Elkarrizketa - Maddalen Arzallus

Maddalen Arzallus –

Baleike Zumaiako komunikabideak Maddalen Arzallus bertsolariari egindako elkarrizketa da honakoa.


Maddalen Arzallus: “Bertsolaritza ez da lau urtean behin gertatzen den zerbait”

 

Euskal olinpiadak balira lez, Bertsolari Txapelketa Nagusia azken hilabeteetako agenda guztien protagonista bilakatu da. Maddalen Arzallusekin izan gara, bizitakoaz eta aurtengo edizioa ematen ari den uneez hitz egiteko.

(Elkarrizketa hau abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen. Orain webgunera ekarri dugu)

Maddalen Arzallus

 

Gauza bat uzten denean edo zerbaiti amaiera ematen zaionean –harremanak, lana, zaletasunak– arnasa hartzeko hartutako parentesia dela pentsa daiteke. Kasuan kasu, etenak proiektu berriei gogotsuago heltzeko ere balio dezake. Baina iragana berriz itzultzen da eta une batzuk mugarri bilakatzen dira atzean utzitakoari berriz ekiteko. Barru-barruan har bat sentitu zuen Maddalen Arzallus Antiak (Hendaia, 1993) orain dela lau urteko Bertsolari Txapelketa Nagusia ikustean. “Txapelketak barruko harra berpiztu zidan eta bertsolaritzara itzultzeko beharra sentitu nuen”. Helburuak beteta, “oso gustura” amaitu du aurtengo jarduna. Unerik gogoangarrienetariko bat ere utzi du: Carles Puigdemont Doraemonez mozorrotu zuen Irungo agurreko bertsoan.

“Pronpronpron, gora eta gora beti”… Carles Puigdemont? Baina non da Doraemon? Bietako bat izanda ere, a zer nolako oihartzuna izan duen zure Irungo azken bertsoak. 

Egia esan, ez nau gehiegi harritu: horrelako bertso berezi bat kantatzen duzunean badakizu zabaldu daitekeela. Espero ez nuena da Antena 3en azaltzea, baina, zorionez, bitxikeria gisa geratu da eta ez diote bigarren bueltarik eman. Rajoyk ikusi bazuen grazia egingo ziolakoan nago. Istorio honetaz poz handiena ematen didana da ume txikiek eskolan kantatzen dutela ikustea; pozten nau beraiei ere Txapelketa iritsi zaiela ikusteak.

Baina nola bururatu zitzaizun Kataluniaz Doraemonen doinuarekin aritzea? 

Aurretik pentsatu nuen agurra. Bezperan, aitaren urtetako afaria zela eta, iloba txikiarekin jolasean nenbilela, Doraemon abesten hasi zen “pronpronpron gora eta gora beti”. Bat-batean, ez dakit nola, Carles Puigdemont irten zen, errima egiten dutelako ziurrenik. Ilobak esaten zidan ez zela horrela, Doraemon zela eta nik ezetz, Puigdemont zela. Konbentzitzea ere lortu nuen! Gero buelta batzuk eman nizkion: “Katalunian egun on, Belgikan gabon”. Aldaketak egin nituen eta Ametsi erakutsi nion. Irunen abesteko esan zidan, zuzenean. Nik ezetz, ez nintzela ausartzen. Eta hark baietz, nik banuela hori abesteko askatasuna. Saioa aurrera zihoan heinean, ohartu nintzen besterik ez nuela buruan eta ezin nuela beste agur batean pentsatu. Horren ondoren gertatu zena badakizue.

Bertso umoretsua da. Gustura jarduten duzu umoretik abesten?

Bai, umorea nigan zentratu dela esango nuke. Txikitatik izan da horrela. Norberak bere estiloa izaten du eta ondoren esperientziak markatu egiten dio. Esaterako, saio batera joaten bazara, gaiak pertsonalizatuagoak izaten dira. Txapelketan ez, baina saioetan bai. Zugan pentsatuz jartzen dituzte gaiak. Batzuei beti bakarka kantatzea tokatzen zaie, beste batzuei inoiz ez, beste batzuei seriotik gehiago, umorea beste batzuei.

Txapelketa amaitzen denean, jendeak gogoan izango du Doraemonen bertsoa, baina, orokorrean, nola sentitu zara berriz zeure burua hor barruan ikustean?

