2017-02-22
Asteartero
Asteartero
Asteartero bezala Bertso Eskola izan nuen umeekin aurreko astean. Ohiko klasea izango zela uste nuen, lau oinak edo azkenengo puntua emanda, puntu erantzunak, ofizioak… denek abesteko beste ariketa egin, azkenengo puntua ahaztu eta potoren bat tarteko; hau da, asteartero astearteroko kontuak. Baina, Jon eta Irati deitu nituen ofiziotarako eta gaia jarri aurretik Maddik galdera bat zuela esan zidan; honakoa gure elkarrizketa:
- Galdera bat daukat. Ulertzen dut bakarkakoari horrela deitzea bakarrik abesten dugulako edo puntu erantzunak, gai jartzaileak puntua bota eta erantzun egin behar izaten dugulako. Baina, Enare, ariketa honi ofizio izena nork jarri dio?
- Galdera ona Maddi. Ofizio hitzak zer esan nahi duen badakizu?
- ..ez oso ondo. Baina ez dut ulertzen zergatik ez den deitzen elkarrizketa edo horrelako zerbait!
- Ea hiztegiak zer dakarren…
Hizkuntza aldatuz doa, hitzak galdu eta berriak sortzen dira, formala zena eremu informalera eraman dugu, eta hitzei beste esanahi bat eman diegu. Hau da, hiztunok hizkuntza (eta honen erabilera) eraldatzen dugu. Beraz, nahiz eta hiztegian ofizioa ogibidea dela jarri, hizkuntza eguneratzen doan heinean gaiekin ere berdin gertatzen da, eta gaur egun beti irakasle, harakin edo mediku baten paperetik kantatu ez arren, ofiziotan egiten jarraitzen dugu.
Alegia, hitz baten esanahia aldatu arren hitz bera erabiltzen dugu, eta beste batzuetan, gauza bera esateko beste hitz berri bat, esaterako, lehen erretratu edo fotografia zena, argazki bihurtu eta gaur egun selfiak ateratzen dizkiogu geure buruari.
Labur esanda, nahiz eta esaerak zaharrak izena duena badela esan, badirudi bertsotan izena duena…beti ez dela.