Oihana Bartra
Oihana Bartra

2017-03-22

Ez naiz intelektuala

Ez naiz intelektuala –

Ez naiz intelektualaBertsolariok denari buruz jakin behar omen dugu zerbait, pasutik ateratzeko beste, behintzat: dela Siriako gatazkaz, krisi ekonomikoaz, Athleticen azken fitxaketez, klima aldaketaren arrazoiez edo TTIP-az. Ez dakit nire bertso-kideei gertatuko zitzaien, baina niri bai. Gai-jartzailearen gaia entzun eta konturatu izan naiz gai horri buruz ez dakidala behar beste edo agian ez daukadala gai horri buruz iritzi guztiz eratu bat oraindik. Eta, hala ere, bota dut bertsoa; atera naiz pasutik.  Baina ez, ez dakit denari buruz.

Aurreko batean, Herrialde Katalanetako politikari bati egin zioten elkarrizketa baten amaieran galdera sorta horietako bat egin zioten: nor da zure erreferente politikoa? Eta intelektuala? Zein da zure liburu gustukoena? Eta filma? Sekulako maila eman zuen elkarrizketa osoan zehar, eta azken galdeketa ez zen gutxiagorako izan. Erakustaldi intelektual ikaragarria. Nik zintzo-zintzo apuntatu nituen bota zituen erreferentzia guztiak (gehienak berriak ziren niretzat) ondoren kontsulta egiteko. 

Nire egunerokotasunean egoera askotan eta arrazoi askorengatik konturatzen naiz zenbat gauza geratzen zaizkidan ikasteko, deskubritzeko; ze ezjakina naizen hainbat arlotan. Baina kokatu dituzte puntako bertsolariak herri honetako elite intelektualean, eskatzen diete hitzaldiak emateko, galdetzen zaie gai inportanteez. Presio galanta bertsolari izan nahi duenarentzat. Ni ez naiz intelektuala (ezta puntako bertsolaria ere).

Eta, hala ere, segituko dut bertsotan, nahi dudanari buruz iritzia ematen, behar denean plantak egiten eta, bitartean, egunero zerbait berria ikasten.  

 

*Amaitzeko jolas bat: zenbatek imajinatu duzue politikari hori emakumea zela? Anna Gabrielez ari nintzen, noski!

Ez naiz intelektuala