Urepeletik Bidarraira, bi mende bertsotan
Urepeletik Bidarraira –
Baigorriren besoak mendialdera eta itsasalderantz doaz, Urepeletik Bidarrairako 35 kilometrotan zehar. Bista zoragarriak dituen ibar horretako herri guztiek badute lotura bertsoarekin. Ibilbide honi esker denboran ere bidaiatuko dugu, bi mendetan gaindi ezagun egin diren bertsolarien berri jasoko baitugu. Xalbador izan zen bertsolari ospetsuena, baita Oxobi edota Otxalde ere, baina inguru haietakoak dira hain ezagunak egin ez diren beste franko ere. Nor ote zen, adibidez, Ñarro, orain arte izen-abizenik ezagutzen ez zitzaion bertsolaria? Leku eder franko ezagutuz, berrogei bat bertsolari dakartza ibilbide honek.
Urepele
Urepeletik dator Baigorriko elizaren gibeletik eta Mixelengo zubiaren azpitik igarotzen den erreka, eta Bidarrairaino doa, gero Lapurdiko lurretan sartzeko eta, Lapurdi zeharkatu ondoan, Baionako barran itsasoratzeko. Bertsolaritzaren historiaren izen handienetako bat eman zuen Urepelek, eta bertsolari hari esker da ospetsua Euskal Herrian, gaur egun ere, Urepele herriaren izena. “Non hago, zer larretan, Urepeleko artzaina?”, Xabier Leteren kantu hainbeste kantatuaren errepikari esker ere bihurtu da ezagun herri hori, hein handi batez. Artzain haren sorlekutik hasiko da bertso-ibilbide hau, errekaren sorburutik Lapurdiko mugara. Ibilbide horretan garbi geldituko da Xalbador ez zela eskualde horrek utzi duen bertsolari bakarra, ez eta Urepele bertsolariak eman dituen herri bakarra. Horra Xalbadorrek zer idatzi zuen bere herriaz:
1
Nik zonbat pertsu alde ditudan ezarri,
laster agertuko da aunitzen pozgarri.
Kantatu izan diot Euskal Herriari,
edo gure hizkuntza dohakabeari;
gaur, Urepele, zuri hasten naiz kantari,
zu baitan munduratu naizenaren sari.
2
Urepele, derautzut aitortu beharra
ederrez etzarela munduan bakarra,
bainan hala ere nik zu zaitut izarra.
Galdezka hasten bazaut nehoiz kanpotarra
nongo semea naizen edo nongotarra,
goraki erraiten dut: “Ni urepeldarra!”.
3
Jainkoak berak daki ni ene bizitzan
bertze zonbat herritan ibilia nizan.
Beharrik, gogo huntan zu baitzinabiltzan,
hor gaindi perekatu izan nauten gisan,
engoitik bertze nonbait kokatua nintzan,
maitasuna ez banu zu ganako izan.
4
Zure eremuetan dute ezarria,
gaurko bi Naparroen arteko harria.
Etzare paperretan hanbat ekarria,
bainan aitortu nahi balute egia,
kondaira zaharretan zoin aipagarria,
Roland hiltzen hauteman zinuen herria!
5
Beha zure mendi ta oihan ederreri,
zure ur garbietan arrainak igeri;
entzun xoriak kantuz goiz ala astiri,
erakutsi beharrez kantatzen bertzeri.
Ez dela harritzeko, errex da ageri,
pertsutako gogoa sortzen bazaut neri.
9
Arrotzak zu ganatzen dauzkigu ekainak,
bainan gu ez kutsatzen horien usainak.
Etzauzkigu erdaran lokartu ezpainak,
euskara baizik ez du mintzatzen artzainak.
Garbiki beiratzeko euskaldun dohainak,
pare gabeak dira zure mendi gainak.
11
Gazte maitea, zutaz nago gogoetan,
otoi, entzun nezazu guzien onetan:
nonbait baldin bazaude gaurko denboretan,
orroit Urepeleri zarela zorretan;
euskaldun ager zaite ele ta obretan,
gure sort herri maite hunen ohoretan.
12
Bai, euskaldunak izan obra eta ele,
herriko aferetan ez izan logale.
Izan zaite arbola fruitu ekarle,
herria beti bizi denaren seinale,
gero’re izan dadin hitz hauen erraile:
Gora urepeldarrak! Gora Urepele!
Anakronikoa litzateke, aldiz, baieztatzea Urepeleko artzain hura eskualde hartako bertsolarien artzaina zela, eta bertsolariak errekaren norabide berean loratu zirela. Bertso-ibilbideak planta gehiago luke izokinaren igoeraren araberakoa balitz: Urepeletik Bidarraira beharrean, Bidarraitik Urepelera. Izokinik ez dabil hango erreketan, ordea. Amuarrainak, bai: txikiak eta biziak.
Fruitutik kimurako bidea hasiko da Urepeleko eliza gibeletik. Elizaren parean ageri da bide bat, mendian gora. Handik segi hel liteke Xalbadorrenera, eta gorago jarraituz gero, Xalbadorren artzain-etxolara. Eliza hartan egin zioten azken agurra Fernando Aire Xalbadorri (Urepele, 1920-1976); eta ondo-ondoan dagoen hilerrian dago ehortzirik, “Herria eta hizkuntza” bertso-sortaren egilea. Handik ehun bat metro beherago, herriko eskolan, eman zuen azken hatsa, 1976ko azaroaren 7an, eguna iluntzean, parean, herriko plazan jarritako karpan, oraindik omenaldia egiten ari zitzaizkiola.
Gaur egun ezker pareta dago lehen plaza laxoa zegoen lekuan. Eta ezker paretaren parean, Xalbadorren omenezko oroitarria, Euskal Herri osoan gaindi plazaz plaza ibili, txapelketa anitzetan parte hartu, kantari frankoren kantuen iturri izan ziren bertso-paper andana utzi eta liburu eta diskoak argitaratu zituen herriko semeari esker-onez.
Mattin Trekurekin hainbeste kantatu zuen bertsolariak bazuen kezkarik aski etorkizunari begira: euskararen geroa ilun zekusan, eta beldur zen haien gibeletik ez zela bertsolari gazterik hasiko. Katea ez zen eten, haatik.
Xalbadorren seme zaharrena, Mixel Aire Xalbador (Urepele, 1944) hasi zen bertsotan, belaunaldi hartako beste batzuk bezala. Urepelen bizi da, eta bizi guztian lan egin du artzain gisa. Plaza anitzetan aritu da, zikiro-bestetan, gisa bateko eta bestetako ekitaldietan, Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen zuen, 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta txapela jantzi ere 1980an, 1985ean eta 1988an.