Oso gustura aritu naiz Txapelketan. Hasiera-hasieratik, zozketa egin genuenetik, Tolosan kantatzeko gogoa nuen. Zerbaitek esaten zidan han kantatuko nuela. Zozketa iritsi zenean, ez nintzen harritu. Oso gustura hartu nuen albistea. Orduan, hasi aurretik, ordurako, oso gustura nengoen. Eta zer esan Tolosaz… publikoa bero-bero zegoen! Parez pare izugarrizko jendetza ikusten zen. Gozatu egin nuen. Bertsorik txarrena kantatuta ere Bruce Springsteen zinela ematen zuen. Aurrera pasatzea ginda izan zen. Irunera ere gustura iritsi nintzen. Aukera polita zen, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegirekin batera oholtza gainean egoteko. Tolosan ere maila handia zegoen, baina Irunen erantzukizuna beste batzuk zutela sentitzen nuen. Saio hartan denetik izan nuen: ofiziotan ez nintzen hain gustura gelditu, lotuta sentitu nintzen. Bakarkakoan, ordea, hobeto jardun nuela uste dut. Orokorrean, oso gustura nago egindako lanarekin.

Zer moduz doa aurtengo edizioa? 

Kanpotik ikusita, Txapelketa betikoa da: jende andana mugitzen du, euskarari arnasa ematen dio eta esango nuke euskaltzale askoren hauspoa dela. Astebururo han eta hemen daudenak ere izugarrizko meritua dute; gaur Bastidan, bihar Maulen. Horretan ez du hutsik egin. Saio aldetik, denetik egon da: lan oso politak izan dira, baina uste dut oraindik ez dela lortu saio biribilik. Ez dakit non egongo den akatsa, baldin badago, baina iruditzen zait hori falta dela; saio batean publikoa guztiz betetzea. Bi saioetatik bat aukeratu beharko banu, Tolosarekin geratuko nintzateke.

Hilabete hauetan bertsolaritzaz asko hitz egiten da. Aditu asko ateratzen da bat-batean. Zer pentsatzen duzu “jakintsu” horietaz? 

Kanpotik horrela ikusten da ,baina mundu honetan gabiltzanontzat bertsolaritza ez da lau urtean behin gertatzen den zerbait. Hala ere, egia da lau urtean behin boom handi bat gertatzen dela, olinpiadekin bezala edo futboleko mundialarekin bezala. Kritikei dagokienez, aberasgarria iruditzen zait aldizkari edo egunkarietan bertsolaritzaz asko dakien jendea egotea. Baina bestelakoek ere egon behar dutela uste dut. Guztiak dira ongi etorriak. Hori bai, bertsolaritzari buruzko kritika baldin badago oinarrian.

Aurtengo txapelketan, bertsolaritza egiteko modu berria edo bigarren irakurketa behar duten bertsoak ari gara entzuten. Andoni Egañak aurrekoan esan zuen denak lurra lokazten ari direla eta ea nor erortzen den aurrera. Bertsolaritza aldatzen ari da? Txapelketa hau berezia ari da izaten gai eta lanketa aldetik?

Txapelketa barruan gaudenean, normalean ez ditugu kritikak irakurtzen, baina argi dago bertsolaritza aldatzen doala. Bertsolaritza aldatzen doa gizartea aldatzen ari delako. Gainera, bertsolaritzaren gauza on bat da bat-batekoa dela eta orduan gizartean dagoen aldaketa bat berehala azaleratzen dela. Agian antzerkian, artean edo musikan lanketa bat behar da. Azkenaldian transgenerotasunaren gaia modan dago; orduan, ez da harritzekoa bertsotan ateratzea, ikusita, gainera, zeinek heldu zion gaiari (Maialen Lujanbiok). Dena ez da berdin iristen pertsona guztietara. Horrelako gai bat “zaharragoei” edo “kontserbadoreagoei” ez zaie berdin iritsiko, baina horretaz pentsatzen ezin dugu kantatu; bakoitzak uste duena kantatu behar du. Ez bada gustatzen, ez da gustatzen, baina beraiek izango dira atzean geratzen direnak. Joango dira ohitzen, pixkanaka. 

Emakumeen presentzia nabarmena ari da izaten: bai kopuruaren aldetik, baita kalitatearen aldetik ere. Hainbat saiotako irabazleak nortzuk izan diren begiratzea nahikoa da emakumeak oholtza gainean indartsu ari zaretela antzemateko. Iraultza txiki bat da? 

