledi bertsolari euskaltzale eta abertzalearen biografia du aztergai bigarren zatiak. Andoainen Euskal Herri burujabe eta euskaldunaren kausa horren aldeko konpromisoa hartu zuen belaunaldi baten paradigmatzat jotzen da Etxeberria. Bertsolaria zen Etxeberria, eta bi eskoletatik edanez, Txirritaren tradizionaletik eta Basarriren modernoagotik, alegia, euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren zerbitzura jarri zuen bere bertso jarduna. Euskarazko ekimen ororen, EAJ alderdiaren, eta ELA langileen eta ENB baserritarren sindikatuen alde, hain zuzen ere. Euskal Herriko bertsolarien txapelketa nagusiko finalean kantatzera iritsi zen, Txirritak irabazi zuen hartan. Gudaria izan zen 1936ko Gerran, eta baserritar eta artzain “ezjakina” izan arren, sen berezia erakutsi zuen mugimendu eta estrategia militarren arloetan. Aparteko adimena eta nortasuna zeuzkan gizonak, eta naturarekin (Leitzaran bailaran) bat eginda bizi izan zen beti, azeri baten antzera; dohain horri esker, besteak beste, zelatari edo “espia” gisa nabarmendu zen Bizkaiko frontean, etsaien eremuetan inkurtsioak eginez eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzazko gudari bihurtuz. Bere akabera tragikoak ere ukitu epikotik izan zuen, Artxandako lubakitan hil baitzuten frankistek Bilboren aurkako ofentsiba handian, ametrailadora eskuetan zuela eta euskal aberriaren aldeko oihuak eginez. Bere auzo bereko (Goiburu) karlista ezagun batek baionetaz hil izana zabaldu zen orduan, eta horrek Etxeberriaren inguruko leienda hazten lagundu zuen. Frankismoaren diktadurak legez eta indarrez hamarkadetan ezarri zuen isiltasunak eta izuak, ordea, Etxeberriaren oroimena ia erabat ezabatzea lortu zuen, bere belaunaldi kide gehienen antzera.
3. Bertsogintza Andoainen 1936ko gerraz geroztik
XX. mendeko bertsogintzak Andoainen izan duen garapenean ipintzen ditu begiak hirugarren eta azken zatian saiakerak. Etxeberriaren biografia luze eta zabal azaltzeaz gain, Andoainen nabarmentzekoak diren beste 50etik gora pertsona edo familien aipamenak egiten ditu atalez atal. Biografia txikiez osaturiko giza paisaje horrek erakutsiko liguke bertsolaritzak Andoainen zaletasun handia eduki duela aspalditik, eta auzitan jartzera letorke azken hamarkadetan zabaldu den ustea, alegia, Sorozabal eta Mendiluze bertsolariak plazaratu aurretik andoaindarrek apenas egin izan ziotela ekarpenik bertsolaritzari. Denetik aurki daiteke izen-abizenen zerrenda luze horretan: plazetako bertsolariak, lagunarteko bertsolariak, sasi bertsolariak, bertso eragileak, bertsozale amorratuak, bertso zaharren kantariak…