Bat-batean ez da sekula aritu, baina hainbat bertso sorta eta kantu utzi ditu beste urepeldar batek: Gexan Alfaro Lantziri (Urepele, 1941) da hori. Guk taldearen lehen kantuetakoa izan zen Euskalduna naiz etaren hitzak dira, beharbada, haren ezagunenak. Haurrentzako kantu anitz ere sortu zituen, ikastolen eta argitaletxeen hastapenetan. Angelura joan zen bizitzera gaztetan, eta Baionan aritu zen lanean, liburu-saltzaile eta editore gisa. Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat zen; bizitza profesional gehiena argitaletxe horretan iragan zuen. Seaskan ere inplikatu zen anitz; lehendakari ere izan zen, urte zailenetan. Seaskaren Xalbador kolegioaren bultzatzailea izan zen; gisa hartan, ikastolako ibilbidea 2 urtetik 18 urtera artekoa izateari atea ireki zion.
90eko hamarkada hastapenean preso egon zen urte batez, errefuxiatu batzuei aterpea emateagatik. Presondegitik astero igortzen zituen bertso sorta berriak, eta Ekaitza astekariak argitaratzen zizkion. Haren seme Ellande Alfaro (Angelu, 1974) ere bertsotan aritzen da. Gaztetan Baionako bertso eskolan trebatu zen, eta ibili zen zenbait plazatan.
Bertsoaren loreak jarraitu du fruitua ematen Urepelen. Errekan gorago, Nafarroa Garaiarekin muga-mugan, dago Xendarinea. Han sortua da Karine Etxeberri (Urepele, 1990). Xendarineko Ahizpak –Karine eta Aline– ari dira izen bat lortzen euskal kantagintzan. Kantuaz gain, Karine bat-bateko bertsoari ere lotu zaio, Nafarroako taldekako Bardoak txapelketan parte hartzen du, eta Iruñeko Alde Zaharreko kopla txapelketa irabazi zuen 2016an.
Aldude
Errekan behera, lehen geldialdia Alduden. Handik berriz gibelera itzuliz soa, ibar zabal berdea, mendiz inguratua, dakusagu. Mendien zolan Urepele. Urepele bera, 1862ra arte, Aldudeko auzo bat zen. Lehenago, aldudarrek ez zuten begi onez ikusten urepeldarrek beren eliza izan zezaten, eta aldudarrengandik gordezka, urepeldarrak Bankako mendietan barna joaten ziren, Baionako apezpikuari elizaren eskaria egitera. Azkenean, 1841ean lortu zuten eliza eraikitzea.
Aldude bera ere ez da hain zaharra. 1793an bihurtu zen udalerri. Ordura arte, Baigorritik joaten ziren etxaldeetako gazteenak (premu ez zirenak) Aldudeko ibarrera, hango bazka-lekuetan artzain-etxolak eraikitzera. XVI. mendetik aitzina egituratu zen Aldudeko herria, nahiz eta, berez, Baigorriko auzo bat izan. 2.800 bat biztanle edukitzera heldu zen, XIX. mende erdialdean. Gaur egun, 300 bat biztanle dauzka.
Xalbadorrek bertso hauek eskaini zizkion:
1
Alduderi begira lorian nago ni,
hartakotz dazkot egun pertsu hauk eskaini,
nola dagon izaite bizi bat iduri
Sorogaini begira, bizkarrez Baztani.
2
Bizkarrez dago bainan anaia du Baztan,
berex badaude ere zonbait urte hautan,
ez daude berriz ere amodio faltan,
amultsuki hartzeko elgar besoetan.
3
Alduderi izena nork eman ote du?
Noren asmutik edo nondik zaio heldu?
Diote Alto-bide dela estakuru,
Aldude erdalduna noiz izana dugu?
4
Naparroako ginen Alduden lenago,
gure bihotza hortaz penetan baitago;
izen berriz gaituzte eman apalago,
bainan gure gogoa lehengoan dago.
5
Herri hau gero ere, denen arabera,
ez español, ez frantses, bizitzen zen bera;
gero etsaiek, jauzi eginik gainera,
zuten gain hartarikan jautsi hoin behera.
6
Arbolak bizi deno baduke itzala,
beraz balaike fruitu ekar dezakela;
bainan nork du nahiko, nork duke ahala
Aldude ezartzeko lehen zen bezala?
7
Alduden, Urepelen, Kintoan, Esnausun,
dakigu badugula zerbait anaitasun;
guziek gogo beraz hitzeman dezagun
beti zinez egonen garela euskaldun.
Xalbadorrek herri hartan kantatu zuen bertsolaritzaren antologiako sorta bat, Uztapiderekin. “Aldamioa” aipatuz, anitzi etorriko zaie gogora bi bertsolari haien arteko elkarrizketa. Ehun metro gora dagoen aldamioa haustekotan dagoela, batek jauzi eginez gero, beharbada salbatuko da. Nork eginen du jauzi? Uztapidek horrela hasi zuen: “Ta, Xalbador, zu eroritzeak pena ematen dit neri / bitatikan bat erortzekotan nahiago det nik erori”.
Xalbador ez zen ados: “Ez, Uztapide, nihaur banoa, otoi, ez zaitela eror / berdin zu hantxet hil eta gero hila litaike Xalbador”. Eta beste bertso batean horrela jarraitu zuen: “gutarikan bat hor hiltzekotan, bertzea zendako bizi?”.
Bertso zirraragarri haien iturburua izan zen gaia Mixel Itzainak (Aldude, 1933) eman zuen, 1961ean. Hainbat bertso sorta idatziak baditu ere, bereziki gai-jartzaile eta bertso txapelketetako epaimahaikide gisa ezagutzen da, baita ere euskaltzain urgazle eta ohorezko euskaltzain gisa. Hark antolatu zuen, halaber, Xalbadorren omenaldia, 1976ko azaroaren 7koa. Horrez gain, Xalbadorren obrari buruzko liburu bat idatzi zuen 2014an. Euskal kulturgintzako eragileetako bat da. Hogeita hamar urtez aritu zen Kanboko Herriko Etxeko idazkari lanetan, eta han harreman hurbila izan zuen Mixel Labeguerie kantari eta politikariarekin. Haren urratsei segi, hura hil zenean, Eskualzaleen Biltzarreko buruzagitza hartu zuen 1980an. Urte berean sortu zuen Bertsularien Lagunak elkartea.
Geroztik ez da atera bertsolaririk Aldudetik; eta aitzinekoen izenak ere ez dira famatu egin. Garrantzia izan zuten, hala ere, Xalbadorren aurreko bertsolari horiek. Aldudetik Urepelera bizitzera joan zen Joanes Bidondo. Bertsozalea zen; haren anaia, Piarre, aldiz, bertsolaria (bat-batean ez zen aritzen; baina zenbait bertso idatzi zituen). Lehen Mundu Gerratik ihesi joan zen; zenbait denboraz Nafarroa Garaian bizi izan zen, geroago Ameriketan. Herrira itzuli zenean, desertore izateagatik egon zen preso zenbait denboraz. Horiek horrela, bertsotarako zuen gustua Xalbadorri transmititu zion.