Ez dut uste emakumeok iraultzarik egiten ari garenik. Ez gara inori lekua kentzen ari. Bertsolaritzan, urteetan atzera eginez gero, argi ikusten da emakumeek ez zutela beraien lekua; ez, behintzat, espazio publikoan. Oso pribatua zen beraien eremua. Etxeetan egiten zutela? Hor dudarik ez dago. Pixkanaka hartu dute lekua bertsotan; lehen pribatu zena orain publikoa egin da. Horrek bere denbora behar izan du, bere lana eta bere “iraultza txikia” edo, behintzat, kontra egitea, baina nik uste azkeneko urte hauetan nahiko natural dagoela gaia. Bertso eskoletan begiratuz gero, nesken eta mutilen kopuruak berdinduta daudela esango nuke. Gero eta neska gehiagok jarraitzen dute aurrera eta azkenean hori azaleratu den eguna iritsi da. Aurtengo edizioan emakume asko egon dira; hori baino gehiago: aurrera egin genuen kopuruak berdinak ziren, hau da, bederatzi eta bederatzi. Orduan, ez dut uste kasualitatea denik, normaltasun bat azaleratzearen ispilu bat baino ez dela baizik.

Atzetik datozen ume eta gazteentzat eredugarria da emakume bertsolariak hor egotea.

Bai, dudarik gabe. Gure erreferentziak oro urriak ziren: Maialen Lujanbio, Estitxu Arozena… Egun, gehiago gara eta estiloak ere anitzagoak dira. Orain pertsonalagoak gara, gustuko dugun bertsolaria ez dugu hainbeste generoagatik aukeratzen. Eredugarria da, baina ez nuke hainbeste neskengan zentratuko, baizik gehiago neska-mutilengan, orokorrean. Eredugarria baita ikustea bertsotan berdintasuna azaleratzen ari dela, futbolean gertatzen ez den bezala.

Nola prestatzen da txapelketa nagusi bat?

Bakoitzak bere moduak ditu, baina formula zehatzik ez da asmatu oraindik: Einsteinik ez da agertu formula batekin. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantatu behar duzula jakiten duzuenean pixkanaka kontzientzia hartzen hasten zara. Maiatzean izena ematen da eta batzuk hor hasten dira entrenatzen. Beste batzuentzat goizegi izan daiteke. Ni neu lehengo urteko apirilean hasi nintzen. Batez ere, bertso eskoletan elkartzen: ofizioak jartzen, puntu erantzunak, bakarkakoak… Etxean ere asko landu dut. Baina bi prestakuntza maila daude eta biak oso garrantzitsuak dira: gaitasun maila eta norbere buruaren prestakuntza.

Bertso saio batean egon daitekeen jendetza kontuan hartuta, harrigarria da bertsolariek mantentzen duzuen tenplea. Nola egiten duzue hainbeste kontzentratzeko?

Bertsolari bat kantatzen ari denean edo oholtza gainean dagoenean, kanpoko mundua ia-ia desagertu egiten da. Zure barrura sartzen zara eta ez duzu beste ezer entzuten. Oso zarata handia izan behar du zure mundutik ateratzeko. Jendeak entzuten dituen zaratak normalean ez ditugu antzematen. Gogoan dut Tolosan nire baitatik atera izana. San Frantzisko elizako kanpaiak jotzen hasi ziren eta entzun egin nituen. Jendeak dio 40 segundoko hotsa izan zela; niretzat bi segundo izan ziren. Ez dakit nola egiten dugun kontzentratzeko, baina sinesgarria ez den arren, oso zaila da bertsolari bat bere mundutik ateratzea. Honekin ez dut nahi esan publikoak edozer egin dezakeenik, baina nolabait mundutik desagertu egiten gara.

 

Aurreko Txapelketan ez zenuen parte hartu. Bertsolaritzatik aldenduta, beste zaletasun batzuei heldu zeniela aipatu izan duzu. Hausnarketa prozesu bat baino arnasa hartzeko tartea izan da?

2009ko txapelketan kantatu nuen azkeneko aldiz. Ordura arte, txikitatik, eskola arteko txapelketetan ibili nintzen. 2009ko Txapelketan oso sentsazio txarra izan nuen; oso-oso gaizki bukatu nuen. Horrek eragin zuen baita pentsaraztea ea hori nahi nuen edo zer zen benetan nik nahi nuena. Bestalde, nekatuta ere banengoen: unibertsitatean nenbilen, itzulpengintza ikasi dut eta kanpora nahi nuen joan. Argi dago bertsoak ez dizula aukera hori ematen. Arrazoi askok eragin zuten. Hausnartzeko baino gehiago, arnasa hartzeko balio izan zidan. Bertsoak ahaztuta izan nituen. Berriz bertsotan hasi nintzenean, erabat ahaztuta nituela pentsatu nuen.

Aurreko txapelketan ordurako har moduko bat hasi nintzen sentitzen: sarri, oholtzan baino ideia gehiago izaten dira oholtzatik kanpo. Etengabe burua martxan nuen eta txapelketan zergatik ez nengoen galdetzen nion neure buruari. Hortik aurrera berriro hasi nintzen. Ez naiz damutzen utzi izanaz, ezta berriz hasi izanaz ere.

