Nire bertsozaletasunaz

Ibon Muñoa-(r)en argazkia Ibon Muñoa 2020-09-07
Ilustrazioak: Joseba Arregi Erostarbe

Ibon Muñoa – 

Sarrera

Euskal preso politikook eguneroko zereginak zuek ondratzeko egiten ditugu. Kalean aktiboak izan nahi dugu, gatazka demokratizatzeko eta 2011. urtean hasi zen prozesua bermatzeko. Ni bertso sorta eta olerkiekin horixe egiten saiatzen naiz. Datorren urtean, Eibarren, hori egin nahi nuke. Agian idazten, baina hori askatasunaren esku lagako dut.

Nire bertsozaletasuna poliki zertu zen.

Haurtzaroa 1958-1972

Gure etxean, gurasoak euskaltzaleak zirelako, gure ama hizkuntza euskara izan zen. Euskal kultura eurek erositako entziklopedia eta euskal abeslarien diskoei esker dastatu genuen. Halaber, Arrate eta Loyola irratiek, eta urtero maiatzean (gaur legez) antolatzen zen Euskal Jaiak ere izan zuten garrantzia.

Eibarren, ikastetxean eta kalean, lagunekin gaztelaniaz mintzatzen nintzen. Nik uste nuen gure familian bakarrik mintzatzen ginela euskaraz.

Bertsolaritza ez nuen etxean ezagutu. Bertsolariak Arrateko Egunean, Urkizun sanpedroetan edo Euskal Jaian entzungo nituela uste dut, baina ez nituenez arauak ezagutzen, eta ez nekienez zein zen kulturaren arlo horren arima ere, ez nituen nire gogoan aterpetzen.

Hamalau urterekin konturatu nintzen euskara mordoilotzen hasi nintzela. Hori dela eta, telebistaren aurrean jartzen nintzenean, gaztelaniazko hitzak eta esaldiak euskaratzen hasi nintzen.

Euskararekiko neukan kezka kalean lagunekin konpartitu nuenean, euretariko batzuk euskaraz mintzatzeko gai zirela ohartu nintzen.

Ordutik aurrera eurekin euskaraz mintzatzen hasi nintzen, eta, kalean, jakin zezakeen edonorekin.

Fraideen ikastetxean ez zeukaten euskal kulturak eta euskarak lekurik. Han ikasten nuen kultura bakarra espainola zen, frankistena. Niretzat Burgosko prozesua arte, Franco jainkoaren hurrena zen. Maitasun hori ez nuen etxekoekin konpartitzen. Bi mundu ezberdinetan bizi nintzen. Korazonistetan salbuespen bakarra latineko Don Pedro irakaslea izan zen. Eskolako ordutegitik kanpo erakusten zigun nahi genuenoi. Hala ere, bertsolaritzaren mundutik at bizi nintzen.

Nerabezaroa 1973-1976

Korazonistak joan egin ziren Eibartik eta La Sallen hasi nintzen ikasten. Franco oraindik bizi zenez, euskara hutsaren hurrengoa zen han ere. Kalean, berriz, euskal kultura eta euskara indartzen hasi ziren Euskal Jaia, Kirol Elkartea, ikastola, gau-eskola, eta Arrate Kultur Elkarteari esker. Bestalde, Eibarren, abade gazte aurrerakoien eskutik, lagun batzuk gure historia eta euskara batua ikasten hasi ginen. Euretariko batek (Jesus Mari Arrieta) Eneko Aritza liburua (berak idatzitakoa) ekartzen zigun, euskaraz irakurtzen ikas genezan.

Ikasle txarra nintzenez, La Salletik Institutura joan nintzen. Han, larunbatetan, Hasier Etxeberria zenarekin, Euskal Herriko historia ikasten genuen, eta kontzientzia nazionala eta soziala piztu zitzaidan.

Igandeetan, Loyola irratian Xirula Mirula Imanol Urbietaren saioa entzuten nuen. Itoizen lehendabiziko diskoaren Lau teilatu kantarekin liluratu nintzen. Hori izaten zen asteko unerik onena.