Xalbador oraino haurra zela, ostatuan gizon batzuk bertsotan entzuten zituen, miresmenez, Lorentzo Tolosa lagunarekin batean. Bertsoak kantatzeko ohitura Lorentzoren aitak, Joxe Tolosak, ekarri omen zuen Zaldibiatik. Artzain gisa joana zen Urepelera. Lorentzok lehengusu bertsolaria ere bazuen, Eusebio Igartzabal gabiriarra.
Aldudek bertsotarako lagun bat ere eman zion urepeldarrari, bera baino 21 urte zaharragoa. Joanes Harriet Premundo (Aldude, 1899-1972) zen. 1936ko Euskal Herriko bertsolari txapelketan parte hartu zuen.
Pierro Erramuzpe (Aldude, 1927) ez zen bat-bateko bertsolari gisa ezagun egin, baina bertso sorta anitz idatzi ditu. Sei urte iragan zituen Ameriketan, artzain gisa, gazte garaian. Urte gogor haiei buruz mintzatu izan da maiz, eta haren seme Mikel Erramuzpek (Aldude, 1956) dokumentala ere egin zuen. Mikel (gaur egun Euskal Kultur Erakundeko lehendakaria) ere kantu frankoren egilea eta kantaria da.
Horiek horrela, Aldudek utzi duen bertso-jartzaile ezagunena nehork gutxik lotzen du Alduderekin. “Kantuz sortu naiz eta” kantu ezagunaren egilea, Jose Mendiaga Alduden sortu zen, 1845ean. Aita Ziburukoa zuen, ama aihertarra. Sortu zen urtean aita Aldudeko mugazaina zelako lotzen da Mendiaga Alduderekin. Dena den, haurtzaroa Hazparnen igaro zuen, eta hemezortzi urterekin Montevideora (Uruguai) joan zen bizitzera, eta han hil zen 1937an. Argentinan eta Txilen ere bizi izan zen. Ameriketan ezagutu zituen Jose Maria Iparragirre eta Pedro Mari Otaño. Baina baita Joanes Otxalde, bidarraitarra ere.
Banka
Aldudeko ibarreko eremu zabal eta argiak utzirik, arteka hertsiagoetan barna doa erreka, Baigorrira bidean. Urepele eta Baigorri badira ere ibar hartako herri ezagunenak, erdian badago herri bat, geldialdia merezi duena, bederatzi bertsolari bederen utzi baititu. Herri hori Banka da, Aldude bezala, 1793an bihurtu zena udalerri. Ordura arte Baigorriko auzoa zen herri hark La Fonderie (burdinola) izena ukan zuen, udalerri bihurtu zenean. Hain zuzen, kobre meategiak zeuzkan, Antzinarotik hara, eta udalerri bihurtu aitzin, burdinola bat zeukan, 1828an erre zena; haren arrastoak oraindik bistan daude, herriaren sarreran. 1874an hartu zuen Banka izena.
XIX. mende hartakoa da ezagutzen den Bankako lehen bertsolaria. Manex Apezena bertsolariaz xehetasun gutxi ezagutzen da. Bildostegia etxaldekoa zen, eta hamar urtez egon zen preso, lapurreta egiteagatik. Itxura guztien arabera, gainera, bere bertsoak saltzen ibiltzen zen.
Geroagokoa zen Peio Erramuzpe Manexene (Banka, 1880-1967). Ikasketak gazterik utzi zituen, eta laborari gisa bizi izan zen bere baserrian. Bat-bateko bertso sariketa zenbaitetan parte hartu izan zuen, baina, bereziki, familiako bazkarietan edo herriko besta batzuetan kantatu zuen bat-batean. Hainbat bertso idatzi utzi zuen, aldiz. Eskualdunak eta Gernikako Arbola bertso sortagatik saria lortu zuen 1908an, Atharratzen.
1913an ikaragarriko uholdea gertatu zen Baztan eta Baigorri inguruetan. Ehun urte geroago ere gogora ekarri zuten, gaur egungo belaunaldiek entzuna baitzuten haren berri, guraso eta aitatxi-amatxiengandik. Uholde hari buruzko testu franko aurki liteke. Peio Erramuzpek bertso sorta batean kontatu zuen zer gertatu zen:
1
Zer turbiak zauzkun menditarik jautsi
Bazterrak gain behera dauzkute erautsi
Lekuka da jendea heiagoraz hasi
Nunbaitik hor laguntza nahiz ardietsi
2
Uhaste beltz itsusi eta lazgarria
Jo daizku Espainia bai eta Frantzia
Gizonak nola ahantz zer den izurria
Barna duke sartua horren ukaldia
3
Dirdira batekin da betbetan erori
Beha zagonak dauku segurtatu hori
Zaku bat lehertu da urraturik jarri
Hauzako mendia du urpean ezarri
4
Arbolak zeramatzan airos zoletara
Etxeak etxolekin aurdikiz lurrera
Harri eta arrokek zuten zorte bera
Noiz bazterrak izan du holako ikara
5
Landa, mahasti, pentze, zenbat xahutuak
Zuharrak han hemenka daude larrutuak
Urak beren bidetik dire baztertuak
Zigor pisuaz gaitu zafratu Jainkoak
6
Herioa jendeak hurbil du ikusi
Urak azkar goititzen direnean hasi
Nor bera beti zoan ahalaz ihesi
Irrisku denean da nunbait nahi bizi
7
Karitate ederra bertute noblea
Zonbat den hunkigarri elgar laguntzea
Nahigabez urturik denean jendea
Frantses bihotzak daki zer den emaitea
8
Urrikari gaituzte jendek bazterretan
Zer ez dute emaiten behar ordu huntan
Konda beza hunkiak haurride onetan
Etsiturik ez dadin geldi auhenetan
Uholde hartarik laster munduratu zen Peio Erramuzperen seme Ximun Erramuzpe (Banka, 1914-Bidarrai, 1988). Hura ere aritu zen bertsotan. Aitarekin ikasi zuen bat-bateko bertsoak egiten, eta idatzizko bertso zenbait ere argitaratu zituen Gure Herria aldizkarian. Uztaritzeko apez-eskolan eta Baionakoan ikasi zuen, Donibane Lohizunen ezkondu eta han bizi izan zen. Zahartzaroa Bidarrain igaro zuen.
Bankako hirugarren Erramuzpe bat ere aipatu behar da, Ximun baino zaharragoa: Mixel Erramuzpe Ohako (Banka, 1899-1967). Laboraria zen, baina bereziki, Bankako auzapez izateagatik gelditu da ezagun. 1935etik 1943ra bete zuen kargu hura, Bigarren Mundu Gerra bete-betean zegoela.
