[Ziegatik bertsotan V] Abel Enbeita

Abel Enbeita –

Seigarren galeria

 

Abel Enbeita

 

1

Abendua hasi ta

urtarrila gero

zulo hontan sartuta

gaude egunero

Otsailak ere agur

zer al dator gero?

Juez hauen asmoak

somatu ezkero

ezer berririk asko

nolatan espero.

 

 

3

Seigarren zenbakia

gure “galeria”

hirugarren pisuan

“ziega” ileria

ehun lagun hirunaka

dena gazteria

bakoitza zenbaki bat

hau da miseria…!

Abereak al gara?

Dirudi feria.

5

Goizetan itxartuta

begiak leihora

gero haizea hartzen denok patiora.

Goguak ihes dagi

geure ilusiora

bizitzak beti behar

luken baliora

baina horma hauekin

nor joan inora.

2

Tartean izan dira

hamaika egun latz

azaltzea zaila da

bertsoetan zehatz

gorputz findu hauetan

makina bat akats

askatasunarekin

ez gaude aberats

etorkizuna berriz

burni tartean baltz.

 

4

Ehun lagun batera ta

ehun ta bat jenio

batzuetan aingeru

gero demonio

lagunik jatorrena

edo arerio

besteen arrazoiak

gutxitan balio

anarkismoak bere

hazia dario.

6

Egoera honetan

ehun euskaldun gazte

denok anaiak eta

zenbat buru hauste

Ordu batzuek alai

beste asko triste…

Jasan behar dugunik

beste horrenbeste…!

askatasuna ginan

ta preso gaituzte.

 

 

1981-03-13 Carabanchel

Abel Enbeita