1976an, Loyola irratiak 24 ordu euskaraz egin zuen eta Anoetako belodromoan inoiz ahaztuko ez dudan jaialdia antolatu. Irratsaioa Oskarbi taldeak musikatu zuen eta Gandiagaren olerki batekin hasi zen: Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote.

Urte haietan, maiatzean, Euskal Jaiaren bezperan, Astelena frontoia betetzen genuen euskal abeslariak entzuteko (Benito, Laboa, Lete…).

Nerabezaroan egin nuen bat bertsolaritzarekin. Arrate Kultur Elkartean izan zen Xabier Lete, Julen Lekuona eta Antton Valverde entzun nituenean gitarraren laguntzarekin Txirrita, Xenpelar, Udarregi eta enparauen bertso zaharrak kantatzen. Geroztik, gaurdaino, nire bihotzean dago bertsolaritza.

1976ko irailean lanean hasi nintzen familiaren dendan.

Gaztaroa 1977-1990

1978ko maiatzean, Amnistiaren Aldeko Batzordeetan militatzen hasi nintzen, eta, irailean, gau-eskolan euskara ikasten. Irakaslea Trunboi bertsozalea zen (bertso paperak idazten iaioa da). Gau eskolan baino gehiago Untzagan errepresioa salatzen aritzen nintzenez, laga egin nuen gau eskola.

Nahiz politikan buru-belarri sartu, 1983an Xabier Amurizaren ikastarora joan nintzen, bertsolaritza hobeto ezagutzeko. Ikastaroan umeak, gazteak eta helduak (Eibar, Soraluze, Markina…) batu ginen hilabete batzuetan, astean behin. Umeek ikastaroa askari batekin bukatu zuten. Helduok, berriz, afari batekin Soraluzeko San Andres auzoan. Afalostean, Xabierrek bakoitzari bertso bat idazteko eskatu zigun. Ni ez nintzenez osatzeko gai izan, zeharo lotsatu nintzen. Bertsolari izateko ez nuela balio ikusita, bertsozale bihurtu nintzen.

Eibarren Amnistiaren Batzordeek antolatutako ekitaldietan ia beti bertsolariak ekartzen genituen. Adibidez, Valentin Gesalaga zenaren omenaldia Elgetako bidearen parkean egin genuenean, Unai Iturriaga eta Igor Elortza ekarri genituen. 12 edo 13 urte zituzten orduan.

Gaztaroan, Eibarren sanandresen astean egiten den saiora joaten nintzen, eta, batzuetan, Eukal Jaiaren astean antolatzen zen bertso afarira. Belodromoko finaletan hiru aldiz egon nintzen. Telebistan, berriz, Hitzetikhortzera saioa ikusten nuen.

Bertsolari aldizkaria sortu zenutenean, harpidetu egin nintzen. Bestalde, Peñagarikanori bertsolarien biografiak erosi nizkion. Auspoa saileko bertsolari batzuen biografiak irakurri nituen; adibidez, Manuel Lasarterena. Xalbadorren Odolaren mintzoa bi aldiz irakurri nuen.

Helduaroa 1991-2000

Nire bizitzak aldaketa esanguratsua izan zuen 1991ko maiatzean. Zinegotzi izendatu ninduten. Besteak beste, Kultura eta Irakaskuntza batzordeetan parte hartu nuen. Amaña eta San Andres ikastetxe publikoetan proposatu nuen euren curriculumean euskal kultura sar zezatela. Onartu egin zuten.

Azken bertsolariak kalean 2000. urteko irailean entzun nituen. Kartzelan 18 urte eman zituen Fidel Gonzalezen omenaldian izan zen.

Kartzelaldia 2000-2019

2020ko urriaren 11n itzuliko naiz Eibarrera. Ia kartzelaldi guztian Euskal Herritik kanpo egon naizenez, bertsoen mundua batik bat Gara eta Berriarekin jarraitu dut. Hori dela eta, bertsolari gazteen ahotsak ezezagunak dira niretzat. Bestalde, ez ditut ezagutzen doinu eta bertso mota berriak. Egunkarietan finaleko bertsoak irakurri izan ditut, baina ez da gauza bera izaten. BECen entzunda zoragarria izango da.