Garai berdintsuan sortutako beste bertsolari batzuk ere izan zituen Bankak. Ez ziren bankarrak, bankartu baziren ere. Sunbillako bi bertsolarik bizia Bankan egin zuten. Lehena, Ximun Ibarra Zubikoa (Sunbilla, 1905-Banka, 1979) eta bigarrena Felix Iriarte Berjinanto (Sunbilla, 1912-Banka, 1987). Zubikoa 1936ko gerratik ihesi joan zen Bankara, eta han ezkondu zen 1955ean. Ikazkin gisa aritu zen lanean. Gerra aitzin ere ari zen bertsotan, Nafarroako txapelketan parte hartu baitzuen, 1936ko urtarrilaren 12an Elizondoko Antxitonea trinketean egin zen saioan, eta geroago Euskal Herriko txapelketan.
Elizondoko lehiaketa hartan, Nafarroako hamar bertsolarik hartu zuten parte. Felix Iriarte Berjinanto izan zen txapela jantzi zuena. Berjinanto ere sunbillarra zen, baina ordurako Bankan bizi zen. Bederatzi urte baizik ez zituela joan zen Aldudera bizitzera, baserri bateko mutil gisa lan egitera. Han ikasi zuen bertsoak kantatzen. Gero, Bankara joan zen bizitzera, hango batekin ezkondu baitzen 1938an. Ederki laketu zuen, zahartzaroan idatzitako bertso hauek erakustera ematen duten bezala:
1
Horra zer gauza xoragarriak zeru azpiko izarrak
Gau ilunean behatzen bada ikusten dira bakarrak
Bi koloretan ageri dira urreak ta zilarrak
Horiek oro eginak ditu Jainko Jaunaren indarrak
2
Huna Bankako herri pollita izar eder bat iduri
Oihanetako xori guziak arbolen puntan kantari
Mendietako erreka hetan arrain pollitak igeri
Bankan zoin urus bizi giren gu hortarikan da ageri
3
Udaberrian sortuko dira mendi gainetan loreak
Bazter guziak xoratzen ditu berduraren koloreak
Bai eta ere arboletarik xorittoen amoreak
Nik ere kantuz igortzen ditut herriaren ohoreak
4
Itsasorikan ez dugu bainan baditugu hor mendiak
Elgarren kantu besarka daude ttipiak eta haundiak
Heien gainean alhatzen ari behiak eta ardiak
Gain hei(e)tako sorotan berriz behorrak eta zaldiak
5
Bihotz guziak alegeratzen primaderako fazoinak
Zelaietarik mendi gainerat heldu zaizkigu artzainak
Bide hegian esnez beterik ikusten dira bidoinak
Uda eder bat pasatzen dute laguntzen batu sasoinak
6
San Migeletik San Martinerat Bankako mendi gainetan
Ihiztariak gorderik daude beren harmak eskuetan
Uso gaixoak hor heldu dira nekaturikan airetan
Eta ainitzak lurreat doaz pentsatu ere gabetan
7
Bankako mendi gainetarikan urrun egiten da soa
Alde batetik Adour ibaia bertzetikan Bidasoa
Miraila baten pare han dago aitzinean itsasoa
Begi luzekin behatzen bada Euskadi oso osoa
8
Berrogei eta hamar urte du Bankan bizitzen nizala
Bizkar gainean jarri zait orai adin handiko itzala
Hau bururatu behar dut orai hasia dutan bezala
Gure Jainkoak Bankar guzier graziak ixur ditzala
Berjinanto hamabi urtetan hasi zen bertsotan, eta plazaz plaza abiatu zen hamasei urtetan. Plaza anitzetan aritu zen kantuz, Ipar Euskal Herrian gaindi, baita zahartzaroan ere. Euskal Herriko hiru txapelketatan parte hartu zuen. 1936an bosgarren postua lortu zuen, 1950ean hirugarrena eta 1951n zazpigarrena.
1936ko txapelketa hartan, Bankako beste bi bertsolari ere aritu ziren: Martzel Larrosa eta Beltran Sahargun.
Haiek guztiak baino gazteagoa zen Marixan Minaberri Atalki (Banka, 1926-Uztaritze, 2017). Ez zen bat-bateko bertsolari gisa egin ezagun; hala ere, hainbat bertso sorta idatzi zuen, horietatik gehienak haurrentzat. Oskorri taldeak disko bat grabatu zuen Minaberriren haur-kantuekin, eta hala bihurtu zen ezagun Euskal Herri osoan.
Baigorri
Errekaren sigi-sagei segi, Banka, Aldude eta Urepele herrien eta hango familien arbasoen herria dago: Baigorri. XI. mendetik badago herri horren arrastoa, artxiboetan. Han dago, kaxko batean, Etxauzia jauregia, Nafarroako erresumako bizkondeen jauregia izan zena, eta orain jabe pribatu bati erosteko aukera dagoena. Herritar talde bat ari da proiektu bat aitzina eramaten, jauregia erosteko, eta jauregi horren inguruan kultura eta historia oinarri dituen ekimen bat obratzeko.
Jauregia ederki ikusten da harrizko zubiaren ondotik. Zubia eta jauregia, biak, argazki berean ageri dira, jauregia dagoela Baigorriren zaindari. Harrizko zubia Mixelengo zubia dela argituz gero, garai bateko apaizaren irudia datorkigu: zubiko hegitik arrantzan, eta haizeak txapela eramanik, haserre:
Mixelengo zubia, zubi famatua,
arrantzariendako toki hautatua;
haiza-hegoak han du azkarra xixtua,
niri laster egin daut xapelaz tratua.
Hameka orenetan, oraino barurik,
zubi hartan arraintzan ari nintzelarik,
arrain bat naukalarik amuan lothurik,
haizeak ereman daut xapela burutik.
Hastiagarri haiz, egunaz bai gauaz,
oro erokeria; ez dakit zer nahas…
Ez duka urrikirik egin dukan lanaz,
gisa huntan emanik apeza buru-has?
Bertso sorta hori Erramun Martikorenari esker egin zen ezagun. Maiz aipatzen da kantu “herrikoi” gisa. Garai batez anitz erabiltzen zen kalifikazioa zen hori. Bistan da, kantuen hitzak eta doinuak norbaitek pentsatuak izaten dira, beti. Eta Mixelengo zubia hainbat aldiz herrikoitzat jo bada ere, badu egilea: Piarres Dibarrart (Jatsu, 1838-Baiona, 1919). Ez zen baigorriarra, baina urte anitzez Baigorrin bizi izan zen. Ez zen apeza, baina apezarengandik hurbil zegoen. Hain zuzen, ofizioz zapatagina bazen ere, Baigorriko eliz-kantari gisa hartu zuten, boz ederra zuelako. Bertsolaria ere zen: Etxahun Barkoxe eta Otxalderekin kantatu zuen. Lore Jokoetan parte hartu zuen urte anitzetan, eta sari anitz irabazi ere. Harenak dira, halaber, Sotoko oporra edo Itsua eta sastrea bertso sortak.