Bakarkakoak begiz jota izan dituzula esan izan duzu beste elkarrizketa batzuetan. Helburu moduan jarri duzu kartzelako proba txapelketa honetan. Bete dituzu helburuak?

Esan liteke gutxi gorabehera baietz. Bakarkakoari betidanik izan diot beldurra. Oso gauza pertsonala iruditzen zait eta bertso eskolan, esaterako, ez nuen lortzen bakarkako bat kantatzea. Gainera, derrigorrezkoa ez zenez, ez nuen beharrik sentitzen bakarkakoetan aritzeko. Ofiziotan zuretik ari zara kantatzen, baina aldi berean pertsonalagoa zara. Bakarkakoan gai irekiagoa jartzen dizute eta pertsonagoa zara. Onartzen dut oso polita dela, politena, baina niri kosta egin zait irekitzea. Lasai nahi nuen iritsi proba horretara. Prestatzeko orduan, bertso eskolan ez dut bakarkakorik kantatu, baina barrutik denbora asko pasa dut bertsoak lantzen. Tolosara bakarkakorik kantatu gabe iritsi nintzen. Mentalizatuta nengoen, baina ez nintzen erabat gustura gelditu; oso konforme bai, baina gustura ez. Irunen, aldiz, oso gustura gelditu nintzen nahiz eta Maialenen bakarkakoak denok itzalpean utzi gintuen.

Nora begiratzen duzu kantatzen duzunean?  

Nik uste aurrera, gora. Baina saio amaieran galdetuz gero, ez dut jakiten nora begira egon naizen. Irunen, esaterako, jende asko zegoen, baina gehienak bazterretako harmailetan. Parez pare pareta handi bat eta erloju bat genituen. Hasieran, igo nintzenean,berehala esan nuen, “A zer pareta!” eta “Hori erlojua!”. Saio amaieran ohartu nintzen ez nintzela ez paretaz ez erlojuaz akordatu ere egin.

Oholtza gainean egoteak zirraragarria izan behar du. Zein da gehien gustatzen zaizun unea?

Oholtzara igo aurreko momentuak nabarmenduko nituzke: jendeari begiratzen diot eta hori izaten da jendea ikusten dudan momentu bakarra. Hor sentitzen da nola dagoen jendea, nola dagoen plaza. Hasieran gure izenak esaten dituztenean ere bai. Jendearekin konektatu ahal dudan uneak dira berezienak, hasiera eta bukaera. Baita bertsolariak azken bertso puntuagarria amaitzen duenean ere: une horretatik aurrera lasaitu egiten zara eta jarrera aldatzen duzu

Finalari begira, zein izango dira zortzi bertsolariak [elkarrizketa azaroaren 11n egin zen]?

Amets seguru, Maialen ere bai. Sarriegi, Sustrai eta Igor ere ondo kokatuta daude. Beñat eta Agin ere borrokan izango dira. Aitor Mendiluze ere ezin da ahaztu.

Nor izan da aurtengo ustekabea?

Ezusteko ona Iñaki Apalategik eman dit. Leitzan oso ondo aritu zen. Nerea Ibarzabalek ere maila oso ona eman du; gainera, gazteena izanda, badu bere meritua. Zumaian oso saio ederra egin zuen.

Maialen Lujanbion bertsoaz gain, beste bertso azpimarragarri bat?

Nerea Ibarzabalek Zumaian egin zuena, goxoki dendakoa. Berezia izan zen, originala eta antzerki puntu bat ere izan zuen. Oso ideia ona izan zuen.

Nork irabaziko du? 

Nahi-nahi, anaiak irabaztea nahi dut [Ametsek]. Maialen ere hortxe egongo da, baina zaila izango da. Hala ere, ederra izango litzateke beste norbaitek ezustekoa ematea.

 

Maddalen Arzallusentzat bertsolaritza zer den

Bertsolaritzak hitz asko ditu, baina tresna bat izan daiteke. Denok eduki beharko genuke norbere burua askatzeko modu bat, izan pintura, izan garraxi egitea edo izan bertsotan aritzea. Niretzat bertsoa neure burua askatzeko tresna bat izan da. Konturatu naiz nire momentu on eta txarrenetan bertsora jo dudala eta horrela kanalizatu izan ditudala nire sentimenduak. Tresna beharrezkoa da, baita ere, gure kultura aurrera ateratzeko, gure hizkuntzarekin jolas daitekeela ikusteko eta jendeak euskara berea egin dezan sentitzeko: bertsolaritza euskara ez bada, ez da ezer.

Maddalen Arzallus