Bertsoarekin loturarik ez zeukanarena
Bertsoarekin loturarik ez zeukanarena –
Bertsoarekin harreman zuzenik ez dudan aldetik ekin diot hau idazteari, bertsoarekin harreman zuzenik ez dudala uste izango baituzu irakurtzen duzun horrek, eta horrexegatik egin baitidate enkargua aldizkari honetako arduradunek ere, niri, hain zuzen, ale bat ekartzekoa, bertsolarien agerkarira. Eskatu didate jakin gabe, egiatan, eduki baneukala lotura txiki bat bertsoarekin, aspaldikoa izan arren, eta jakin gabe lotura hori badela, gainera, hizkuntza honetan mintzo garen gehienon halabeharrezko bistazko ezagutza baino zertxobait estuagoa; eta eskatu didate alea osatzeko, gainera, juxtu loturarik eza hori lausotzen joan zaidan ikasturtearen ostean, bistazko ezagutza baino ezagutza koska bat sakonago horretatik makina bat urte pasatu diren honetan, bertsoa etxera sartu zaidanean, eguneroko elkarrizketa eta goizaldeko matraka dezentetara.
Eta normala da, berez, guztiek hori pentsatu izana, nire ingurukoek ere pentsatu izan baitute orain dela oso gutxi arte, nire aspaldiko lotura hori deskubritu eta aiko-maikoka jakinarazi didaten arte, eta apur bat espantuka ere, sekretu bat ezkutatu izan banie bezala, lotsatuta, nire asmoa ez zen arren hori, inondik ere. Ikasia dut lezioa, beraz, eta juxtu kontrakoa egingo dut hemen, hasieratik aitortu harremana, Gipuzkoako eskolarteko txapelketan, hamar urte inguru nituela, aipamen berezi bat eman zidatela, alegia, paperezko bertsoen sailean. Zer dirudien ezdeusa, ezta, bertso bat osatu izanak, bakarra, hamarreko handia zen gutxienez, nahiz eta antza denez hori ere baden nire bertso-ezjakintzan gaizki ulertu dudan zerbait, akaso meritu handiena ez delako silaba gehiago betetzea ezpada gutxiagorekin esatea esan beharreko guztia; edonola ere, badirudi ezdeusa ezta, bertso bakar horrek hamaika plazetako hamaika aleen alboan; bat-batean osatu banu, behintzat. Dena dela, bakarra izan arren ondo gogoan dut, besteak beste deskubrimendua egin zutenek bidali didatelako pieza ez behin ezpada bi bider, emailez eta whatsappez, eta atzera begira balio izan didalako hantxe 10 urte freskorekin Gipuzkoako ez naiz akordatzen zer herritan idatzi nuen hark, neure buruari analisi txiki bat egiteko eta erronkatxoa jotzeko.
Euria ari du zarra-zarra gaiari zera kantatu nion ahoa itxita eta eskua tinko: euria ari du zarra-zarra / eta ni aterki barik / hori dela eta oraintxe nago / goitik behera bustirik / gainera ez dut inon aurkitzen / estaltzeko aterperik / a ze nolako bronka entzungo / dudan amaren ahotik. Gaiaren berri izatean burura datorkizun lehen gauza ez, bigarrena ere ez, hirugarrena jorratzeko gomendio zentzuzko horren harira ez dut ezer esango; dena dela, lerro horiei erreparatu eta berehala pentsatzen dut gaia emanda etortzeak (neurri zurrunak) itzel laguntzen zidala, kasik behartzen, zerbait amaitzera, eta zerbait hori ahalik eta txukunen gauzatzera, nire eleketari-ibilbidean irabazi nuen hurrengo sarian ere gaia emanda idatzi bainuen idatzi beharrekoa, hitz lauz oraingoan; liberazio bat, gaia; eta egia da, halaber, bi sari horien ostean idazketari ez niola berriz serio heldu beste mota bateko derrigortasun bat iritsi zitzaidan arte. Kontuak kontu, bestelako toki batera ere badoakit gogoa bertso horren aurrean, hain zuzen jarreren inertzietara, eta auto-ironiko irakurtzen dut azken puntx gisa saiatu nuen hura, amaren bronka, topikoagorik. Kuriosoa da, gainera, zeren eta neure ama pertsonalak, etxera blai iritsita, ez lidake sekula errietarik egingo ezpada toalla lehor eta posible zen heinean epel bat emango; zer-nola azaleratzen diren errepresentazio ohikoak, ordea, tradizionalak, gizaldi eta gizaldietan transmitituak, norbere bizipenarekin bat ez datozenean ere, norbera hamar urteren bueltako mukizua denean ere.
Ironiaz irakurtzen dudala diot, hain zuzen, nondik eta amaren aldetik egin zidalako klixeak ihes, emakumearenetik, hain juxtu gerora hain tentuz jorratu nahi izan dudan alde horretatik, literatura badelako errealitateko prozesuez hitz egiteko bide, gertagarria islatzeko gauza, alegia, gertatzea espero dena; baina gertagarriak badakarrelako, era berean, beste adiera bat, alegia, gertatzen ez dena baina gerta litekeena, eta, zentzu horretan ere, bada gertagarria islatzeko gauza idaztea eta, berdin zait, kantatzea, bada gauzak beste modu batekoak izan daitezkeela irudikatzen hasteko esparrua, eta nolakoak.
Horretan badabiltza zenbait, eta hortxe abiatzen da nire bertsoarekiko aferaren bigarren partea, aurreko urtekoa, berriketa apasionatua hain gustuko dudan arren alde zaharrean hainbeste aldiz isildu behar izan nintzenekoa, edo areago, hitzik gabe gelditu nintzenekoa ez nekielako zer esan, ez bainekien ezer, beste hizlari apasionatu batzuek euren artean eztabaidatzen zuten bitartean, artean kalapita hauspotzen zuen azken txapelketa nagusiaren harira, zer zegien Ametsek bertsotan eta zer zemaion Maialenek bertsoari; nola hark, artisau, harria apart zizelka zezakeen, baina zelan honek, kolpe lehorra emanda, krak, arrakala zezakeen guztia; urtetako tradizioa hautsiz bertso-saio batera baino gehiagotara joan nintzenekoa (hori baino lehen Plazatik Gaztetxeetara baino ez, eta sinetsidazue, gehiago zen gaztetxeengatik plazengatik baino), harria arrakalatu ez ezik nagusiarenak ez bezalako tresnak baliatu nahi zituztenen saioetara, tresnok gutxienez auzitan jarri nahi zituztenenetara, non oro ziren emakumeak eta ez zen kasualitatea; ikasturtea itzultzaileen hitzaldiekin beharrean arrakalagilearen bi eskolarekin amaitu nuenekoa, Maialen ikusi bainuen diferituan udako ikastaroen irekiera-ekitaldian, bataren eta bestearen arteko konnotazioetan galdu gabe, eta zuzenean Eako poesia egunetan, esaten bertsolariek eraiki dutela eurei zegokien zubiaren puska bat, esan nahi baita, hizkuntz errekaren bertso-aldetik hasita literatura-bestalderaino, eta nire zalantza bazen ea literaturlari naizen aldetik, eta hizkuntza erreminta duten adierazpideen zale, hortaz, gehienetan, ez ote ditudan, zubi horretan, oraindik zimendu gehitxo ipintzeko.
Bertsoarekin loturarik ez zeukana naiz ordea, orain, iraganean jokatuta.