Baigorrira –eta baita Dibarrarten garaira– heldu aitzin, Xantxo mandozaina ezizenez ezagun egin zen bertsolariak merezi du aipu bat. Ez da gauza anitz idatzi hartaz. Ez bide zen baigorriarra, baina Baigorri eta Banka bitarteko errekan bizi zen eta Baigorrin lan egin zuen 1835etik 1850era. Mandozaina zen lanbidez, baina, itxura guztien arabera, kontrabandoan iragaten zuen denbora anitz. Mugazainen kontra sekulakoak botatzen omen zituen.
Bankatik Baigorrirako bidean, beste bertsolari bat, XIX. mende bukaerakoa: Joanes Jauregi Tihista (Baigorri, 1863-1927), Tihista baserriko laboraria. Bertso lehiaketetan parte hartu zuen, eta bigarren saria lortu Atharratzen, 1910ean. Baigorriko ezkilei, erloiari eta iturriari egin zizkien bertsoak. Azken sorta horrek badu kazetaritza lanetik, azaltzen baitu Baigorrin iturri beharra agertu zela eta azkenean ura menditik herrira ekartzea erabaki zutela.
1
Baigorrin beha gaude juanden aspaldian
iturriak beharrez karriken erdian.
Jendek erraiten dute elgarren artian
ura behar dugula udaren hastian,
nor nahik edan dezan egarri denian.
2
Anitz urrundu gabe karrika ondotik,
ur ona baginuke zulatei gainetik,
udan egoiten baita garbi ta freskorik,
ez da Eskual-Herrrian haren parekorik
edanik ere anitz ez dakar kalterik.
3
Iturri horrek baitu gaitzeko omena,
herrirat ekartzeko egin zuten plana.
Etzen beraz gezurra zonbaiten errana.
Neurtzale jakintsun bat bazela izana
estimatzeko zonbat gostako zen lana.
4
Aski azkar ote zen behar zuten jakin,
denak aseko ginen horko urarekin:
neurtzaleek diote errapostu egin
ur hortarik izanen dela soberakin
mahastiek emaiten duteno Baigorrin.
5
Baigorrin ez baitira itsura jokatzen,
ura edan zitaken jakin nahi zuten:
bi mediku aipatu galdegin zituzten.
Herriko medikua berekin han zuten
izatu zirelarik uraren ikertzen.
6
Mediku arrotzetan bat zen Pariseko
bertzia Bordelesa, haren laguntzeko
biak izan zirela abisu bereko,
utzi zituzten hitzak hor dira lekuko,
nola mintzo ziren dut orai agertzeko.
7
Huna Paristar harek zer zuen ezarri:
“Frantzian ezagutzen ditut asko herri,
aberatsenetarik baitago Baigorri,
gostatzen balitz ere anitz urre gorri.
Ur hau behar litaike herrirat ekarri”.
8
Bordelesak ondotik han zuen finkatu:
“Ur arina da eta kotsurikan ez du.
Oraino nehork ez du aski estimatu.
Eri dagonik frango sendaturen baitu,
ur hunek on guziak berekilan ditu”.
9
Herrikoa zen gero mintzatu azkenik:
“Nik ere ez dezaket kontseila berzerik,
edan dezagun denek iturri huntarik,
ez baitugu guziek sotoan arnorik,
ur hau izanez geroz ez dugu beharrik”.
10
“Ene lagunek ur hau laudatu daukute,
arrazoin bereziak hortako baituzte,
Parisen ez Bordelen ur onik ez dute,
Baigorriko parada Parisen balute,
dirua frango huntan xahu lezakete”.
11
Aitzina mintzatu zen solas ederretan:
“Sinhetsi gaitzazue gure erranetan,
garbiki mintzo gira zeronen onetan,
diruak alfer daude herriko kesetan,
iturria ere bai, hemen debaldetan”.
12
“Zueri buruz dago, Herriko gizonak,
lehia zaizten laster elgarrekin denak,
obretan emaitera jaun hoien erranak
iturriak balira karrikan eginak
beti iraun lezake duen aipamenak”.
Bertsolari gazteagoa zen Marzel Errotabehere Berho (Baigorri, 1910-1992), Berhoako baserriko laboraria. Hark ere baditu bertso sortak Baigorriri buruz, bereziki Baigorriko 22 auzoei buruz. Euskadi ene aberria eta Nortasuna sortak ere aipa litezke. Azken honetan azpimarratu zuen gurasoek sortu zutela “betikotz euskaldun”. Adinean gora joan ahala ere jarraitu zuen bertso idazten. Xalbador baino lehenagokoa izanagatik, Urepeleko bertsolari ospetsua baino hamasei urte geroago hil zen. Erramun Martikorenak lehenbiziko diskoan grabatu zituen Errotabeherek Xalbadorri esker onez idatzitako bertsoak, haren heriotzaren ondoren.
Xalbadorren heriotzak hunkiturik, ordu arte baigorriar lagunekin kantari aritzen zen Jean-Louis Hariñordoki Lakak (Baigorri, 1954) bat-bateko bertsolaritzarako jauzia egin zuen. Lakaenia sortetxetik dauka goitizena. Ekonomia arloan aritu da lanean, Baionan, Hemen elkartean, zehazki. Nafarroako txapelketan parte hartu zuen urte anitzez, eta beste hainbat sariketatan. Haren belaunaldiaren ondotik beste bertsolari batzuk ere sortzeko kezkak bultzaturik, Baigorriko bertso eskola sortu zuen.
Fruituak eman ditu lan horrek. Bixente Hirigarai (Baigorri, 1992) eskolarteko txapelketetan eta Xilaba txapelketan aritutakoa da. Battitt Crouspeyre (Baigorri, 1989) ez zen hasi haur denboran, bere adineko beste bertsolari batzuk bezala, baizik eta 21 urtetan. Eskolartekoak ezagutu gabe, zuzenean hasi zen Xilaban parte hartzen, eta geroztik bere bidea egin du bertso munduan.
Bastida eta Arrosa
Baigorritik Arrosara bidean, gomendagarria da mendi aldera baztertzea, une batez. Eiheralde auzoa pasatu eta berehala, eskuin aldera joan eta Bastida auzora heltzen da. Auzo hartakoa da lehenago aipatutako Erramun Martikorena kantaria. Baigorriko eta ibarreko bertsolarien testuak kantatu zituen artzainak, Otsobia zuen lehen diskoa. Hain zuzen, Martikorenaren etxea da Otsobia.
Otsobia baserriak eman zion artista izena Jules Moulier Oxobiri (Bidarrai, 1888-Hiriburu, 1958). Ez zen hangoa sortzez, ez eta ere baigorriarra, baina etxalde hartan iragan zuen haurtzaroa. Apaiz egin zen, eta gazterik joan zen Baigorritik. Alegiak idatzi zituen, Gure Herria aldizkaria sortu zuen, Eskualduna astekariko arduradun izan zen eta euskaltzain izendatu zuten. Horrez gain, bertso franko ere idatzi zuen.