Komisariako egun eta gau latzak sufritu eta gero, urriaren 21ean Valdemoron espetxeratu ninduten. Lehendabiziko hilabeteak oso ilunak izan ziren niretzat, batik bat ziegako orduetan. Zorionez, kideei esker, espetxearen bizimoduan sartzen hasi nintzen.

Kirola egiteaz gain, unibertsitatean ikasi ahal izateko azterketa prestatzen hasi nintzen, eta horrekin batera EGA.

2001eko ekainean unibertsitateko azterketa aprobatu nuen. EGA, ez.

Terapia ona, hasiera hartan, izan zen sentimenduak gidatuta gutunak eta olerkiak idaztea. Valdemoron ia 30 olerki idatzi nituen, eta 2001eko abenduan Kordobara eraman nindutenean, bospasei.

EHUn Kazetaritza euskaraz ikasteko asmoz matrikulatu nintzen. Hori dela eta, Kordoban liburuak jaso bezain azkar, sentimenduen txokotik atera nintzen.

Ikasten 2003. urtea arte aritu nintzen, Aznarren gobernuko Acebes ministroak EHUtik kanporatu gintuelako, esanez eurek UNED hobesten zutela (Acebes Barne ministroak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Garzonekin).

UNEDen ez dutenez kazetaritza irakasten, Historia ikasteko matrikulatu nintzen, baina, Kordoban egonik, nahitaez gazteleraz. Puerto I espetxean, euskara batua hobeto ikasteko, bertan behera laga nituen Historiako ikasketak. Erabakia 2004ko irailean hartu nuela uste dut.

Etxerati eta Jose Ramon Etxebarria eta Zesar Martinez irakasleei esker, bi idazki egin nituen, Euskara zientziaren munduan, eta Nafarroan zergatik gertatu den euskararen galera, eta zergatik, adibidez, Huitzik goiari eutsi dion!

Puerto Iean ikastaro batzuk gaztelaniaz egin nituen (ofimatika, dietetika, kriminologia), baina halako batean, 2007ko azaroan hain zuzen, Irene adiskideak eskulan batzuk bidal nitzala eskatu zidan, Eibarren bi urtean behin gure eskulanekin Arrate Kultur Elkartean egiten den erakusketarako. Ni ez naizenez horretarako iaioa, ezetz esan nion. Orduan berak gutxienez bi olerki bidaltzeko eskatu zidan. Horri esker, berriro olerkiak idazten hasi nintzen.

Hasieran, olerki bat idazten nuen, bi astean behin. Gerora, astero bat. Ziegan Herria 3000 hiztegia daukadanez, erdiko orrietan dauden bertsoen adibideetara jo nuen. Zer egin pentsatzen hasi nintzen, baina errimak kontuan hartu barik. Niretzat, orduan, olerkiak idazteko beste era bat zen. 2008an edo 2009an izango zen. Soraluzeko auzoan sentitu nuen lotsaren eragina izango zen.

Poliki-poliki, errimak kontuan hartzen hasi nintzen. Uste dut hori neurri bereziko bertsoekin hasitakoan gertatu zela (Ikusten duzu goizean, Elisanburu; Iparragirre abila dela, Xenpelar…). Ordurako, bertso sorta bat idazten nuen astero.

Garai hartan Ataramiñek bazeramatzan zazpi urte gure kideen lanak argitaratzen eta Ireneren esku laga nuen Mitxel Sarasketari sorkuntza lan batzuk bidaltzeko ardura. Horri esker Ataramiñeko lagunak 2009ko eta 2010eko nire lanak urteroko liburuan inprimatzen hasi ziren, gainerako kideenekin batera.

Nire metodologia orduan zen sorkuntza lan bat zirriborratutakoan karpeta batean gordetzea. Halako batean, bat aukeratzen nuen eta, astelehenetik igandera, egunero aritzen nintzen hura aztertzen eta hobetzen. Igandean bukatu bezain azkar lehendabiziko koadernoan idazten nuen. Bigarrena Ataramiñeri bidaltzen diodana izaten da.

Bi koaderno osatu nituenean, Ataramiñekoek esan zidaten nire sorkuntza lanekin liburu bat argitaratzeko asmoa zeukatela. Hori dela eta, hasierako olerkiak gainbegiratu eta moldatu nituen.

