Bertsolari 2.0 - 2017
Bertsolari 2.0 –
Agur, bertsozale, eta urte berri on!
Aurten ere serio demonio arituko gara gure webgunea aberastu, edukiz hornitu eta zabaltzen. Talde eder baten esfortzu, ilusio eta bizipoza izango ditugu lagun, zeren eta Jaurlaritzak web-orrietarako eskaintzen dituen diru-laguntzek izkin eta mizkin egin digute.
Zein den gure blogari ekipoa? Bada iazko berdina! Zeregin honetan gustura gabiltzan seinale!
- Ane Labaka
- Aratz Igartzabal
- Oihana Bartra
- Jon Martin
- Oihana Iguaran
- Paula Heras eta Alain Ulazia
- Ainhoa Agirreazaldegi
- Enare Muniategi
Guztie gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu atalaia birtual txiki honetatik.
Horretaz gain astean albiste bat idatziko dugu, eta hemeroteka hornitzen joango gara. Jakin ezazue gure historia osoko argazkiak ere web orrira igoko ditugula. Azken 26 urtetako bertsolaritzaren historia ari gara zintzilikatzen pixkanaka, eta jada baduzue non hasi kuxkuxeatzen! Aldizkariko edukiak ere eskainiko ditugu, aldiro-aldiro eta tokatzen den unean.
Sorpresatxoren batzuk ere badauzkagu gordeta, noiz zabaldu zain, eta beste sorpresatxo asko ere etorriko dira; gu geu ere harrituko gaituztenak zeren eta ez dakigu zeintzuk diren.
Amaitzeko, Bertsolari Aldizkariaren erredakzio talde osoaren partez eskerrak eman nahi dizkizuegu proiektu hau jarraitu eta babesa emateagatik.