Otxobi zuen bigarren deitura, aldiz, Emile Larrek (Baigorri, 1926-Kanbo, 2015). Hura ere Bastida auzokoa zen. Bastida auzotik hurbil dago Urdoze auzoa. Larre hara joaten zen eskolara. Geldialdi bat merezi duen auzoa, 1666ko kapera eta 1777ko jauregia ikusteko. Apez, euskaltzain, idazle, Herria astekariko arduradun eta bertso epaile eta sustatzaile hark bertsoak ere idatzi zituen. Horietako sorta batek Baigorri deskribatzen du auzoz auzo, inguruko herriak ere aipatuz:
Baigorriko herriak hegalak urrun tu
Denak ere malkarra erroitz eta bortu
Bainan zer inporta du, ni han nintzan sortu
eta hantxet nahi dut engoitik zahartu.
Germieta Belexik ikusirik Larla
diote: “Guk Oilandoi dugu gure perla”
Arrano begiz dago denen zain Iparla
Hunen gerizan dituk borda ta etxola.
Erratzu Aldudetik Benko Baigorrira
Urepel-Arrossatik Ortzaiz-Bidarraira
Azkarate Ahauze Lasa Irulegira
Nik dautzut Euskal Nafar lur bizian zira.
Etxean nun ditutzu zure haur guziak
ohantzetik ereman ainitzak biziak
Itzulia egiten baitu iguzkiak
bihar hel ditzatela gure goraintziak.
Tokian geldituak etzazket ahantzi
Bihotzera doala otoitz hau ainitzi
Gure mendi maiteak hiltzerat ez utzi
Xume bagira ere berma eta bizi!
Herria, zutaz daukat pentsamendu ainitz
Laster erranak dira, aski da zonbait hitz
Jarraik arbasoeri leial eta bortitz
Zer laiteke Baigorri Euskaldun ez balitz.
Bertso horiek ere Erramun Martikorenak kantatu eta grabatu zituen. Bastida eta Urdoze auzoetatik, Iparlatik Auzarako mendilerroaren oinetatik, bista ederra dago Baigorri aldera batetik, Donibane Garazi aldera bestetik.
Handik ageri diren oihan, mendi eta herriak begiz gozatu ondoan, berriz jaitsiko gara bide nagusira. Errekan behera, arteka hertsietan barna darama bideak, Arrosa aldera. Arrosara heltzean, aldiz, bazterrak guztiz aldatzen dira. Berriz ere eremu zabala agertzen da begien aitzinean. Baigorri aldetik isurtzen den erreka Donibane Garazitik datorren Errobi errekarekin batzen da. Halaber, hara heltzen da trena Baionatik, eta Donibane Garazi aldera jarraitzen du bidea. Garai batez, Baigorrira ere heltzen zen trena, baina aspaldiko urteetan, Urepele eta Baigorri arteko herritarrek Arrosaraino joan behar izaten zuten, trena hartu ahal izateko. Laborantza da Arrosako sektore nagusia; hala ere, industriak badu pisu handia. Nafarroa Behereko kooperatibagintzaren herri garrantzitsua ere bada.
Kulturarekin ere badu lotura handia. Bereziki, han hasi zirelako antolatzen Euskal Herria Zuzenean musika jaialdia 1996an. 2003tik landa Arrosa utzi bazuen ere, jaialdi hura beti geldituko da Arrosa izenarekin loturik, oroz gainetik Arrosako zolan kantuari esker.
Arrosako zolan, kantu zirimolan,
nahiz eta telebistan ez gaituzten modan.
Euskararen garra, lokarri azkarra,
gau ilun honetako gure artizarra.
Zazpiehun langile sutsu ta ekilez,
oraina ta geroa ez ditezke berez.
Kontzertu onen bidez, musika eztiez,
euskal izen ta izana betikotz bat bitez.
Koka ta hanburgesa, euskaldun baldresa
gustua galtzea ere zein dugun errexa!
Kendu nahi digute bihotz ta bertute,
izaki klonikoak egin nahi gaituzte.
Jo dezagun, bada, goraki aldaba,
multinazional hoien herria ez gara.
Bretoi ta korsikar, kanak, okzitandar
nor bedera izaiteko har dezagun indar.
Munduko herrien ta irrati libreen
bilgune goxoa guk dugu urtero hemen.
Uhainen ildoan, asmoak geroan,
elkarren ezagutza daukagu gogoan.
Munduko erronkak, herrien borrokak,
bildu gara hausteko zapalkuntzen sokak.
Dantza ta irria, kantuz ilargia,
gau hontan zoriontsu da Euskal Herria.
Bertso haiek Aitor Renteria Txato bertsolariak idatzi eta Aire ahizpek kantatu zituzten. Txato bilbotarra zen (Santutxu auzokoa); gazte-gaztetik joan zen Lapurdira bizitzera. Berrian kazetari gisa lanean hasi aitzin, AEKn aritu zen lanean urte anitzez, eta Urepeleko udako barnetegian ematen zituen klaseak. Urepeleren maitalea zen, eta urepeldarrek –Mixel Xalbadorren alabek– kantatu zuten haren bertso sorta ezagunena, Arrosari eskainia.
Bertso sorta horretan aipatzen den “irrati libreen bilgunea” ere izan da, bai, Arrosa, Euskal Herriko elkarte-irratien sarea sortu zelako han, EHZ jaialdiaren harira. Zenbait urtez, han zeukan egoitza Kanaldude telebistak ere (orain Bidarrain daude), Aldudetik sortu zen telebista proiektu herritarrak.
Horiek horrela, Arrosak ez du izen handirik utzi, bertsolaritzari dagokionez. Badago, aldiz, bertsotan hasi zen norbait: Jan Battitt Irigarai Oihantzipi (Arrosa, 1936). 1971n kantatu zuen lehen aldiz, plazan, Jean-Pierre Mendiburu, Ernest Alkhat eta Joanes Arrosagarairekin. Ez zuen, aldiz, jarraitu.
Ortzaize
Arrosatik hurbil, errekaren bestaldean, Ortzaize dago. Irisarrira begira dago batetik, Bidarraira bestetik, eta beti lotura estua izan du Arrosarekin. 1806tik eta 1923ra bitartean, Arrosa Ortzaizeko auzo bat zen. Gero berriz bereizi ziren, eta geroztik bi udalerri dira.
Ortzaizek ez du bertsolari anitz utzi. Ezagutzen den aspaldikoena Leon Elizanburu (Ortzaize, 1816-Uztaritze, 1861) zen. Ortzaizen sortu zen, baina ez zen han bizi izan. Mugazain lanetan aritu zen, aita bezala. Haren izena ez da hain ezaguna bertso eta kantu munduan; ezagunagoa izan zen pilotari gisa. Beste Elizanburu bat da ospetsua: Jan Battitt Elizanburu, Ikusten duzu goizean kantuaren eta beste hainbaten egilea. Leon eta Jan Battitt anaiak ziren. Jan Battitt 12 urte gazteagoa zen. Jan Battitt sortu zenean, Saran bizi zen Elizanburu familia, Leonek 10 urte zituenetik. Lehenago Arnegin eta Lasan ere bizi izan ziren.