2011ko azaroan Ametsen txokoan bizi naiz argitaratu zidan. Hitzaurrea Jon Etxabek idatzi zuen.

Sorkuntza lanak Valdemoron, Kordoban, Puerto Iean eta berriro Kordoban (2014ko martxoaren 21etik) idatzi ditut. Gehienak Kordobako isolamenduaren 20, 18 eta 7. ziegetan, leihoko burdin sarearen eta bost metrora daukadan hormaren ostean gordeta.

Kideei, lehen bezala orain, olerkiak eta bertso sortak irakurtzen eta kantatzen dizkiet astelehenero. Bestalde sorkuntza lanak, aldiro, neska-lagunaren bi nebei eta Ireneri bidaltzen dizkiet, eta gutunak igortzen dizkidatenei bi sorkuntza lanekin erantzuten diet.

  • 2014an, Ainarak herrira itzuliko dira argitaratu zidan Ataramiñek. Hitzaurrea Jesus Mari Gisasola Trunboikidatzi zuen.
  • 2016an, Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin; hitzaurrea, Mikel Arrillagarena.
  • 2017an, Udaberrian biziko gara; hitzaurrea, Amaia Ereñagarena.
  • 2018an, Hamaika desio utopiarako; hitzaurrea, Leire Narbaizarena.
  • 2019an, Gure memoria, gure historia; hitzaurrea, Jokin Urainena.

Aurten Jon Etxabek aurkibidea gaika osatu du. Bestalde, Mikel Zarrabek liburu guztien azalak apaindu ditu eta Edurne San Martinek sorkuntza lan guztiak pikatu. Irenek eta gainerako kideek aurkezpenak antolatu dituzte eta liburuak zabaldu. Liburuak auzolanaren fruitu izan dira.

Dagoeneko 900 sorkuntza lan idatzi ditut. Bai olerkiekin eta bai bertso sortekin, osatzeko era ezberdinak izan ditut. Olerkietan era librean hasi nintzen, eta gero lerroen silabak zaintzen eta errimatzen. Ondoren, errimatu barik. Orain, berriro era librean idazten ditut. Hala ere, gaur egun olerkiak luzeagoak dira.

Bertso sortak hasieran puntua kontuan hartu barik idazten nituen, baina gehienak puntua kontuan hartuta idatzi ditut. Nire akatsak errimak behartzea eta sintaxia zanpatzea dira. Gaur egun, gehien idazten ditudan bertso sortak zortziko txikiak eta zaharrak dira.

Kide asko, kartzelaldiari aurre egiteko UNEDen matrikulatzen dira. Beste batzuek bi urteko moduluak ikasten dituzte Etxeraten bitartez, edo hizkuntzak euren kontura. Nik aurten EGA aprobatu dut. Kartzelan ezin zara sabaiari begira egon, edo etengabe telebistari. Ederra da egunero sentitzea burua jantzi eta gorputza landu duzula.

Nik ia dena sorkuntzari eskaini diot. Nire ekarpena izan da. Ez dut uste olerkaria naizenik, baina sorkuntzan egunak gustura pasatzen ditudanez, jarduna ahalik eta txukunen burutzen saiatzen naiz, nire iritzia emanez kartzela, gatazka, euskara, bortizkeria, kultura, politika edo maitasunari buruz. Euskal Herria eta mundua sarri daude nire ituan.

Sorkuntza lanekin antzinako mamuak uxatzen ditut. Terapia ona da zeure gogoari esateko ez dituzula betiko akatsak berriro egin nahi. Sorkuntza lanekin pertsona hobea izan nahi dut, nortasuna ongarritu eta nire ohitura txarrak aldatu… Sorkuntza lanekin nire iragana oroitzen dut, egun haietaz hausnartuta, geroa prestatzeko eta orainean estresa gutxitzeko, pertsona zoriontsua izateko neska-lagunarekin eta hurko guztiekin, Euskal Herri librean.

Eskerrik asko tarte hau eskaintzeagatik aldizkarian. Kordobako kartzelan isolamenduko lehen galeriaren 7. ziegatik, maitasunez agurtzen zaituztet.

Ibon Muñoa  Ibon Muñoa  Ibon Muñoa  Ibon Muñoa  Ibon Muñoa  Ibon Muñoa Ibon Muñoa