Anaiak bezala, Leonek ere badu kantu ezagunik, hala nola Pantxoa eta Peiok kantatzen duten Kriolinak.
Bertsuak nahi ditut orai athera,
Ixilik banindago banuke pena,
Baina neke da!
Krenolinaz baizikan solasik ez da,
Hauxe da besta
Satanek etzezaken bertzerik pentsa.
XIX. mende bukaeran beste bertsogile bat ere izan bide zen Ortzaizen: Jean Hiriart. Baina zinez gauza guti jakin da hartaz. Haren izena agertu da, 1893ko lore jokoetan parte hartu zuelako.
Denboran zinez aitzina joan behar da Ortzaizen beste bertsolari bat aurkitzeko. Piarres Trounday Xaramendi (Ortzaize, 1930). Erramun Trounday aita eta Jan Piarre anaia ere aritzen omen ziren bertsotan, baina ez da haien obrari buruzko arrastorik gelditu. Xaramendi Ortzaizetik kanpo bizi izan zen, lanera joan zenean. 1953an idatzi zituen bertso hauek, Kanadatik:
1
Xoiriñoari jin zaionean airez joaiteko ahala.
Ait’amak utziz ber’ ohantzean, ikusten duzu doala.
Utzirik daukat gisa berean, hegaztin horrek bezala,
Eskual-Herriko choko maitia, oi! Frantziaren hegala!
2
Ene ideiak ditut konplitu Kanada-korat jitean
errextasun-ta plazer osoa hemen zelako ustean
pidai-airosa egin ondoan aireko xori batean
orai hemen naiz zazpi islako oihan handien artean.
3
Gure lanari girenion lotu, toki hautarat jin eta
kanbio behar izan ditugu, hazkurria beztimenta,
oraino ezin ahantziz nago, egun oroz pentsaketa,
Eskualdun gisa maite ditudan xahakoa eta poneta.
4
Nola-re diren errextasunak, beharra baita halako
plazerra eta ongi izana, oi! sasoinari dohako
Zortzi hilabetez negua dago, bertze lau dira udako
Eskual-xoririk ohantzitera ez da hain segur hunako.
5
Ez naiz bakarra, ni eskualduna hemengo bizi moduan
Gibelerat so egin dutana, hunat etorri ondoan,
oihan barnean lanari lotu, hau ezarririk buruan,
pena gabeko plazerrik nehoiz ez daitekela munduan.
6
Kontsideratu behar dena da, ongi lanean, artzia.
Toki hauetan gisa hartarat heldu da irabazia
Osasun ona beharrena da, Jainko jaunaren grazia,
nehoiz ez dugu dolu izanen hemen pairatu bizia.
7
Ene etxola ttipian nintzan, kantu hauien moldatzean;
neure eskualdun lagun on batzu, banituen sahetsean,
Eskual-Herria, aitortzen dugu, goraintzi hau igortzean
nihun ez dela hobeagorik nola, zure ohantzean!
Europara itzuli zen geroago; ez, ordea, Euskal Herrira. Etxegintza arloan egin du lan, eta Bordele aldean bizi izan da. Aitatxi bihurtu zenean, semeari eskaera zehatza egin zion, 1983an: bilobari erakuts ziezaion Ortzaize, aitatxiren sorterria.
1
Habil, habil semea, habil Ortzaizera
Mikael ttipiari bide ikastera
Behar diok ikasi
egun batez aitatxi
han sortua zela
sor lekuaz orhoituz pena baduela.
2
Ene seme maitea, errak hireari
besarka egin dezan ene ait-ameri
Haurren, haurren haurrena
maitasun biziena
dezatela sendi
heien odola gutan kantuz baita ari.
3
Mikael ttipiari, semea, erakuts
amodio hartzea euskal bizi lekuz
Itsas-mendi zelaiak
etxe xuri garbiak
ta xoriak kantuz
toki ederragorik ez dirola ikus.
4
Ene seme maitea, Ortzaizera habil
Otoi kasu emanez bide hortan ibil
Nik zaituztet urrundu
Hartzen diat ba kondu
Hortaz nagok umil
Bainan bihotz guziaz han gaituk ba hurbil.
Bordelen bizi izanik ere, euskararekiko atxikimendua ez zuen galdu Xaramendik. Hango euskaltegiari eskaini zion bertso sorta bat, 1990ean (Euskal gau ikasketak Bordelen).
Xaramendi baino gaztexeagoa da Peio Minaberri (Ortzaize, 1938). Honek ere Euskal Herritik kanpo lan egin zuen, Landetan, zehazki, ile-artatzaile gisa. Azken urteetan, Hazparnen bizi da.
Bidarrai
Ortzaizetik Bidarrairako bidea, nahi izanez gero, errepidez beharrean, rafting bidez egin daiteke, errekan behera. Uda betean, zernahi talde ibiltzen dira jolas horretan. Dudarik gabe, garai bateko hango bertsolariek ikus balitzate harat-honat horiek, biper eta gatzez betetako bertso sortak idatz litzakete.
Pena litzateke, dena den, erreka bazterretik ez ateratzea, behin Bidarraira helduta. Herria bera gain batean dago, patar gogorra igo ondoan. Bide nagusitik ez daiteke pentsa zein ikuspegi loriagarria dagoen herriko plazatik mendi aldera, Baztan errekan gora. Errekari segi oinez abiatuz gero, Harpeko Saindua izeneko lekura heltzen da. Gaur egun oraino joaten da jendea, hango harrian behera isurtzen den urak hezurretako gaitzak sendatzeko duen omenezko gaitasunak erakarririk. Harpeko sainduaren dohaien baitan sinesten dutenek ez bide dituzte ezagutzen Joanes Otxalderen bertso hauek:
Bidarrain gora Harpeko Saindu, saindu izenik gabea,
miriku jaunek ezin usmatu sendagailuen jabea.
Entzunak entzun, beti nindagon: saindurik hor bizi dea?
Jakin beharrez egin izan dut harperainoko bidea,
baitakit orai zoin gaitzikor den horko barbera gordea.
Gure Jainkoak bakarrik daki noizpeit gertatuen berri:
Baztango urak zer aro moldez abiatu ziren kurri;
noiztik Erratzu eta Bidarrai diren eskual auzo herri;
nola Saindu bat harpe batean bilakatua den harri;
harria bera, bi mila sorgin! noizdanik dagon iturri.
Zeruan izar, lurrean belar, itsaso zabalean ur;
harpeko saindu famatuari nik behin betikotz agur;
ez dezaket ez, askok bezala, esker onik horri bihur;
San Tomas nuen beilari lagun: kukuak jo zautan makur;
etxerakoan minez ai-ei-ka nindabilala niz segur.
Joanes Otxalde (Bidarrai, 1814-1897) mugazaina Nafarroa Behereko bertsolari ezagunenetako bat izan zen. Haren bertso ezagunenak Iruñeko ferietan dira (horiek ere Erramun Martikorenak kantatu zituen). Pierra Topet Etxahunekin kantatu zuen plazetan. Haren itzala ez da itzali, sortu zenetik bi mende iragan direnean ere. Hari buruzko liburua idatzi zuen Jules Moulier Oxobi bidarraitarrak, 1949an. Zubikoa Bankako bertsolari sunbillarrak bertso sorta batean laburbildu zuen Otxalderen bizitza eta garai hartako bizimodua.
1
Notizia bat allegatu da ni bizi naizen tokira
Otxalde zenan bizimoduaz esplikatzeko hitz bida
Hirur hogoi ta zazpi urte du hilikan gizon hori da
Agian gure entzuten dago izar artetik begira
2
Otxalde zena oraindik ez da orroitzapenik gabea
Bere denboran nola izan zen hainbat gizon xelebrea
bestela pobre bizi zen bainan bertsulari alegrea
Berez guarda zen Euskaldun garbi ta Bidarraiko semea
3
Ageririkan ez dagoela bataiatu zen elizan
ongi ditaken gizon batzuek berriro didate esan
emaztea ta haurrak hameka munduan ditula izan
Larrogoi eta hiru urtetan, sortu zen herrian hil zan
4
Urte alde bat iragana du Otxaldek mundu honetan
batzuek guarda zerbitzuan ta bertze asko erretretan
Maitagarria izan delako Euskal Herrian denetan
egun eder bat pasa dezagun haren orroitzapenetan
5
Zortzi ehun bat libera zuen urte paga handiena
Dudarik gabe egia daike nik hala daukat jakina
Orai horrela neurtuz dirua bizi beharrak bagina
egun bateko tabakoa ta aperitifaren dina
6
Euskal Herriko anai-arrebak begira gaiten elgarri
aspaldiko koplari zena nola behar dan ezarri
Hobekiago ikusitzeko ixtorio horren berri
buruilan seian al dan guztiak Beskoitzeraino etorri
Oxobik azaldu du Otxaldek urte batzuk iragan zituela Beskoitzen. Harat-honat franko ibili zuen hara heldu artean. 18 urtetan joan zen Aiherrara bizitzera, han ezkondu zen eta, geroago, mugazain lanetan hasi zen, aita bezala. Larzabale, Heleta, Makea… Bizileku franko eduki zituen, bizitzan gaindi. Mugazain lanak utzi zituen 51 urtetan, eta Beskoitzera joan zen bizitzera. Ez zuen errenta handia, eta horregatik, postari lanei ekin zien.
Otxalderen garaikidetzat jotzen da beste bidarraitar bat, Otxalde bera baino hamalau urte zaharragoa. Ñarro gisa baizik ez da ezaguna, Ñarro baserriko nagusia baitzen. Zabaldu zen ea Etxepare deitura ote zuen… 1819an idatzi zuen Bidarraitarra bertso sorta, han azaldu zituen garai hartako mutiko gazte baten kezkak. Hots, urte hartarako gaztea bazen, urte batzuk lehenago sortua zen. Ñarro baserrian sortu zena Jean Noblia zen, zehazki 1800eko apirilaren 22an sortua; Raimond Noblia zuen aita, eta Dominique Etxepare ama, Ñarro baserrikoa, hain zuzen. Horra nondik datorkeen Ñarroren deitura Etxepare zelako solasa. 1840an ezkondu zen, bera baino hamabost urte gazteagoko Marie Bortairirekin. Bi urte geroago alargundu zen, urte bateko alaba zutela. Ñarro, baserri hartako laborari izan zen, zahartzarora arte.
Otxalde eta Ñarro hil eta zenbait urtera, Jan Piarre Iratxet Otto Piarre (Bidarrai, 1921-1991) bertso-idazlea agertu zen. Apezgoa hautatu zuen. Bidarrairi eskainitako hainbat bertso sorta idatzi zituen. Horietatik bat, Baigorriko Mixelengo zubiari erreferentzia eginez, Bidarraiko zubi berriari eskainia, Mixelengo zubia, hura ere.
Mixelengo zubia, zubi famatua
hori dugu ardura lehen kantatua.
Joanden astean zauku jin artikulua
Bidarraikoa dela orai aipatua
josteta an dela han ere debrua.
Bertso sorta hartan deskribatu zuen Bidarrai ez zen batere Dibarrart, Oxobi edo Otxalderena:
Behi-orgen ondotik jin ziren autoak
batzu bertzeak baino zabalagokoak
zubi hertsian ziren oinezko gaizoak
noizbait hortako ziren izan ur-jokoak
Manez eta Ximunen, bien artekoak.
Bertso-ibilbide hau ezin buka, Bidarraiko bertsolari gazteenaz bi hitz egin gabe. Mizel Mateo (Bidarrai, 1989) haur denboran hasi zen bertsotan, eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen. Azken urteetan franko isilik dago.
Bidarrain bukatzen da ibilbidea, baina aitzina segitu nahi duenak, Baionarainoko bidea dauka, Otto Piarreren bertso sorta honek argiki azaltzen duen bezala:
1
Abraham, Izai, Jeremi eta ere Matusalen
profetak ibiliak dira bazterretan ikusten;
eta nik ez dut sineste beharrik zutela aitortzen
Hartzamendirik ez zela Judean ez Jerusalemen.
2
Iparlaren sabeletarik sortua ur xirripita,
Latxarri badoa ur haundiz Luhoso-Kanbon barna,
Uztaritze ta ororen buruan, ikusiz Baiona,
zer da itsasorattean uhainer kantatzen duena?
3
Buruil’ondarrean urtxoak heldu dira Frantziatik,
urria hastean lertsunak, Pariseko aldetik,
bainan Bidarrai ikusi orduko Baigura gainetik
batzu kurrukuz bertzeak karrankaz ez dauzke ixilik.
4
Baztango erreka maiatzak primaderan du gaztetzen,
neguko elurrak galdurik baita berriz arintzen;
Erratzu eta Arizkun utzirik, norat du hautatzen?
Amarrain gaztek jauzteka lorios dute erakusten.
5
Urrian iratze-lekuek urre zaharra iduri
arrabots frango ttunttunlari, hegoa xixtulari,
osto ximelak haize firrintetan zonbat xingolari!
Gazten’ondoak, haitz eta pagoak oro jantzan ari.
6
Bidarraitik joanak direnek Bidarrain egon denari:
«Balaki lapinak ardura erbia nun den bizi.
Gure sor-leku ederra atxikak eder eta garbi,
Kanta dezagun nungotarrak giren burua goraki».